Blog Tabakalera

Zinea eratorritako teknologia da

2019-10-09 11:57

Zinea eratorritako teknologia da

Pasa den larunbatetik, urriaren 5etik, laborategi ireki batean egin daitekeena ondo irudikatzen duen Zinema eta teknologia lantaldea berriro ere elkartzen hasia da Hirikilabsen.

Zinema eta teknologia lantaldeak hainbat izen ezberdin izan zitzaken, besteak beste zineman erabiltzen diren teknologien inguruan hausnartzeko taldea izan zitekeen, edo irudiari lotutako tresneriaren inguruan katxarreatzen aritzeko taldea, edo, zergatik ez, ikus-entzunekoaren inguruan norberak bere kabuz kostu baxuko teknikak lantzen dituen taldea. Hori guztia bada, baina bada gehiago ere, lantaldea zinearen eta teknologia garapenen arteko erlazio historikoa aztertzeko espazio iraunkorra da, hauetatik adimen, asmamen eta eskasiaren eraginez zinemaren historian egindako aurrerapenak nabarmentzeko eta hauetatik ikasteko gunea da. Zinea berau eratorritako teknologia delako, azken finean.

ibai_zinetek2.jpg

Bestalde, zineak, kultur zabalkundeari loturiko teknologia gehienek bezala, aldaketa haustura garaiak bizi ditu bere baitan, analogikotik digitalerako euskarrien arteko trantsizio garai honek materialak soilik baino sakonagoak diren inplikazioak sortzen ditu. Testuinguru honen aurrean garrantzitsua da beraz sortu diren hutsune teknikoak beteko dituzten moduak planteatzea, aldi berean zinearen materialitatearen eta pelikula eta bere inguruan dauden aparatu guztiak aldatu beharrak ekar dezaken sormen deribatu inguruko hausnarketa eginez. Modu berean, era honetako lantalde bat artxibo fisikoari dagokionari buruz ikertzeko modu bat da ere, industrian hain beharrezkoak izan diren artisauetan (proiekzionistak, rebelatua, muntaia, efektu optikoak, efektu bereziak... ) eta hauen, formatu digitalarekin batera eragindako, desagerpenean fokua jarriaz. Hau dela eta taldea tresna eta teknika analogikoak berreskuratu edo mantentzeko aukera izango da, hauek ingurumen digital berrian egokituz eta bide batez, zinearen artisau berriaren baliabidetara mugatuz.

Zinema eta teknologia lantaldearen ibilbidearen lehen urtean zehar esperimentazioari loturiko gai ezberdinak landu dira, kostu baxuko elektronikaren aplikazioak zineman, pelikularen manipulazioa espresio modu gisa edo distortsio digitalaren aukerak ezagutzeko lantegiak, emaitza praktiko gisa ikus-entzuneko piezak izan dituzten lansaio esperimentalak lotuz.

Bigarren ziklo honetan lantaldeak lantegi saioak, sortu, partekatzea eta esperimentatzea helburu duten beste lansaioekin lotuko ditu berriro ere. Hasiera gisa Pelikula formatu ezberdinen eskaner bat sortzeko lantegiarekin abiatu da lantaldea , baina partehartzea beti ere modu malgu eta irekian uler daiteke, beraz, ez da nahitaezkoa lansaio edo lantegi guztietara hurbiltzea, norberaren interesen arabera teknologia eta zinema bezalako bi esparru handi hauek ezagutu eta lantzeko aukera da eta. Askotariko eragileen elkarlanetik sortua da egitasmoa: Hirikilabs, Elías Querejeta Zine Eskolaren ezagutza praktikoa, 2deoren espazioak eta jakinmina eta Sabadell banketxearen laguntza. Hamabostean behin egingo dugu hitzordua, hilabetero bi larunbat goiz igaroko ditugu elkarrekin.

 

Ibai Zabaleta Urrusolo
Laborategien koordinatzailea

Zure iritzia adierazi