Zikloak (ZKL) - Estiu 1993 - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Estiu 1993

Carla Simónek aurkeztutako saioa

Estiu 1993, Carla Simón

 

18:00 > Elkarrizketa: Mikel Gurrea & Carla Simón. (Sarrera doan)
"Carla eta biok London Film Schooleko klasekide izan ginen. Norberak idatzitako gidoiak besteari erakusten genizkion, iritzi eske, hobetzeko asmoz. Hainbat film laburretan elkarlanean ibili ginen eta bata bestearen graduaziozko proiektuaren zuzendari-laguntzaile izan zen. Eskolan, zinema egiteko gertu geneuzkan ezaugarrietara jotzera animatzen gintuzten: pertsonaiak eta testuinguruak, ezagunak zaizkigun emozio eta begiradak. Gogoan dut bere aparteko haurtzaroan oinarrituko zen gidoia idatzi nahi zuela kontatu zidala. Urtebete geroago, xehetasun biziko eta egitura borobileko dozenaka zirriborro bidali zizkidan. Horietako bakoitzean Estiu 1993 film indartsu eta zintzoa izango zela antzematen zen. Hurrengo urtean zehar, kasting prozesuko bideoak, aktoreen arteko harremanak sortzeko saioak eta grabaketa osteko muntaiaren hainbat bertsio erakutsi zizkidan. Ikasgai handia izan da niretzat Carlaren prozesua horren gertutik bizitzea eta zoragarria ikusleek eta kritikak bere opera primari egin dioten harrera itzela ikustea. Bidaia horren guztiaren errepaso bat egitea proposatu zigutenean, biok aho batez baietz erantzun genuen. Horrela arituko gara, zinema eskolan ikasitakoaz, bere zinemagile prozesuaz, partaide garen Cinema en curs – Zinema (h)abian proiektuaz, “iraganeko zinemak eta egungo zinema ezberdinak norberaren zinema pertsonala pentsatzen lagundu gaitzakela” Alain Bergalak esaten zuen horretaz; azken batean: zinemaz eta bizitzaz arituko gara. Lagun artean erraza eta atsegina delako".

Mikel Gurrea

19:30 > Proiekzioa eta publikoarekin solasaldia. (Ohiko sarrera) 

Estiu 1993 (Verano 1993), Carla Simón, Espainia 2017, 97’
1993ko udan, bere gurasoak hil ondoren, Frida, sei urtekoa, Bartzelonatik Kataluniako landa-eremura lekualdatzen da bere izeba-osabekin bizitzeko. Haren bizileku berrian, denbora bestela igarotzen da, eta inguruan duen natura misteriotsua eta urruna da. Baina aldaketa gehiago daude: orain, Fridak zaindu beharreko ahizpa txiki bat du. Familiak oreka lortzeko ahalegina egiten du: batzuetan jazza entzuten dute lorategian, edo jaietara joaten dira, edo igerilekuan ematen dute eguna. Zoriontasun-tarteak dira. Beste batzuetan, Fridak uste du ihes egitea dela bere arazoetarako irtenbide onena. Hain zuzen ere, orduan aurre egin behar dio bere bizitza-egoera berriari. Orduan aurre egin behar dio bere buruari.

Sariak:
2017 - Opera prima onena Berlineko nazioarteko zinema jaialdian (Berlinale)
2017 - Biznaga de Oro saria Malagako zinema jaialdian 
2017 - Zuzendari lan onena, publikoaren saria eta Signis saria Buenos Aireseko nazioarteko zinema jaialdian (BAFICI)
2017 - Écrans Juniors saria Canneseko zinema jaialdian.​
2018 - Zuzendari nobel lan onenari Goya saria.

  • Data: Igandea, 2018ko Martxoak 18
  • Ordutegia: 18:00 Elkarrizketa (Sarrera doan) | 19:30 Proiekzioa (Ohiko sarrera)
  • Lekua: Zinema - 1 Aretoa
  • Sarrera: Beteta/Itxita
  • Prezioa: 3,5€
Sarrerak
Aro Atomikoa:

Jarduerak