dFERIA 2020ren programazioa Tabakalerara iritsiko da | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-01-24 14:00

dFERIA 2020ren programazioa Tabakalerara iritsiko da

Aurten, martxoaren 9tik 12ra bitartean izango da 26.dFERIA.

Nobedadeen artean aipatzekoa da publiko berriei ireki nahi dela, horrexegatik, publiko gazteari zein familiei zuzendutako hainbat antzezlan programatu dira

dFERIA ezinbesteko topaketa bilakatu da arte eszenikoen esparruan. Gainera, Estatuko erreferente nagusietako bat da arte eszenikoetako profesionalentzat, eta harremanak sendotzen jarraitzen du Europako zein Latinoamerikako merkatuetan. Bereziki, profesionalei zuzendutako jaialdia da: aurkezpenak, neurrira eginiko topaketak, bilerak, bideratzaileak eta bestelako jarduera paraleloak antolatuko dira sektoreko 500 akreditatuei baino gehiagori zuzenduak. 

Nobedadeen artean aipatzekoa da publiko berriei ireki nahi dela, horrexegatik, publiko gazteari zein familiei zuzendutako hainbat antzezlan programatu dira. Gainera, iaz bezala abonuak eta mauka interesgarriak izango dira aldez aurretik erosten dutenentzat. 

32 konpainien, 32 ikuskizun eta 42 emanaldi izango dira Donostiako hainbat antzeztokietan zein kalean. Kopuruei dagokienez, ikuskizunen erdia baino gehiago (%56) estreinaldiak izango dira modu batean edo bestean: hiru mundu mailan, hiru Europan, bi estatuan, bederatzi Euskal Herrian eta work in progress bat. Horietatik, %47a dantza izango da, beste %47 antzerkia eta %6a diziplina anitzak. 

Aurten, martxoaren 9tik 12ra bitartean izango da dFERIA, nahiz eta aurreko larunbatean programatutako zenbait ikuskizun bere baitan hartu. Aurtengo gaia PASIOA izango da, ardatz horren inguruan garatuko da hein handi batean 2020 edizioko ildo editoriala. 

Azkenik, aipatzekoa da dFERIAN, beste urte batez, Brasil, Costa Rica, Ekuador eta Mexikoko nazioarteko programatzaileak izango direla, gonbidatu gisa, Acción Cultural Española (AC/E) bere Programa para la Internacionalización de la Cultura Española (PICE)-ren bitartez egingo den lankidetzari esker. 

Aurten, gainera, hainbat emanaldi, Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin batera programatu eta antolatu dira. Jarraian xehetasunak.

MARTXOAK 9 

FUTURE LOVERS (UNPLUGGED) La Tristura Tabakalera-Patioa – 16:30 Estreinaldia Euskal Herrian. 80 min. Dantza. Adina: +14 

Udako gaua, hiri handi baten kanpoaldean; sei gaztek, institututik unibertsitatera pasatzear, leku hartan dute jarria hitzordua edateko, dantzan egiteko, hitz egiteko eta elkarri musu emateko. Maiz ez zaigu erraza gertatzen abagune bat aurkitzea harreman erreal eta sakonak izateko nerabeekin, etorkizuneko liderrekin eta etorkizuneko maitaleekin, eta hori eszenan egin nahi genuke, esperientzia komuna sortzen saiatuz. Zorte pixka batez, zerbait erakutsiko digu gure iraganaz eta gure etorkizunaz. 

MARTXOAK 10 

PANTHEON Marga Altolaguirre Produkzioak Tabakalera-Patioa– 16:30 Estreinaldia. 80 min. Diziplina anitza

Pantheon emakume baten historia da, nola egiten duen ibilaldia bere itzaletik: aitak haurtzaroan abandonatu zuen, eta, heldu ondoren, telefono-deia jasotzen du, non esaten zaion hura berriki hila dela. Gertaera horrek beste gertaera batzuk ekarriko ditu atzetik, eta protagonistak aukera izango du bere buruaren parte orain arte ezkutuko bat sendatzeko eta berreskuratzeko.