- Drift - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Drift

Helena Wittmann-en film bat

Drift, Helena Wittmann

Drift, Helena Wittmann, Alemania, 2017, 98’

Lehenengo erreferentzia: 1967an, zinema esperimentaleko Michael Snow zuzendari kanadarrak bere film ospetsuenetako bat aurkeztu zuen: Wavelength, berrogei minutuko zooma, zeinaren lehenbiziko irudiak New Yorkeko loft baten ikuspegi orokorra ematen baitzuen. Hain zuzen ere, apurka-apurka zoom mantso baten bidez hurbiltzen zen apartamentuko horman itsatsitako argazki bateraino, soinu-banda futurista eta elektroniko misteriotsu batekin, ozeanoaren irudia begiztatzeko.

Bigarren erreferentzia (kasu honetan, aipu bat):

“Ordura arte inoiz ez nuen hauteman, orain bezala, presentzia erraldoi hori, isilune boteretsu eta gogor hori, olatuak erregulartasunez animatzen zituen indar sekretu hori. Mugitu ezinik, begirada finkoz, ordura arte ezagutu gabeko inertziaren unibertso batean galtzen nintzen, eutsi ezinezko aldapa batetik limurtzen nintzen, koloso arin eta mutu horrekin identifikatzen nintzen, dena barkatu izan banio bezala, ahaleginik txikiena ere egin gabe, hitz bakar bat esan gabe, pentsamendu bakar bat eduki gabe”.

Ozeano baten bigarren deskripzio-irudi hau zientzia-fikzioko Solaris eleberriaren amaierari dagokio. Nobela 1961ean argitaratu zuen Stanislav Lem idazle poloniarrak, eta gerora Tarkovskik (1972) eta Steven Soderberghek (2002) egokitu zuten zinemara.

1960ko hamarkadako bi erreferentzia formal eta akuatiko hauek lagungarri izan ahal zaizkigu gaur aurkezten dugun filmaren benetako dimentsioa ulertzeko; zehazki, Helena Wittmann alemaniar zuzendariaren lehenbiziko film luzea da.

Bi emakumek asteburu bat igarotzen dute elkarrekin, itsasotik hurbil: pasieran doaz, etorkizunaz eta aurreikuspen meteorologikoez hitz egiten dute, kafetegi batean hartzen dute askaria, hotel bateko logelan esnatzen dira... Bietako bat Argentinara iristear dago: hau guztia agur baten zatia izan liteke. Orduan, lehenengo irudien atzealdean ezkutatzen den benetako istoriora apurka-apurka hurbiltzen den zoom bat izango balitz bezala, itsasoak dena hartzen du. Belaontzi batek Ozeano Atlantikoa gurutzatzen du, eta film batean itsasoak inoiz ez du izan proposamen honetan bezainbesteko indarrik: lurra desagertu egiten da, olatu bat bestearen atzetik doa, zeruak eta urak bat egiten dute, eta planeta ezezagun batena izan litekeen ikuspegi bati ematen zaio bidea. Berezko arau eta erritmoak dituen planeta akuatikoa da. Itsasoa erabat jabetzen da narrazioaz eta soinuaz, eta kontua da (eta hau gure ikusleei ematen diegun aholkua da) gidatzen uztea.

Batzuetan, zinemak narratiba arruntetik haragoko esperientziak proposatzen ditu (pertzepzioaren, estetikaren eta bizitzaren esparrukoak). Batzuetan, zinemak espazioa eta denbora eskaintzen ditu, pantailan aparteko konturen bat gerta dadin. Orduan berreskuratzen dugu Stanislav Lemen aipua, harrigarriro eta zehazki jarraibide-liburua baita proposamen filmiko honen ikusleentzat: “Mugitu ezinik, begirada finkoz, ordura arte ezagutu gabeko inertziaren unibertso batean galtzen nintzen, eutsi ezinezko aldapa batetik limurtzen nintzen, koloso arin eta mutu horrekin identifikatzen nintzen, dena barkatu izan banio bezala, ahaleginik txikiena ere egin gabe, hitz bakar bat esan gabe, pentsamendu bakar bat eduki gabe”. Hori da gidatzen uztea, galtzea. Hau da film horretan sartu ahal izatea aldez aurretik finkatutako ezelako pentsamendurik gabe: nork bere burua entregatzea. Zinemara jauzi egitea. Murgiltzea. Beldurrik gabe. Zinemak eta bere istorioak ere era horretako esperientzia eta proposamenak dituzte osagai.

Benetako bidaia eta filmek barrutik aldatzen gaituzte: horra hor funtsa. Zinema-saio honetatik irtetean, galdera hau egin genezake: aldatu al gara? Zer-nolako aldaketa izan dugu? Ondoren, gure hiriko Kantauri itsasoraino joan gaitezke oinez, eta bila jarrai dezakegu.

Veneziako Mostraren Kritikaren Astean estreinatu zen, epaimahaiaren aipamen berezia erdietsi zuen Bilboko Zinemabin eta orain dela gutxi proiektatu da Rotterdameko 2018ko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Bright Future atalean.

Eskerrak eman nahi dizkiogu Bilboko ZINEBI jaialdiari, saio honen azpitituluak uzteagatik.

 
 

  • Data: Larunbata, 2018ko Martxoak 24
  • Ordutegia: 18:00
  • Lekua: Zinema - 1 Aretoa
  • Sarrera: Sarrerarekin
  • Prezioa: 3,5€
Sarrerak