Blog Tabakalera

YANNICK BELLON gogoan

2019-11-27 11:11

YANNICK BELLON gogoan

 

Amaitzear da Yannick Bellon (1924-2019) zuzendariari eskaini diogun atzera begirakoa, zazpi hamarkada hartu zituen ibilbide zinematografikoari eginiko errepasoa. 2011an hasi ginenetik egin ditugunen artean Euskadiko Filmategiarentzat atzera begirako oso berezia izan da hau. Aitortu beharra daukagu: Yannick Bellon gutxiago ezagutzen genuen. Agian bere ibilbidea Parisen egin zuelako, agian zinemagintza frantziarraren eremuan, batere merezi gabe, ilunpean geratu delako: Nola azaldu daiteke bestela orain argitara eman dugun Yannick Bellon. La mirada de frente, Éric Le Royren liburua izatea Biarritzeko zuzendariari eskainitako lehen monografikoa?

Letra larriz idatzi beharreko zinemagile baten talentua lehen aldiz deskubritzeko aukera ematen ari ginela sentitu dugu. Bere adore narratiboaz maitemindu gara, bere konpromiso sozialaz, avant la lettre agertu feminismoaz, bere ideiek zeukaten kutsu poetikoaz. Irekiera saioan, eta Philippe Oyhambururei eskerrak, jakin genuen Yannick Bellonek izan zuela egitasmo euskaldun bat ere, baina ezin izan zuela sekula aurrera atera. Éric Le Royk kontatu zigun oso gaixorik zegoela, Euskal Herrian egin behar genion atzera begirakoaren eta liburuaren berri izan zuenean irribarre egin zuela. Gustura begiratuko genioke aurrez aurre eta eskerrak eman, zinea egiteko bizi izan zituen zailtasun guztiei aurre egiteko izan zuen adoreagatik. Samin sakonenen inguruan sinisten zuena irmoki defendatuz filmatu izanagatik.

 

d_ou_vient_cet_air_lointain.jpg

D’où vient cet air lointain (2018)

 

Zikloa itxiko duten hiru filmak ondokoak dira: Les Enfants du désordre (1989), artea bazterkeria gainditzeko baliabidea dela aldarrikatzen duen filma, Emmanuelle Béart oso gazte eta sinesgarri agertzen da bertan; L’Affût (1992) erabateko gaurkotasuna duen gaia, ekologia, jorratzen du bertan; eta bere azken lana izan zena: D’où vient cet air lointain (2018), gogoangarria den zine-ibilbidearen azken alea, Yannick Bellonek bere ahotsarekin kontatzen duen autobiografia intimo eta poetikoa. Ez dugu ahaztuko Yannick Bellon “komunikatzeko beharragatik, maitatua izateko (esamolde hain itsusia den hori), hobeki maitatzeko, batzuetan kontuak emateagatik, izateko” zinea egin zuen zuzendaria.

Ez gara berriro Biarritzen barrena ibiliko Yannick gogoratu gabe.

Ez dugu berriro hemengo zinegileez hitz egingo bere izena ozen eta argi ahoskatu gabe: Yannick Bellon.

 
Joxean Fernández
Euskadiko Filmategiko zuzendaria
Zure iritzia adierazi