Esther Kokmeijer

Esther Kokmeijer (Dokkum, 1977), Rotterdamen (Herbehereak) eta Hanburgon (Alemania) bizi da gaur egun, eta bertan egiten du lan. 1996-2001 bitarte, diseinu grafikoko ikasketak egin zituen ArtEZ Arte Ederretako Fakultatean. 2013. urtean, eremu artikoko eta Antartikako zientziari buruzko azterlan batean parte hartu zuen, State University of Groningen unibertsitateko Arctic Centre zentroan. Bere proiektu askotan, Esther Kokmeijerrek hainbat zientzialarirekin eta bestelako esparruetako profesionalekin egin du lan. Bere lanak askotan egon dira ikusgai, eta mundu osoan argitaratu dira. Zenbait egoitza-programetan ere parte hartu du, besteak beste, Herbehereetan, Indonesian, Hego Korean, eremu artikoan, Antartikan, Spitsbergenen (Norvegia), Alemanian, Frantzian, Mongolian eta Txinan.

Munduaren handitasuna eta bertan ageri diren konexio zein mugimenduak dira Esther Kokmeijerren lanen ardatz nagusiak. Naturaren jatorria aztertzen du, errealitate artifizialaren eta “naturalaren” arteko elkarguneak mapatuz. “Paisaiak” nola eratzen diren jakin nahi du, baita horiek zein nolako hartu-emanak eta interferentziak dituzten pertsonekin, baita alderantziz ere.

Bere obra asko bidaietan zehar sortu dira, eta beraz, mugimenduak berak berebiziko garrantzia du horietan. Bidaietan, geografia koordinazio sistemei, klima fenomenoei eta muga politiko zein topologikoei lotutako posizio kuantifikagarriak aztertzen ditu Kokmeijerrek. 

Bere obrak eta bere ikerketa artistikoa munduko bizitzaren historiaren bilaketa bat da, testu eta irudi geologikoak eguneroko gisa gordez, eta horiek naturan zein buruan artxibatuz. “Geografia” hitzak mundua deskribatzea esan nahi du, baina kasu honetan, Kokmeijerrek modu poetikoagoan irudikatuko luke, “ikusezina” den guztia ikusgai bihurtzeko barne-nahiari erantzunez.