Harremangunea | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Harremangunea

Txirrita Ikastetxearekin egindako proiektua

Goza dezagun! Hernaniko Ereñozu auzoko Txirrita eskolan azken hilabete hauetan gehien entzuten den aldarria da.

Eskola aldiriak deialdiaren hirugarren edizioa zentro honetan garatzen ari gara. Eskolako irakasle, ikasle, familia eta auzoko hainbat eragilerekin batera kolaboratzen ari gara Tabakalerako Hezkuntza arlotik, Harremangunea izeneko proiektuan.

Gure helburua eskolan ematen diren harremanak birpentsatzea da, eta horretarako plazerra dugu gai-ardatz nagusi. Plazerra ematen diguten egoera, leku edo esperientziak detektatzeko asmoz, gure ingurua ikertzen ari gara, gero egoera horietatik abiatuz elkarbizitza hobetzeko harreman berriak eraiki ahal izateko.

Oraindik ez dakigu prozesuaren azken forma zein izango den. Aukera ezberdinak agertzen ari dira, hala nola, eskolako patioaren eraldaketa, ikastola barruan edo kanpoan garatzeko jarduera programa baten sormena, jolaserako material eta baliabide berrien eraketa, edo espazio amankomunetarako erabileren birpentsaketa. Hasitako prozesuan artisten kolaborazioa ere izango dugu, beraien begiradak aberastuko gaituelakoan gaude eta.

Prozesu guzti hau irekia da eta guztion artean goaz pixkanaka definitzen. Irakasleekin batera garatu dugun lehen fasean, ko-diseinuarena, arte hezkuntzako planteamendua eta metodologiak partekatu ditugu. Bigarren fasean, garapenekoa, gelan bertan hasi gara lanean. Ikasleen esperientzetatik abiatuta ikerketa bat hasi dugu benetan plazerra sentitzen dugun momentuak detektatu eta horiek eskolako espazioetan bisibilizatzeko moduak bilatzeko.

Hausnarketa egin ondoren hezkidetza lantzeko beharra sumatu eta hurrengo pausuei begira, gai hau ardatz nagusi bilakatu da. Beste alde batetik, arkitektura esparrutik  datozen artistekin edota espazio publikoan interbentzioak egiten dituztenekin lan egiteko ideia sortu da. Lan bizia izaten ari da; elkarrizketa asko, zalantza dezente, ziurgabetasuna eta baita erronka eta pozak ere.

Eskola aldiriak deialdiak eskolan ematen diren harremanen inguruan hausnarketa bat egiteko aukera eta baliabideak eskaintzen ditu. Aurrerago jarraituko den bidearen hasiera da, hezkuntza komunitate osoarentzako esperientzia esanguratsua eraikitzeko helburua daukana.

  • Urtea: 2017