Blog Tabakalera

Zinema eta zientzia. Transmititzen jarraitzen dugu

2020-01-24 09:48

Zinema eta zientzia. Transmititzen jarraitzen dugu

Bertrand Tavernier handia azken aldiz Euskadiko Filmategian izan zenean pasadizo bat kontatu dzigun. Nils Tavernier bere semearekin egin zuen dokumental bat Frantziako aldirietako auzune batean, sei hilabetez aritu ziren filmatzen. Horretan ari zirela, beste zenbait pertsonen artean erretiratutako fabrika bateko langile bat elkarrizketatu zuen, eta bere testigantza biziki hunkigarria izan zen. Denbora igarota Nils eta Bertrand-ek berriro topo egin zuten berarekin baina ordurako oso gaixo zegoen, ahu. Etxeko atarian, Bertrand agurtzen ari zenean, langileak begiratu eta "jarraitu transmititzen" esan zion. Sekula esan izan zioten gauza zirraragerrienetako izan omen da. Bazuen zerbait "sakratua", bera bezalako zinegile batentzat agindutik gertu dagoen zerbait. Ordutik, egiten duen oro gizon harekin pentsatuta egiten du.

2017an DIPC (Donostia International Physics Center) eta Euskadiko Filmategia elkarrekin lanean hasi ziren hiru hilabeteko programazio bat osatzeko, ez genuen inondik ere pentsatu 2020an hirugarren edizioa egingo genuenik. Aurten Donostia Zinemaldiak ere bat egin du gurekin eta pozez gainezka gaude. Honen guztiaren abiapuntua partekatzen genuen ideia bat izan zen: kultura zinematografikoa eta zientifikoa transmititzea. Pelikulen aurkezpenak eta zientzialariekin izaten ditugun proiekzio osteko solasaldiak gure misioaren oinarrizko formula dira. Aurreko bi edizioetan Bilbo eta Donostiako publikoak, egin digun harrera beroarekin transmititzen jarraitzeko eskatzen ari zaigula iruditu zaigu, eta horretan ari gara.

 

zinema_zientzia3.jpg

 

Ágora filmak (Alejandro Amenábar, 2009), Hipatiaren figura ardatz hartuta, erlijioaren eta zientziaren arteko eztabaidan murgilduko gaitu, Antzinarotik gaurdaino bizi-bizi dirauen eztabaida, bidenabar. Zergatik Gilda (Charles Vi- dor, 1946)? 183,84 arrazoi daude horretarako, pisu (atomiko) handikoak. Gattaca (Andrew Niccol, 1997) filmarekin, berriz, manipulazio genetikora hurbilduko gara. Proxima (Alice Winocour, 2019) Donostia Zinemaldiaren azken edizioko Sail Ofizialean ikusitako harribitxietako bat da. Her (Spike Jonze, 2013) adimen artifiziala da, bai, baina hori baino askoz gehia- go. Autómata (Gabe Ibáñez, 2014) robotikaren munduan murgiltzen den distopia bat da. El árbol de la vida (2011) filmak, Terrence Malickek zuzendua, Canneseko Zinemaldia irabazi zuen, eta pantaila handian ikusteko filma da, zalantzarik gabe. Zientzia-fikzioari urtero egiten diogun errepasoan, bi adibide eder dakartzagu aurten: El hombre con rayos X en los ojos (Roger Corman, 1963) eta Emakumea ilargian/La mujer en la luna (Fritz Lang, 1929). Despertares (Penny Marshall, 1990) filmak neurologiara hurbilduko gaitu Oliver Sacks-en eskutik, eta Ad Astra (2019) filmean, berriz, barne-bidaia eta espazio-abentura konbinatzen ditu James Gray zuzendariak.

Transmititzen jarraitzen dugu.

Zure iritzia adierazi