Blog Tabakalera

Tabakalerak eduki digitalen hedapena mantendu eta indartuko du zentroaren berrirekierarekin

2020-05-29 10:19

Tabakalerak eduki digitalen hedapena mantendu eta indartuko du zentroaren berrirekierarekin

tbkonlineeu_0.jpg

Bizi izan dugun egoera berezi eta konplexuak Tabakalera itxi eta etxetik lan egitera eraman gintuen arren, kultur eskaintza ez zen eten. Egoera zail honetan, Tabakaleraren izaera publikoa eta kulturaren garrantzia aldarrikatu nahi izan ditugu are eta sendotasun handiagoarekin eta, guztiok etxean egonagatik ere, ahalik eta kultur eskaintza aberats eta zabalena eskura jartzeko ahalegina egin dugu.

#TabakaleraEtxean traolaren aterkipean, Tabakalerak sortutako eduki berriak eskaini ditugu, zuzenean eta streaming bidez, eta artxiboa osatzen duten beste eduki batzuk ere zabalduko ditugu webgunean eta sare sozialetan. Martxoaren 18an abiatu genuen ekimena, eta hainbat eduki eskaini ditugu: #TabakaleraEtxean ekimenaren aurkezpena Edurne Ormazabal Tabakalerako zuzendari nagusiaren eskutik; Moriarti ekoizpen etxeko kide Aitor Arregik, Jose Mari Goenagak eta Jon Garañok, La trinchera infinita film sarituaren barrunbeak kontatzeko eskaini zuten sekretuz betetako aurkezpenarekin, Kontatutako zinea programaren baitan; eta 2deon Canada ekoiztetxeko Karen Saurik eskainitako hitzaldia, besteak beste, Rosalia, Tame Impala, Phoenix, Scissor Sisters eta Dua Lipa gisako musikarien bideoklipak sortu dituen ekoiztetxeko musika bideoen ekoizlea. Ondoren eduki berriak heldu ziren, eta Jaime de Los Ríosek komisariatutako Hyperconectadxs Tabakalerako lehen online erakusketa estreinatu genuen. Horrekin batera beste artista askoren lanak, besteak beste, Jone San Martin eta Jon Otamendik espreski Tabakalerarako egindakoak.  

Datozen egunetan, hitzaldi, mahai-inguru, tutorial eta erreportajez osatutako proposamenak eskaintzen jarraituko dugu, itxialdian ere kultura garaikideaz, arteaz, zineaz, sorkuntzaz eta esperimentazioaz hausnartzen eta gozatzen jarrai dezagun. 

Hemendik aurrera, hitzaldiak, mahai-inguruak, tailerrak, kontzertuak, tutorialak eta lantegiak proposatzen jarraituko dugu kultura garaikideaz, arteaz, zineaz, sorkuntzaz eta esperimentazioaz gozatzeko eta gaur egungo gizartearen inguruan hausnartzeko. Programazio hibridoa eskainiko dugu, online edukiak eta Tabakalerako eraikinean antolatuko dugun programa presentzialarekin konbinatuz. TabakaleraEtxean-en bidez konfinamendu garaian heldu zen online programazioa, geratzeko etorri da.

Zure iritzia adierazi