- Deialdia: Eskola aldiriak VI - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Deialdia: Eskola aldiriak VI

Hezkuntza komunitateari zuzendutako proiektu deialdia

 

Zer nolako eragina du espazioaren egiturak eskolan ematen diren harremanetan? Nola hobetu eskola barruko eta kanpoko harremanak? Nola sortu aniztasun ezberdinak (kulturala, genero aniztasuna, funtzionala, adin aniztasuna eta abar.) barne hartzen dituzten guneak? Nola sustatu tratu onak? Nola ireki hausnarketarako bideak? Nola eragin dezakete praktika artistikoek prozesu hauetan?

 

Eskola Aldiriak deialdiaren helburua hezkuntza komunitatearekin arteari eta hezkuntzari buruzko lankidetza-proiektu bat garatzea da. Deialdi honek, lan egiteko moduak birpentsatzeko aukera ematen du hezkuntza-komunitatea indartzen duten ikasketa-prozesuak martxan jarriz.

 

Eskola Aldiriak deialdian aurkezten diren proposamenek honako erronka hauek izan behar dituzte oinarrian: elkarbizitza, espazio publikoa erabiltzea, auzoarekiko harremana, hezkuntza-proiektuan hezkuntza-komunitatea inplikatzea (familiak, ikastetxeko langileak…) eta metodologia pedagogiko berriak praktikan jartzea.

 

Deialdiaren bidez, Tabakaleratik hezkuntza-proiektu eta prozesu esperimentalak sustatzen dira, kultura garaikidea eta praktika artistikoak hausnarketarako eta ikaskuntza-prozesu kolektiboak garatzeko bitartekotzat hartuz.  

 

VI. deialdi honetan zenbait aldaketa proposatzen dira, Donostialdeko proiektu bakarrera mugatu ordez, Gipuzkoako bost proiektu izango dira aukeratuak gehienez. Tabakaleratik proiektu bakoitzari jarraipena egingo zaio eta bitarte horretan proiektu guztiak elkartuko dituen topagune bat sortuko da urtean zehar finkatutako saio ezberdinen bidez. Proiektu bakoitzeko ordezkariz osatutako topagune honekin elkarrengandik ikasteko espazioa sortu nahi da, une berean garatzen ari diren tokian tokiko proiektuen arteko esperientzia trukea emanez, elkar erlikatuz eta elkarrengantik ikasiz.

 

Orain arte egindako proiektuak

 

Proposamenak aurkezteko epea: 2020/05/25 > 2020/06/25

 

Ebazpena: 2020/06/29

 

Deialdiaren oinarrriak (pdf)

  • Data: Astelehena, 2020ko maiatzak 25 > Osteguna, 2020ko ekainak 25