Fokuak (FK) - Fokoak: Zinearen historia etengabea - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Fokoak: Zinearen historia etengabea

Klasiko zaharberrituak

Gure liburutegietan modu ordenatuan edo ez ordenatuan, armonia alfabetikoan, eleberriak, narrazioak, poemak, literaturaren historiaren mende eta estiloak nahasten diren moduan (Darío, Dickens, Didion, Dinesen, Dostoyevski, Durás, Dylan, Eco…), Tabakalerako zinearen gisako areto batean balizko zinearen denbora, iraupen, estilo, soinu eta irudiak txandatu eta elkar aberasten dute.

Elkarri jarraitzen dioten filmek osatutako konposaketa horrek irudien arteko korrespondentziaz eta elkarrizketaz betetako historia iraunkorra sortzen du.  Ingalaterra Viktoriarrean, espiritismo saio batean, beste aldean zer dagoen kontatuko baligute bezala: “Argia, argi gehiago”.

Mahai-gaineratu dezagun beraz balizko teoria bat: zinea eta bere historia etenik gabe, munduko areto guztietan, proiektatzen den pelikula bat eta bakarra dira: Agnès Vardaren azken ibilaldia Normandiako hondartza batean barrena, Buster Keaton tango oso mantso bat dantzatzen ari da Kaurismakirekin ortzimugan errusiar korazatu baten sirena, zuri beltzean, entzuten den bitartean, adibidez.

Zinea da, bere hiru denborekin etengabeko solasean: iragana, oraina eta etorkizuna. Teoría horretan, bere “gertutasun” dimentsioan, badu garrantzia aurreko eta ondorengo pelikularen inguruko galdera egiteak: nondik gatoz? nora goaz? “Elkar ukitzen” duten liburuen eta filmen gertutasun horretan, batzuetan, zinearen historia ofiziala kontatzen duten liburuek sekula ikusiko ez dituzten dirdirak sortzen dira. Orduan, ikuslea bere zinearen historiaren muntatzailea bilakatzen da. Munduko soinu eta irudi guztiak bere modura batzen dituen bizipenen eta memoriaren  gordailua.

Teoria honek badu etorkizunarekin lotutako “urruneko” dimentsio bat. Gurea bezalako areto batean, dagoeneko, oraindik filmatu ez diren pelikula guztiak proiektatzearen aukera. Eta bueltan noa Ingalaterra Victoriarreko espiritismo taldera: zinea ikusteak etorkizuneko zinea asmatzeko aukera ematen du. Esku bat besteagana hurbiltzen ari deneko keinu hori (Akerman, Bresson, Cocteau, Denis, Kiarostami, Lacuesta, Martel), berriz errepikatuko da oraindik sortu ez diren pelikuletan.

Hau da udako zine zikloarentzat sortu dugun markoa, 20ko hamarkadatik 80kora arteko zinearen historia iraunkorrari errepasoa, berriki nazioarteko jaialdietan berriro estreinatutako kopia zaharberrituak.

Programa zuzenean lotzen da partekatutako pantaila honetan kide garenon helburu garrantzitsu batekin: gure publikoei behin eta berriro zinearen balizko historia guztiak berridazteko aukera eskaintzea. Donostia Zinemaldiak orain bi urte abiatu zuen Klasikoak atala, bertan, urtez urte izenburu aski ezagunen kopia zaharberrituak ikusteko aukera ematen du. Nosferatuk historian mugarri izan diren egileak berrikusten jarraitzen du. Euskadiko Filmategiak ikaragarri gozatzeko bidea eman digu Cineteca Bolognak zaharberritutako Buster Keaton handiaren pelikulen kopiekin. EQZEk artxiboaren eta memoriaren inguruan gogoeta egiteko aukera ematen duen espezialitate oso bat dauka aukeran. Eta Tabakaleratik, eragile horiekin guztiekin elkarlanean, iristean den etorkizunaren eta iragan horren arteko solasaldia bideratzen saiatzen gara.

Eta datorren ikasturtean, hilabetero izango bagenu aukera pelikula-altxor horiek zaharberritzen dituzten lantaldeak euren ikerketa eta lan-prozesuen inguruan hizketan gure zinean entzuteko? Zine-eskolan nazioarteko adituak ari dira klaseak ematen baina orain aretoko publikoagana ekartzea da gakoa, Cineteca di Bolognako Cecilia Cenciarelli zaharberritzailea bezala, berak Sherlock Jr. (Buster Keaton, 1924) filmaren inguruko sekretuak kontatu zizkigun. Badira zenbait termino poliki-poliki ezagunak bihurtu behar dutenak, horretarako da zine-areto hau Zine-eskolaren gela bat: lehen belaunaldiko nitrato-kopiak, negatibo originalaren eskaneatua, birmasterizazioa, e.a.

Horretarako, urrian hasiko dugun ikasturtean hasiko diren zaharberritzaileen bisiten hitzaurre gisa balio duen ziklo hau abiatuko dugu orain.

 

Uda heldu da eta gure aretoa altxorraren uhartea, brisa, babeslekua bihurtu da. Expresionismo aurreko Alemanian mediku bat Txinara doa opioaren ondorioak aztertzera (Opium, Robert Reinert, 1919). Senaren bazterrean, Jean eta Juliettek euren maitasun istorioa bizi dute (L'Atalante, Jean Vigo,1934), bitartean Nicole Védrès zuzendari frantziarrak kaleak, merkatuak, errotak, jendea eta abestiak erretratatzen ditu Frantziako hiriburuan (Paris 1900, 1947). Argiaren hiriak bi heriotza-berpizteri utziko die lekua: Ordet, Carl Theodor Dreyer, 1955, eta Vertigo, Alfred Hitchcock, 1958. Orain, beste agerraldi bat: Liv Ullmanek 20 urte zituela egin zuen dantza lehenengo aldiz Edith Carlmar zuzendari norvegiarrarentzat (Ung Flukt, 1959). Eta ondoren, krisialdia: Txekoslovakia. 60ko hamarraldia, Vera Chytilovák euren bizitzei zentzua bilatzen ari diren bi emakumeren historia kontatzen digu (O necem jinem, 1963).

Uda aurrera doa, abuztuak 10, Donostiako Aste Nagusia: zer izan daiteke ospakizunerako hobea James Bond-Sean Connery (Goldfinger, Guy Hamilton, 1964, 007 agentearen bertsio dirdiragarri eta kistchena baino?. San Lorentzoren Pertseidak eta Ekialdeko itsasoak: batetik Tarantinok bere Kill Billen zuzeneko erreferentzia gisa aipatzen duen Dragon Inn, King Hu, 1967. Bestetik, zinearen harribitxi galdu eta berreskuratua: Bara no sôretsu, Toshio Matsumoto, 1969, Tokyo 60ko hamarraldian, gay underground giroaren erretratua.

Erreskate gehiago, deskubrimendu gehiago: Márta Mészáros izan zen Berlinen Urrezko hartza irabazi zuen lehen emakumea 1975 urtean (Örökbefogadás). Elfi Mikesch zuzendari hungariarrak 1978 urtean Ekialdeko Berlinen, Alemanian bizi den nerabe baten ametsak erretratatu zituen, Karibea eta Hawaii (Ich Denke oft an Hawaii). Uda Karaoke moduan agurtuko dugu. Mikroan Emakume Urdina: Blue Velvet, David Lynch,1986:  

 

She wore blue velvet

Bluer than velvet was the night

Softer than satin was the light

From the stars...

 
 

Uztailak 6, larunbata, 19:00

Opium, Robert Reinert, Alemania, 1919, 112' DCP 2K, JB GER, Azp EN-ES

*EQZEko artxibo espezialitateko ikasleek aurkeztutako saioa.

DCP 2K zahaberrritua. Mundu mailako berrestreinaldia 2018ko Berlineko jaialdian, Weimar-eko errepubliari eskainitako atzerabegirakoan.

 

Uztailak 13, larunbata, 19:00

L'Atalante, Jean Vigo, Frantzia/Francia, 1934, 89' DCP 4K, JB FR, Azp ES

DCP 4K bermasterizazioa. Mundu mailako berrestreinaldia 2017ko Cannes Classics sailean.

 

Uztailak 20, larunbata, 19:00

Paris 1900, Nicole Védrès, Frantzia, 1947, 74' DCP 2K, JB FR, Azp ES

DCP 2K zahaberrritua. 1947ko Cannes-eko zine jaialdiaren sail ofizialean estreinaldia eta 2017an Il Cinema Ritrovato

 

Uztailak 27, larunbata, 19:00

Ordet, Carl Theodor Dreyer, Danimarka, 1955, 125’ DCP 4K, JB DK, Azp EN-ES

DCP 4K bermasterizazioa. Mundu mailako berrestreinaldia 2019ko Berlineko jaialdian, Berlinale Classics sailean.

 

Abuztuak 2, ostirala, 19:00

Vertigo (Vértigo: De entre los muertos), Alfred Hitchcock, AEB/EUA, 1958, 128' DCP 4K, JB EN, Azp ES

DCP 4K bermasterizazioa.  Mundu mailako berrestreinaldia 2013ko Cannes Classics sailean.

 

Abuztuak 3, larunbata, 19:00

Ung Flukt, Edith Carlmar, Norvegia/Noruega, 1959, 94’ DCP 4K, JB NO, Azp EN-ES

DCP 4K bermasterizazioa. Mundu mailako berrestreinaldia 2019ko Berlineko jaialdian, Berlinale Classics sailean.

 

Abuztuak 9, ostirala, 19:00

O necem jinem (Something Different) Vera Chytilová, Txekoslovakia, 1963, 90' DCP 2K, JB CHECO, Azp ES

 

Abuztuak 10, larunbata, 19:00

Goldfinger, Guy Hamilton, Erresuma Batua, 1964, 108' DCP 4K, JB EN, Azp ES

DCP 4K bermasterizazioa.  Mundu mailako berrestreinaldia 2015eko Berlineko jaialdian, Berlinale Classics sailean.

 

Abuztuak 16, ostirala, 19:00

Dragon Inn, King Hu, Taiwan, 1967, 110' DCP 4K, JB MAN , Azp ES

DCP 4K bermasterizazioa. Mundu mailako berrestreinaldia 2014ko Cannes Classics sailean.

 

Abuztuak 17, larunbata, 19:00

Bara no sôretsu (Funeral Parade of Roses), Toshio Matsumoto, Japonia, 1969, 105’ DCP 4K, JB JAP-EN, Azp ES

DCP 4K bermasterizazioa. Mundu mailako berrestreinaldia 2018ko Rotterdameko jaialdian.

 

Abuztuak 23, ostirala, 19:00

Örökbefogadás, Márta Mészáros, Hungaria/Hungría, 1975, 87’ DCP 4K, JB HU, Azp EN-ES

DCP 4K bermasterizazioa. Mundu mailako berrestreinaldia 2019ko Berlineko jaialdian, Berlinale Classics sailean.

 

Abuztuak 24, larunbata, 19:00

Ich Denke oft an Hawaii, Elfi Mikesch, Alemania, 1978, 85’ DCP 2K, JB GER, Azp ES

DCP 2K bermasterizatua. Mundu mailako berrestreinaldia 2019ko Berlineko jaialdian, Berlinale Classics sailean.

 

Abuztuak 30, ostirala, 19:00

Blue Velvet, David Lynch, AEB, 1986, 120' DCP 4K, JB EN, Azp ES

DCP 4K bermasterizazioa.  Criterion Collection-en berrestreinaldia (2016).

 

 

  • Data: Larunbata, 2019ko uztailak 6 > Ostirala, 2019ko abuztuak 30
  • Lekua: Zinea
  • Sarrera: Sarrerarekin
Fokoak: Zinearen historia etengabea:

Jarduerak