Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek Tabakalerako zinema-programazioan parte hartuko dute | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-01-24 12:00

Elías Querejeta Zine Eskolako ikasleek Tabakalerako zinema-programazioan parte hartuko dute

Hilabete honetan Eskolatik zikloa hasiko da, zinema-programazioari buruzko hausnarketan eta eztabaidan oinarrituta

Eskolatik bi orriko leihoa da: batetik, Elías Querejeta Zine Eskolari begiratzen dio; eta, bestetik, eskolan bertan sortu den programa bat proposatzen du. Ikasturtean, hilean behin, EQZEko ikasleak Tabakalerako zinema-emanaldi bat programatzeaz arduratuko dira, eta filmek lotura izango dute haien ikasketa-programekin, zinemagile gisa egiten ari diren lanarekin edo zinemagintzari buruz duten jakin-minarekin, zinema-ikasketen hiru espezialitateak kontuan hartuta: Artxiboa, Komisariotza eta Sorkuntza. 

Horren helburua eskolako filosofia Tabakalerako zineman aplikatzea da, bai eta ikasleen ikuspegia ikus-entzuleekin partekatzea ere. Jean Vigok zuzendu zuen Detroit Rock City (Cero en conducta, gaztelaniaz) filma emanez ongietorria egin zitzaion Elías Querejeta Zine Eskolako lehen promozioari; beraz, film horretan irudikatzen den indar menderakaitza bere egina, esperimentatzeko eta jolasteko eremu bihurtuko dute aretoa. Programazioari buruzko talde-lan, hausnarketa eta eztabaidaren bidez, eskolako ikasleek zenbait dinamika sortu, eta filmen emanaldiekin batera gauzatuko dituzte zine-aretoan.

Horrela, eskolako ikasleak eragile aktiboak izango dira Tabakalerako zinema-programazioan, eta, Elías Querejeta Zine Eskolak jada zinema pantaila publiko eta partekatuari buruzko proiektuan parte hartzen bazuen ere, ikasleek beren diskurtsoa gehituko diote.

Programazioa

María Antón Cabot-ek, Sorkuntza espezialitateko ikasleak, hasiera emango dio zikloari. Urtarrilaren 26an, larunbatean, beraren opera prima ikusteko aukera izango dugu: <3 (2018). Retiro parkeko zuhaitz eta iturrien artean sartuta, dokumental horretan maitasunaz galdetzen zaie gazteei. DOK Leipzig zinemaldian estreinatu zen, eta Sevillako Europar Zinemaldian ere egon da. Emanaldian zuzendaria egongo da, eta sorkuntza-prozesuaz eta jasotako eraginez mintzatuko da ikus-entzuleekin.

Ikasleek, programatzaile bilakatuta, aribideko lan-prozesuak ikusgai jarriko dituzte otsailean eta martxoan. Hona hemen emanaldien bi izenburuak: lehena, ★ (2018) da, Johann Lurf-ek egina. Izar-sekuentzien bilduma da, eta bideo-entseguaren gaineko hausnarketa proposatuko du. Martxoan Women’s past is always present ikerketa-proiektuaren aurrerapenen berri emango digute. Proiektua Londresko Cinenova produkzio-etxeko zine-bilduma feministari buruzkoa da, eta EQZEko Artxibo eta Komisariotza espezialitateetako ikasleek egin dute.

Eskolatik zikloko saio guztietan areto-orria bananduko da, eta aurkezpenak, solasaldiak eta beste modu batzuk baliatuko dira, ikus-entzuleei eskolako ikasleen esperientzia bizian parte hartzen laguntzeko. Alain Bergala-k honela azaltzen du: «norberaren esperientzia eremu pribatutik kanpora eramatean datza, hots, “ni, hemen, orain” bizipen txikia eremu unibertsalago batera hedatzean».

Hurrengo hilabeteetako programazioa

Tabakalerako Zinema – 1. aretoa

Urtarrilaren 26an, larunbatean: <3 María Antón Cabot (Espainia, 2018, 65 min.)

Otsailaren 23an, larunbatean: Johann Lurf (Austria, 2018, 99 min.)

Martxoan (eguna zehazteko dago): Cinenova produkzio-etxe feministari buruzko emanaldia.