Erakusketa - The Day After - Maryam Jafri | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

The Day After

Maryam Jafriren erakusketa

The_Day_After

Tabakalerak Maryam Jafri artistaren The Day After erakusketa aurkezten du, Parisen kokatutako Bétonsalon arte eta ikerketa zentroaren eta Tabakaleraren artean koproduzitua. Proiektua pasa den martxoan aurkeztu zen Frantziako hiriburuan, eta Tabakaleran artistak erakusketa artikulatzen du artxiboaren eta haren dimentsio hirukoitz baten inguruan: artxiboa artista pieza gisa, artxiboa azterketa kasu gisa eta artxiboa jabego gisa.

 

1. Artxiboa artista pieza gisa

Proiektuaren abiapuntua Independence Day 1934-1975 lana da, Maryam Jafrik 2009an hasi zuena eta oraindik abian dagoena. Afrika eta Asiako zenbait europar kolonia ohiren independentzia egunetako argazkiak biltzen dira pieza horretan, lurralde mendeko bat herrialde eta estatu bihurtzen den unea irudikatzen dutenak. Pieza hori aitzakiatzat hartuta, Bétonsalonek solasaldi bat hasi zuen Maryam Jafrirekin azterketa kasu sorta bat garatzeko, helburua izaki independentzia eta deskolonizazio prozesuek sortzen dituzten hainbat auzi eta eztabaidaren inguruan gogoeta egitea.

 

2. Artxiboa azterketa kasu gisa

Azterketa kasuak artistak berak egindakoak dira, nola arte praktikarekin erlazionatutako eragileekin hala kazetari, ikertzaile, idazle, antropologo eta historiagileekin elkarlanean. Profesional horien laguntzarekin egindako ikerketa horien xedea da gaurkotasunera ekartzea Afrikako eta Asiako herrialdeen historia, baita Europako beren metropoli ohiekin izan zuten eta oraindik duten harremana ere. Historia sarritan aurkezten da gauza bakar eta unibertsala bezala, baina Maryam Jafrik aurkezten dituen artxiboak eta azterketa kasuek historia irakurri, eraiki, aztertu eta bizitzeko modu asko dituen kontakizun gisa aldarrikatzen dute.

 

3. Artxiboa jabego gisa 

Versus Series delakoa artxiboaren dimentsioa jabego gisa zalantzan jartzera letorke. Independentzia egunen inguruko dokumentazio grafikoa lortzeko abiatutako ikerketa eta iturburu bilaketa prozesuan, artista konturatu da irudi berberetara iritsi daitekeela bide desberdinez abiatuta. Argazki berak jatorri eta erreprodukzio eta ustiaketa eskubide anitzak izan ditzake, eta hartara zabaldu egiten da irudi baten jabegoaren eta eskubideen inguruko eztabaida, haiek herrialde baten ondare nazionala baitira.
 

 

ORRIAK. ERAKUSKETAREN ARGITALPENA:
 

logo issuu Issuu-n irakurri: Orriak - 3
 

descargar Pdf-a jaitsi: Orriak - 3 (pdf - 5.8mb)

 

The Day After Bétonsalon arte eta ikerketa zentroak abian jarritako proiektu bat da, eta Tabakalerak koproduzitu du. The Day After aurkeztua izan da Mississaugako (Kanada) Black Wood Galleryn 2016ko urtarrilean.

 

Koproduktorea:

Laguntzailea:

Guests

Maryam Jafri

Artista

Galeria