Fokuak (FK) - Fokua: Trinh T. Minh-ha - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Fokua: Trinh T. Minh-ha

Trinh_T_Minh_Ha

 

Trinh T. Minh-ha: Bariazioak polifoniaz

Testu hau Trinh T. Minh-ha zinemagilearen pelikulak bezalakoa balitz, bi lerro zuri izango lituzke hasieran, eta galdera-ikur batzuk ondoren, galderak irekitzen dituztenak baina inoiz ixten ez dituztenak; jarraian, diskurtso polifoniko bat letorke, hainbat hizkuntzatan eta azentu desberdinekin eraikia; esaldi batzuk eskuinetik ezkerrera idatzita egongo lirateke, nahita egindako ortografia-hutsekin eta esanahi anbiguo eta iradokitzaileekin. Jatorri vietnamdarreko zinemagile polemiko honek, zeina duela berrogei urtetik Estatu Batuetan bizi baita, errotik hausten ditu hizkuntza zinematografikoaren arauak, eta zinema dokumentalaren konbentzio guztiak hankaz gora jarri; horrela, era berean, zalantzan jartzen ditu begirada antropologikoaren zentzua eta beste kulturak bisualki irudikatzeko modu klasikoak.

Laurogeiko urteen hasieratik, Trinh T. Minh-ha artistak saiakera zinematografikoak egin ditu, ikus-entzunezko etnografia erabat subjektiboak, askotariko lekuetan, hala nola Senegalen, Burkina Fason, Togon, Malin, Vietnamen, Txinan eta Japonian. Mundu osoan hainbatetan nabarmendu izan dute haren obra, eta zinema-genero jakin batzuetako kultuzko zuzendari bilakatu da. Zinemagile-karreraz gain, ibilbide akademiko bikaina jorratu du: ikertzailea da Berkeleyko Unibertsitatean, irakasle gonbidatua izan da munduko unibertsitate askotan, eta zenbait liburu idatzi ditu besteak beste generoari, botereari, errituari, errepresentazioari, teoria zinematografikoari eta aro postkolonial edo neokolonialeko politika kulturalei buruz. Dudarik gabe, pentsamendu kritikoaren eta gaur egungo ikus-entzunezko kontrakulturaren figura interesgarri eta polemikoenetako bat da.

Haren obraren konplexutasuna deszifratzen saiatzeko, “zinema etnografiko esperimentalaren” nozioa har genezake oinarri gisa, nahiz eta, ziur asko, berak ukatu egingo lukeen bai hori, bai bere filmak sailkatzen saiatzen den beste edozein kategoria. Haren diskurtso kritikoak zenbait ardatz ditu: feminismoa, ezberdintasun eta ezberdinkeria soziokulturalaren gaineko ikuspegi hegemonikoa, egiaren arazoa zientzia antropologikoetan eta zinema dokumentalean, nortasunaren gaia, kulturarteko hibridazioak eta desadostasunak, eta esparru zinematografikoaren inguruko esperimentazio artistiko askea.

Lehenengo lanetatik ezartzen du Trinh T. Minh-hak bere gainerako ekoizpena markatu zuen printzipio etiko eta epistemologikoetako bat: adierazten du bere asmoa ez dela besteei buruz hitz egitea, ezpada besteengandik hurbil hitz egitea. Kritika larria egiten du alteritatearen aurreko jarreraren inguruan (oso ohikoa da Mendebaleko herrialdeetan); izan ere, subjektuak objektibatzeko eta kultura-ezberdintasuna ondasun kontsumigarri bihurtzeko joera du. Batez ere argazkilaritza eta zinema etnografikoen atzealdeko botere-jokoak azaltzen ditu (Europakoak eta Ipar Amerikakoak, nagusiki): haren ustez, ikuspegi kolonialista eta etnozentrikoa proiektatzen dute, hurbil dagoena bildumazaletasunetik, exotismotik, voyeurtasunetik edo, are gehiago, pornografiatik. Beste alde batetik, Mendebaleko pentsamenduak duen obsesio bat salatzen du: mundua ulertzeko sinbolo eta irudi guztiak azaltzeko ahalegina, eta horiei esanahi bat inposatu nahi izatea. Egile honen zinemak giza esperientziaren izaera plurala, fragmentarioa eta polisemikoa aldarrikatzen du.

Zinemaren eta antropologiaren arloetan ibiltzeaz gain, Trinh T. Minh-ha musika-konpositore ezaguna ere bada. Hain zuzen ere, haren filmen ezaugarrietako bat da etnomusikologiaren inguruan duen interes handia: hainbat erritmo, kantu, soinu eta tresna dokumentatzen ditu, baita horien lagungarri diren gorputz-mugimenduak ere. Haren filmek ekarpen bikaina egiten diete hainbat kulturatako musika, dantza eta erritual tradizionalen erregistroari eta erreprodukzioari.

Haren obraren zati handienaren beste ezaugarri bereizle bat da entzunezkoa eta ikusmenekoa bereizita, ondoan jarrita edo kontrapuntuan agertzen direla. Irudiak eta soinuak diskurtso paraleloak eraikitzen dituzte, baina artikulaziorik gabe ia: elkarren osagarri dira, independente izateari utzi gabe. Egile batzuek iradoki dute haren filmak ikus-entzunezko performancetzat jo behar direla, eta berak ere azaldu du, film bat egitean, sorkuntza-prozesua musika konposatzeko edo poesia idazteko prozesuaren oso antzekoa dela. Trinh T. Minh-haren zinema zinema “azentuatu” gisa uler dezakegu: ozartasunez egiten du bere inperfekzioaren estetika, bideo-arte etnografikoaren estilo oso propioa sortuta.  Haren obrak, inor gutxirenak ez bezala, akademiaren barruko kanonak eta status quoa astintzea eta ezegonkortzea lortu du, eta erreakzio bortitzak eragin ditu, batez ere sektore kontserbadoreenen artean. Nolanahi ere den, esan behar da egile batzuek argudio sorta nahikoa serioak eta ondo funtsatuak sortu dituztela haren zinemaren aurka. Ni neu, haren filmak lehenengo aldiz ikusi nituenean, liluratuta geratu nintzen, eta paregabeak iruditu zitzaizkidan. Bigarren aldian, zenbait iritzi kritiko irakurri ondoren, eszeptizismo handiagoz ikusi nituen, eta zenbait ahulgune aurkitu uste izan nituen. Gerora, haren idazkietako batzuk irakurri ondoren, hobeto ulertu nuen haren filmek biltzen duten aberastasuna, eta estimutan hartu nituen berriz ere. Dena den, gustu edo esperientzia pertsonalez harago, zalantzarik gabea da Trinh T. Minh-haren zinemak ikusleak harritzeko ahalmena duela. Haren begirada eta ahots kritikoak, haren esperimentazio artistiko ausartak eta balio estetiko sofistikatuak, haren bokazio etnografiko nekaezinak eta nagusi diren diskurtsoen aurrean eragiten dituen galdera sakonak ezinbesteko egile bihurtzen dute Trinh T. Minh-ha, zinemak eta arte bisualek antropologiarekin, gizarte-zientziekin eta giza zientziekin bat egiten duten esparruan. Obra enigmatikoa da, hainbat aldiz ikusteko eta berrikusteko gonbita egiten diguna, beti irakurketa eta hausnarketa berriak eraginez.

Ildo horretatik, zuzendari bikain honen estiloa erabiliz amaitze aldera, uko egin niezaioke testu labur honen egiletzari, eta irakurleei interpretatzeko edo beren egiteko askatasuna eman niezaieke.

Antonio Zirión.

 

*Punto de Vista jaialdiarekin elkarlanean.