Edukierak beteta bosgarren urteurrenean | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-09-18 15:30

Edukierak beteta bosgarren urteurrenean

Irailaren 11-12 asteburuan 5.500 pertsonek parte hartu dute antolatutako ekitaldietan.

Osasun egoerak behartuta, segurtasun arauak zorrotz bete dira.

Tabakalerak, Kultura Garaikidearen Nazioarteko zentroak, balorazio oso positiboa egin du bosgarren urteurrena ospatzeko asteburu osoan antolatutako jarduera-programak izan duen erantzuna ikusita. Kultura aldarrikatzea jomuga izan duen ospakizunak zorrotz bete ditu osasun-egoerak agindutako segurtasun arauak eta, talde txikiagoetan izan bada ere, sorkuntzaz gozatzeko askotariko aukerak eskaini ditu. 5.500 pertsona bertaratu dira asteburu osoan zehar.

 

Irailaren 11an bete zituen Tabakalerak bost urte eta zentroaren ikur nagusia den sorkuntzarekin lotutako proposamenak izan ziren jarduera-programaren ardatza. Julio Le Parc artista argentinarra eta Ana Longoni idazle eta ikertzailearen arteko solasaldian eta  Zin Ex. Abstrakziotik Algoritmora erakusketaren aurkezpen-ekitaldian aretoen edukierak erabat bete ziren  (100 pertsona), eta gauza bera gertatu zen zine-aretoan José Luis Rebordinos Donostia Zinemaldiaren zuzendariak aurkeztu zuen Parasite filmaren proiekzio berezian ere (137 pertsona). 

 

Irailaren 12an, larunbatean, 10 bisita gidatu eskaini ziren egun osoan zehar Tabakalerako ekosistema osatzen duten leku derberdinak bertatik bertara ezagutu ahal izateko. Talde guzti-guztiak bete ziren. 80 pertsonek izan zuten parte hartzeko aukera segurtasun eta edukiera arauak  betez.

Arte garaikidearekin lotutako proposamenek ere erantzun bikaina izan zuten. Florian Wüst eta Oier Etxeberria Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora erakusketaren inguruko elkarrizketak, Jerónimo Hagerman artistaren Malas madres esku-hartzeari agur esateko antolatu zen solasaldiak eta Quadrature sortzaile kolektiboko kideek Silvia Bonoli eta Raúl Angulo astrofisikariekin egin zuten saioak askotariko jendea erakarri zituen. Orotara, 1.200 pertsonek bisitatu dituzte Tabakalerako erakusketak (Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora, Supraspectives eta Néstor Basterretxea. Argazkigintzaren bitartez).

 

Azpimarragarria da ostiralean inauguratu zen eta datorren urriaren 11ra arte Patioan ikusgai egongo den Supraspectives Quadrature sortzaile kolektiboaren instalazioak izan duten harrera ona.  Medialab Tabakalerak ekoitzitako lehen sorkuntza artistikoa da, Ars Electronica eta Donostia International Physics Center DIPCrekin elkarlanean.

 

Larunbatean antolatutako zine- eta musika-emanaldietarako gonbidapen guztiak agortu ziren. Aranzadi elkarteko Paco Etxeberria eta Lourdes Herrastik aurkeztu zuten Handia, eta Güiro Meets Russiak musikaz lagundutako George Lucas zuzendariaren THX 1138 filmaren proiekzioek 274 pertsona erakarri zituzten aretora. Ghost Numbers musika-taldearen emanaldia ikusteko sarrerak ere agortu ziren. 

 

José Antonio Sistiaga artista eta zinegile donostiarrari omenaldia egin zaio asteburu osoan zehar Tabakalerako fatxadan bere lanik ezagunena, eskuz margotutako, … ere erera baleibu izik subua aruaren … film esperimentala proiektatuz. Eguraldi onak lagunduta une oso bereziak bizitzeko aukera eskaini duen jarduera izan da Zin Ex. Abstrakziotik algoritmora zinema esperimentalaren inguruko erakusketan parte hartzen duen artistaren lana berrikustea.

Osasun-egoerak behartuta ospakizuna osatu duten jarduerek edukiera

txikiagoa izan dute eta bertara etorri ezin izan duen jendeagana iristeko Tabakalerak 9 emanaldi zuzenean eskaini ditu streaming bidez online.tabakalera.eu webean. 650 pertsonek jarraitu dituzte zuzeneko emanaldi horiek eta 7000 pertsonek kontsultatu dituzte urteurreneko jarduerak.

Ezin izan bazenuen bertan izan, online.tabakalera.eu webean ikusgai daude emanaldi horiek guztiak.