Fokuak (FK) - A Fábrica de Nada - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

A Fábrica de Nada

Pedro Pinhoren filma

A Fábrica de Nada

A Fábrica de nada, Pedro Pinho, Portugal, 2017, 177’ JB PR Sub. ES

2017 urteko film onenetako bat ote da hau? Bai, halaxe da. 2017ko Cannesko Jaialdiko Errealizadoreen Hamabostaldian estreinatu zen, eta kritikarien FIPRESCI saria irabazi zuen. Sari hori irabazi zuenetik, izugarrizko arrakasta izan zuen mundu osoko jaialdietan. Sevillako Europar Zinemaren Jaialdian, esaterako, film onenaren Urrezko Giraldillo saria lortu zuen; epaimahaiak nabarmendu zuen ausardia handia zela dokumentala, fikzioa eta musikala uztartzea gure garaiko egoera ekonomiko konplexuaren inguruko film berberean. Bestalde, Bartzelonako Zinema Independentearen L’Alternativa Jaialdiko epaimahaiak film onenaren sari nagusia eman zion, Europan indarrean den kapitalismo basatiari aurre egiteko moduak esploratzeko daukan gaitasuna dela eta.

Horrenbestez, funtsezko filma dugu hau, gaur-gaurko gai bati buruzkoa. Portugalgo igogailuen fabrika bateko langileek deskubrituko dute beren nagusiak makinak erretiratzen aritu direla ezkutuan, eta horrek erne jarriko ditu, lanpostuak galtzeko arriskua dela eta. Horrela, borondate-borroka bat hasiko da; izan ere, langile gehienek uko egingo diote ondorengoko negoziazioetan esku hartzeari. Eta, orduan, fabrika okupatzea erabakiko dute.

Portugalgo zinema garaikidearen tradizioak ikusle gisa ausart izatera ohitu gaitu. Eta film honek ere besteak beste Costa, Gomes, Lamas eta Villaverde zuzendariek irekitako bide horri jarraitzen dio: ez dio batere beldurrik dokumentalaren, fikzioaren edota musikalaren mugak gainditzeari.

Deigarria da azken urteotako jaialdietan portugesezko hiru film ausartu izana krisiari parez pare begiratzera eta egoera horri zinemaren bidez erantzutera, aldarri edo panfleto hutsalik gabe. Gaur egun gertatzen ari zaigunaz zineman oinarrituta hitz egiten duen zinema: Arábia, João Dumans eta Affonso Uchoarena; Colo, Teresa Villaverderena; eta A Fabrica de nada, Pedro Pinhorena. Hiru film horiek Europako krisiaren egunerokoarekin lotzen dituen lerro bat dago.

Jakin nahi badugu zergatik dauden garai bat markatzen duten pelikulak eta zergatik dauden gure inguruko mundua kontatzeko moduak aurkitu nahi dituzten zinemak, film hau ikustera etorri behar dugu. “Ardura zinemazalea” dei geniezaioke. Norberak erabaki dezala arduradun izan nahi duen.

Portugalen eta Europan, azken urte hauetan goitik behera aldatu da munduari begiratzeko gure modua. Ikuspegi-faltak eta orainari buruzko diskurtso baliodunen faltak eraginik ez dugula sentiarazi digu.

A Fábrica de nada hortik sortu da. Igogailuen fabrika baten itxierak mikrokosmos bat sorrarazi du (hilero-hilero fabrika mordo bat ixten dute Lisboa kanpoaldean), non jende gehienak orduan sentitzen duen ezintasunaren testurak eta ondorioak dramatikoki esploratzen baitira. Porrotaren itzalpean, pertsonaiak aurrera ateratzen ahaleginduko dira, beren bizimodua berriz bideratzeko moduen bila, premia-zentzu batek eta bizi-sen batek bultzatuta. Izan ere, ikusten dute nola beren lanpostuak eta inguruko erakundeak lur jotzen ari direla, eta beren burua behartuta ikusten dute inoiz izan gabeko esperientzia bati, abentura kolektibo bati ekitera, beldurrez eta mesfidati”.

Pedro Pinho

Más actividades de Fokua: Terratreme :

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.