Donostia Zinemaldiak herritarren esku jarriko du lehendabizikoz bere artxibo dokumentala | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-11-25 11:45

Donostia Zinemaldiak herritarren esku jarriko du lehendabizikoz bere artxibo dokumentala

Vivian Ostrovskyk, Ciné-Femmes International banaketa- enpresaren sortzaileak, emakumeek eginiko zinemaren 1978ko zikloa gogora ekarriko du
Carlos Rodríguez Sanzek eta Manuel Coronadok zuzendutako «Expediente» proiektatuko da, zeinak film labur onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen 1977an, eta Luis López Carrasco eta Raúl Liarte zinemagileek performance esku-hartze bat egingo dute

Donostia Zinemaldia herritarrei lehen aldiz irekiko die bere artxibo dokumentala Tabakaleran abenduaren 7an antolatutako jardunaldi irekian, eta Zinemaldia 70. Historia posible guztiak proiektuaren lehen ikerketen emaitzak aurkeztuko dituzte. Zinemaldiak eta Querejeta Zine Eskolak (EQZE) sustatu dute ekimena, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroarekin eta Euskadiko Filmategiarekin lankidetzan. Estatuko Loteriak eta Apustuak
erakundearen babesarekin, Zinemaldiaren artxibo bizia sortzea du helburutzat, eta 2022ko 70. edizioan amaituko da lehen fasea.
Proiektuaren lehen jarduera-urtean, Zinemaldiak Trantsizioaren lehen urteetan (1976-1980) izandako bilakaera aztertu dute, Zinemaldiaren artxibo bildumako dokumentuetan oinarrituta, eskolako zortzi ikaslek eta Pablo La Parra Pérez Ikerketa Sailaren koordinatzaile eta Zinemaldia 70 proiektuaren ikertzaile nagusiak.

Jendaurreko lehen ekitaldi horretan garai hartako funtsezko bi programari buruz hausnartuko dute. Batetik, emakumeek egindako zinemaren 1978ko zikloa gogora ekarriko dute. Horretarako, Ciné- Femmes International banaketa-enpresaren sortzaileetako bat gonbiatu da, Vivian Ostrovsky alegia; eta mahai-ingurua egingo du Cecilia Bartolomé zinemagilearekin eta Ana Ureta ekintzailearekin(ekitaldia bultzatu zuen Donostiako Emakumeen Batzarreko kidea).

Bestetik, Expediente proiektatuko da, 1977an film labur onenaren Urrezko Maskorra irabazitakoa; horrez gain, Luis López Carrasco eta Raúl Liarte zinemagileek performance esku-hartze bat egingo dute, eta horren barruan, ordura arte erakutsi gabeko materialak proiektatuko dituzte zinema-aretoan.

PROGRAMA PUBLIKOA
Orain arte, ikerketa-taldearen lan nagusia izan da Zinemaldiak trantsizioko urteetan izan zituen eraldaketa demokratikoak aztertzea; hala, Euskal Herriko mobilizazio politiko biziko giro hartan, Zinemaldiak ordura arte saiatu gabeko elkarlanak abiarazi zituen auzo taldeekin, mugimendu feministekin zein gayen askapen-mugimenduekin, eta diktaduran zentsuraturik zeuden begirada estetiko eta politika berriei zabaldu zien programazioa.

Abenduaren 7ko programa publikoari goizean ekingo zaio (11:00etan) «Zinemaldiak 24 edizio izan ditu: ez dugu gogoko» hitzaldiaren bidez. Zinemaldiak Trantsizioan izan zituen eraldaketak aurkeztuko ditu Pablo La Parra Pérezek hitzaldi horretan, eta nazioarteko beste lehiaketa batzuek asaldura politiko eta sozial giroetan izandako aldaketekin alderatuko ditu. Ondoren, Antonio M.Arenas, Sara Hernández, Clara Rus eta Neus Sabaté ikasleek, EQZEko ikasle eta Zinemaldia 70 proiektuaren lantaldeko kide direnek, 1970eko bigarren erdialdean Zinemaldia demokratizatzen saiatu ziren ekimen zehatzei buruzko azterketak aurkeztuko dituzte.

Arratsaldeko lehen saioan (17:00) emakumeek egindako zinemaren 1978ko zikloa gogoraraziko da. Ziklo horren barruan honako zinemagile hauek etorri ziren hirira, besteak beste: Agnès Varda, Věra Chytilová, Larisa Sheptiko, Pilar Miró eta Mirentxu Loyarte.

Donostiako Emakumeen Batzarraren ekimenez egin zen, bere agenda feminista ikusarazteko antolatu baitzuen. Haren kide zen Ana Uretak ekarriko du gogora mugarri hura mahai-inguru batean, Cecilia Bartolomé zinegile aitzindari espainiarrarekin –honen ¡Vámonos, Bárbara! film luzea (1978) ziklo hartan eman zuten– eta Vivian Ostrovskyrekin.

New Yorken 1945ean jaio zen Ostrovsky, eta zuzendari esperimental eta banatzailea da. Ciné-Femmes International zinema feministaren banaketa-enpresa alternatiboa sortu zuen 1970eko hamarkadan, Rosine Grangerekin batera; ekimen hura funtsezko erreferentzia bihurtu zen emakumeek eginiko zinema esperimental eta militantea mugitzeko. Biek ala biek elkarlan estua izan zuten Donostiako Emakumeen Batzarrarekin; 1978ko zikloan parte hartu zuten eta zenbait film eta zinemagile irits zitezen lagundu zuten.

Arratsaldeko bigarren saioa (19:00) Expediente film laburraren proiekzioarekin hasiko da. Donostia Zinemaldiko film labur onenaren Urrezko Maskorra irabazi zuen 1977an 16 minutuko lan esperimental horrek. Carlos Rodríguez Sanz eta Manuel Coronado zinemagileek gauzatu zuten lan hori, Equipo Crónica izeneko artista antifrankisten kolektiboaren pintura-zatien muntaketan oinarriturik.

Diktadurak fusilatutako azkenekoen oroitzapenari eskaini zioten pieza hori, baina errepresio frankistaren ondorioei buruzko are gogoeta zabalagoa proposatzen du. Jarraian, Luis López Carrascok eta Raúl Liartek performance-proiekzio bat eskainiko dute Expediente filmari erantzun nahian. Murtziar sortzaileek García/García izeneko lana aurkeztuko dute; lan hori sortzeko, askotariko material argitaragabeez baliatu dira, zehazki bi preso hauekin lotutakoez: batetik, 1970eko hamarkadako Cartagenako azken preso politiko antifrankistarekin eta, bestetik, Estatuko soldadutzari intsumiso agertzeagatik 1990eko hamarkadan preso sartutako Estatuko lehen gaztearekin. Beren lanetan Trantsizioaren memoriari eta eraldaketa politikarako ondorengo mugimenduei buruzko gogoeta kritikoa proposatzen ohi dute sortzaileok.

ARTXIBO-PROIEKTUA
Zinemaldiaren artxiboko materialak Euskadiko Filmategiaren kontserbazio-instalazioetara eramaten hasi ziren azaroaren 11n; 926 kutxa dira guztira, artxibo orokorra zein lehiaketa sortu zenetik 1990eko hamarkadara arte gordetako paperezko prentsako material guztia barnean jasota. Martuteneko gordailu batean egon dira orain arte, baina pixkanaka Euskadiko Filmategian biltegiratzen, egokitzen eta katalogatzen joango dira. Gainera, 2020ko urtarrilean, gune bat prestatuko da Tabakaleran, funtsak aztertu, garbitu eta zaharberritzeko, haien kontserbazioa eta eskuratzeko baldintzak bermatzearren. Helburua da, 2022tik aurrera, funtsen kontsulta egin nahi dutenek datu-base zehatza ez ezik, proiektuan garatutako ikerketa-ildoetan  oinarritutako gai-ibilbideak ere eduki ditzatela.
Era berean, abenduaren 7tik aurrera, Zinemaldiaren webgunean artxiboko zenbait eduki eta ikerketa-proiektuaren bilakaera jarriko dira ikusgai atal zehatz batean, eta aldian behin eguneratuko da. Lehenik eta behin, Auzo eta Herrien Batzordea deritzonaren lanari buruzko materialak argitaratuko dira: 1977tik 1980ko erdialdera arte, Zinemaldiaren proiekzioak Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako auzo eta udalerrietara eraman zuen ekimena.
Zinemaldiak Trantsizioko urteetan nazioartean aintzat har zezaten bermatzeko izandako zailtasunak ere jorratuko dituzte. Azkenik, 2020ko lehen erdialdean, Zinemaldiak 2001. urtea baino lehen argitaratu zituen egunkari eta aldizkari guztien bertsio digitalak jarriko dira webgunean, PDF formatuan. Urte horren ostean argitaratutakoak orrian daude.

ZINEMALDIA 70. HISTORIA POSIBLE GUZTIAK
2019ko abenduaren 7a. Zinema – 1. aretoa (Tabakalera)

11:00 - 13:30 / Zinemaldia Trantsizioan (1976-1980) – Sarrera librea
11:00 Irekitze-hitzaldia: «Zinemaldiak 25 edizio izan ditu. Ez dugu gogoko».
Pablo La Parra Pérez (Elías Querejeta Zine Eskolako Ikerketa Sailaren
koordinatzaile eta Zinemaldia 70 proiektuaren ikertzaile nagusia).
12:15 Azterketa-kasuak: «Zinemaldi demokratiko baten alde».
Aurkezpenak, honako hauen aldetik: Antonio M. Arenas, Sara
Hernández, Clara Rus eta Neus Sabaté (Elías Querejeta Zine Eskolako
ikasleak eta Zinemaldia 70 proiektuko ikerketa-lantaldeko kideak).

17:00 - 18:30 / Artxibo bizia: emakumeek egindako zinemaren 1978ko zikloari
buruz - Sarrera librea

Mahai-ingurua: Cecilia Bartolomé (zinemagilea), Vivian Ostrovsky
(zinemagilea eta banatzailea, Ciné-Femmes International-ren
sortzaileetako bat) eta Ana Ureta (Donostiako Emakumeen Batzarreko
kidea).
Moderatzailea: Pablo La Parra Pérez
 
19:00 / Z70 fokua – Sarrera: 3,5 €
Proiekzioa: Expediente (Carlos Rodríguez Sanz eta Manuel Coronado, 1977,
35 mm, 16’, JBE) - Film labur onenaren 1977ko Urrezko Maskorra.
García/García, performance-proiekzioa  Luis López Carrascoren eta Raúl
Liarteren eskutik.