Gonbidatutako eskola: La universidad del cine (Buenos Aires) - El fondo del mar - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

El fondo del mar

Damián Szifrón-en film bat

Fondo del mar, Damián Szifrón

El fondo del mar, Damián Szifrón, Argentina, 2003, 92’

2014ko maiatzaren 17an, Damián Szifrón zuzendari argentinarraren hirugarren film luzea, Relatos salvajes, estreinatu zen Cannesko Jaialdiko Grand Thèâtre Lumière antzokian, eta urte hartako lan arrakastatsuenetako bat izan zen bai txartel-leihatiletan bai kritikaren esparruan. Orain, flash-backa: hamaika urte lehenago, Zinemaren Unibertsitatean zinema-zuzendaritzaren esparruko prestakuntza amaitu ondoren, Damián Szifrón zuzendari gazteak lehenbiziko film luzea estreinatu zuen Mar del Platako Nazioarteko Zinema Jaialdian. Horrela eman zion hasiera etorkizun oparoko ibilbideari: lanak Iberoamerikako pelikula onenaren saria irabazi zuen, munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetan eman zen, eta FIPRESCI saria eta ikusleen saria erdietsi zituen. Estreinatu zenez gero, munduko zinema-jaialdi garrantzitsuenetara eraman zuten, Donostiako Jaialdia tartean, non epaimahaiaren aipamen berezia lortu baitzuen.

Ezequiel Toledok (Daniel Hendler) 26 urte ditu, arkitekto gisa lizentziatzear dago eta obsesionatuta dago bere neskalagun Anaren (Dolores Fonzi) mugimendu eta jarduerekin. Eszenan hirugarren pertsonaia sartzen denean, triangelu emozionalak mila zatitan egiten du eztanda, eta bidea ematen dio pertsekuzioz eta mendekuz osaturiko film gautar bati. Zuzendariak berak honela definitu zuen trama: “paranoiko baten eta egozentriko baten topaketa”. Eta halaxe da: filmak komedia-giroa du hasieran, baina film dramatikora eta suspensera egiten du, Scorsese ilunenaren eta Eyes Wide Shuteko Kubricken eraginen mende.