Fokuak (FK) - El verano del león eléctrico + Fotbal Infinit - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

El verano del león eléctrico + Fotbal Infinit

Aurkezpena: Bego del Teso

Infinite Football

 

El verano del león eléctrico, Diego Céspedes, Txile, 2018, 22'

Etxe batean ezkutatuta, hiritik urrun, Alonso bere arreba maitearekin dago, Danielarekin. El León profetaren zazpigarren emazte bihurtuko dela espero du neskak, eta (diotenez) profeta ukitzeak elektrokutatu egiten zaitu. Etzaulki eta xuxurlen artean, elkarrekin ematen duten azken uda izan daiteke hau.

 

Fotbal Infinit, Corneliu Porumboiu, Errumania, 2018, 70'

 

 

Zelai erditik ez pasa!

Fotbal Infinit hamaika errealitateren metafora da. Herrialde batena. Gizarte batena. Tristura batena. Inoiz gauzatuko ez den amets batena. Bilaketa batena. Zinema batena. Nabarra da bere zeluloidearen kolorea. Estua kamerari eskainitako espazioa. Laurentiu pertsonaiak bere proposamen basati eta eroan futbolariei uzten diena bezain meharra.

Bere baloi zorabioan, bitan zatituko ditu zelaian diren bi taldeak. Eta bi horiek beste bitan. Eta zelai erditik pasatzea debekatuko die defentsan (edo) egotea egokitu zaien horiei. Kantxan ikusten ditugunean, ederki asko jabetzen gara egiaz: hori ez da futbola. Eta sekula ez da izango. Bai ordea ahoa bete hortz eta begiak bete harridura utziko gaituen zinema puska ausarta, libertatearen aldeko orroa, amets txikiko gizakion erretratua. Filosofiaz, erlijioaz, jainkoez asmatutako hausnarketa. Tristura baten segizioa.

Futbola bada eta ez da gaia. Futbola aitzakia da. Futbola zioa da. Futbola ihesbidea da. Futbola amets urratuen bulebarrean. Futbola erlijioaz mintzatzeko era. Futbola denon bizitzari errepasoa emateko. Futbola, futbola, futbola. Laurentiuren hitzetan, baloia askatu nahi du zelaian baina guk badakigu, ederki jakin ere, ez dela pilotaz ari bere buruaz baizik.

Azken irudiek dardarizoa sorrarazten dute: urdin grisaxka koloreko errepide huts baten gainean, amaierarik gabeko batean, Laurentiuk eta Corneliuk utopiaz eta politikaz jarduten dute. Hotza antzematen duzu bidean, arimetan eta zure bihotzean. Bat batean, formak eta koloreak aldatzen dira; kreditu tituluak argitsuak dira, animatuak. Eta soinu banda, tropikala. Zelako ustekabea 70 minutu baino irauten ez duen urrezko bitxi hau ixteko eta eztabaidan hasteko!

Otsailaren 8ko emanaldi honetan ikusgai izango da ere Cannesen txalotua izan zen eta Donostiako Zinemaldian saritu zuten Lehoi elektrikoaren uda laburmetrai txiletarra, Diego Céspedes zine ikasleak zuzendua. Donostiara etorri zenean, bere irakasle, ekoizle eta ikaskideekin batera, patxadaz, luze, goxo egin zigun berba Txileko zinemaren orainaz eta etorkizunaz. Filma ikusita, segituan sumatuko duzue elektrikoak izango direla datozen urteetan gazte hauek sortuko dituzten irudiak. Elektrikoak, bai. Barrenetan duten suak piztuta. Menperatzen duten lengoaia erakutsiz. Corneliu Porumboiu eta Diego Céspedes, zineman eta bizitzan murgiltzeko bi lagun aparta. Amorruz. Pasioz.

Begoña del Teso

Más actividades de Fokua: Hilabete laburrena:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.