Fokuak (FK) - Fokua: Lucrecia Martel - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Fokua: Lucrecia Martel

La ciénaga, Lucrecia Martel

Foku honen izena “Zamaren zain” izan liteke. Izan ere, ia hamar urte igaro dira Lucrecia Martelen azken filma kaleratu zenetik. Epe horretan, bere lehenengo filmarekin Berlin txundituta utzi zuen zuzendari gazte eta ezezaguna izatetik –Argentinako zineman bide berria ireki zuen–, kultuzko autore izatera igaro da, autore-zinemaren nazioarteko zirkuituan bere lekua hartuta, firma eta estilo propioarekin.

Urtarrilaren hirugarren astean, bere laugarren film luzea estreinatuko du: Zama. Antonio di Benedetto autorearen izen bereko eleberriaren egokitzapena da. Oso pozik gaude Martelen film berri bat ikusi ahal izango dugulako berriro pantaila handian. Hori dela eta, Tabakaleran, zinemagilearen karrera errepasatu nahi dugu. Honako hau izan liteke atzera begirako honen bigarren izenburua: “Ibaian gora, irudiak eta soinuak Lucrecia Martelen obran”. Artistaren lana errepasatzea, filmak egiteko bere modu bitxiak berriro txunditu gaitzan. Bere zinemara errenditzea. Bere korronteek eraman gaitzaten uztea, hasiera-hasieratik; egun, munduko zineman, bere presentzia eta zigilua eztabaidaezinak diren honetan.

Nola hasi zen dena? Galdera hori planteatzen dugu askotan autore handien obra errepasatzerakoan. Zer gertatu zen horren aurretik? Nola sortu zen enkoadratzeko bere modu bitxia? Eta soinua lantzeko era? Baina, batez ere: Zer sentiarazten digu bere film guztiak pantaila handian berriro edo lehen aldiz ikusteak?

Hasi zenetik, bere obra munduko zinemaldi garrantzitsuenetan estreinatu izan da: Cannes, Berlin, Venezia, Toronto, New York, Sundance eta Rotterdamen, besteak beste. Bere lana, halaber, mundu osoko instituzio eta zinema ospetsuenetan aztertu dute: Harvardetik hasi eta Londresko Tate arte-galeriaraino. Oraingo honetan, Tabakalerako gure aretoaren txanda iritsi da.

Foku honetan, alde batetik, autorearen aurreko hiru film luzeak errepasatuko ditugu: La ciénaga (2001), La niña santa (2004) eta La mujer sin cabeza (2008). Zama (2017) urtarrilaren 26an estreinatuko da areto komertzialetan. Hortaz, ziklo honen asmoa da gure aretoan errepasoa egin ondoren, publikoa animatzea hiriko zinemetan Lucrecia Martelen azken filma ikustera joan daitezen. Zikloarekin jarraitzeko, Selva Almada idazle argentinarraren bisita izango dugu. El mono en el remolino / Notas del rodaje de Zama, de Lucrecia Martel izeneko liburua argitaratu berri du. Irakurketa-hitzaldi bat eskainiko du, Zamaren filmazioari buruzko bere ikuspuntua azaltzeko. Bestalde, Manuel Abramovich zuzendari argentinarraren Años luz (2017) filma proiektatuko dugu. Zamaren filmazioari buruzko dokumental hori Veneziako Zinemaldian estreinatu zen. Era berean, Horma eremuan zuzendariaren aurreko laburmetraiak errepasatuko ditugu.

Amaierarako utzi dugu ziklo honen harira ilusio handiena egiten digun berria: Lucrecia Martelen bisita. Urtarrilaren 10ean (asteazkena) etorriko da. Publikoarekin hitzaldi-topaketa bat egiteko eskatu diogu, zinema-zuzendari gisa egin duen ibilbideko irudi eta soinuen imajinarioa errepasatzeko. Aukera izango dugu zuzenean bere ikuspuntua ezagutzeko –Martel bera bere zinema errepasatzen–; gure publikoari plazer handiz eskainiko diogu aukera hori.

Bai zikloa bai bisitak Elías Querejeta Zine-Eskolaren laguntzarekin antolatu ditugu.

 

 

FOKUAK/ LUCRECIA MARTEL
01.05, ostirala, 19:00: La Ciénaga, Argentina-Espainia-Frantzia, 2001, 103’
01.10, asteazkena, 18:00: Lucrecia Martelen hitzaldia. Sarrera librea leku guztiak bete arte
01.13, larunbata, 18:00: La niña santa, Argentina-Espainia-Italia-Herbehereak, 2004, 106'
01.19, ostirala, 19:00: La mujer sin cabeza, Argentina-Espainia-Frantzia-Italia, 2008, 87’
02.03, larunbata, 16:30: Elkarrizketa-topaketa. Selva Almada idazlea eta Violeta Gil sortzailea Tobacco Days liburudendan
02.03, larunbata, 18:00: Hitzaldi-irakurketa Selva Almada idazle argentinarraren eskutik (El mono en el remolino. Notas del rodaje de Zama, de Lucrecia Martel)
02.03, larunbata, 19:30: Años luz, Manuel Abramovich, Argentina-Brasil-Espainia, 2017, 75’

Horma / Urtarrila / Lucrecia Martel / Rey muerto, 1995, 12' / Pescados, 2010, 4’ / Nueva Argirópolis,  2010, 8’

Elkarlanean eginiko zikloa: