Fokuak (FK) - Fokua: Hilabete laburrena - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Fokua: Hilabete laburrena

Hilabete laburrena

 

Irudika dezagun liburutegi bat. Irudikatu dezagun museo bat. Pentsa dezagun formatuen elkarbizitzan: Goyaren akuaforteetatik, Joan Didionen kontakizunetara, David Hockney-ren errotuladoreetatik, Louise Bourgeoisen eskulturetara. Pentsa dezagun orain nola Tabakalerako zinema forma eta formatu ezberdinen elkarbizitza espazio bat ere baden: Agnès Vardaren ikus-entzunezko saiakera baten zati batetik, Mariano Llinásen 14 orduko pelikula batera; Godard gaztearen film laburren berrikusketa batetik, Claire Denisen obrari eskainitako atzerabegirako oso batera.

Urteak dira otsaila “laburrari” eskainitako hilabetea dela gure pantailan, formatuen aniztasuna film laburrei arreta emanez ospatzen dugula. Urteko programazio osoak zinema eta bere denbora ezberdinak ospatzen dituen bezala (fikzioak, dokumentalak, saiakerak edo animazioak bereizi gabe), urtean zehar garai, teknika, estilo eta iraupen ezberdinak konbinatzen ditugu. Txikia ez da inoiz txikia Tabakalerako zineman eta beraz, film laburrak pantaila honetan arte zinematografikoaren adierazpen bat gehiago dira.

Badator berriro Labo, Clermont-Ferrand (Frantzia) film laburren jaialdiko sailik lotsagabeena, gehien arriskatzen dena eta etorkizun oparoena duena. Badator berriro Kimuak, urteko euskal laburmetraia onenen laguntza eta banaketa programa. Badator berriro Nest Film Studenteko irabazleen errepasoa, nazioarteko eskoletako film labur onenei Zinemaldiak eskaintzen dien saila. Orain dela urtebete “Asterik laburrena” deitzen genion eta bost egunetan film laburren programak biltzen genituen. Aurten hilabete osora hedatuko dugu: berrogeita hamar laburmetrai baino gehiago otsaila eta martxo hasieran.

Irudika dezagun zinema aretora ospatzera goazenean garatzen eta hedatzen den izaki bizi gisa.

2020ko lehen hiruhilekoko programa:

 

Otsailak 16, igandea, 19:00 Zinea 1

Parsi, Eduardo Williams, Mariano Blatt, Argentina, 2019, 23'

Teddy Williams-ekin elkarrizketa 

 

Otsailak 26, asteazkena, 19:00 Zinea 1

Em caso de fogo, Tomás Paula Marques, Escola Superior de Teatro e Cinema, ESTC, Portugal, 2019, 23' / ORONA SARIA. Nest Film Studentsen film labur onena.

Aipamen berezia Nest Film Students:

Fiebre Austral, Thomas Woodroffe, Escuela de Cine y Televisión, Universidad de Chile, Chile), 2019, 21'

La enorme presencia de los muertos, José María Avilés, Elías Querejeta Zine Eskola,  2019, 13'

 

Otsailak 27 osteguna, 19:00 Zinea 1

Kimuak

Otsailak 28 ostirala, 19:00 Zinea 1

LABO

Otsailak 29 larunbata, 19:00 Zinea 1

LABO

Martxoak 1 igandea, 19:00 Zinea 1

LABO

 
 

 

  • Data: Larunbata, 2019ko otsailak 2 > Igandea, 2019ko martxoak 3
  • Lekua: Zinea
Fokua: Hilabete laburrena:

Jarduerak