Fokuak (FK) - Fokua: Ulrike Ottinger - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Fokua: Ulrike Ottinger

Ulrike Ottinger

Ulrike Ottinger artista, zine zuzendari eta argazkilari alemaniarra da. Zine Aleman Berria deitzen zaion mugimenduaren izen nagusienetako bat da. Mugimendu honek 70. hamarkadan identitate, politika eta kultura nazionala redefinitu zituen bere jarrera eta pelikulen bidez. Ottingerrek R. W. Fassbinder eta Werner Schroeterrekin batera, sexualitatea, gorputza eta musika gazteria berri horren ezaugarri identitario gisa txertatu zituen zentzu baten bila zebilen zine baten konbentzioak hautsiz eta zabalduz. Zine berri bat asmatu behar zen eta asmatu zuten.

Ottingerren kasuan, garrantzitsua da bere heziketa artistikoa azpimarratzea, Parisen margolari gisa eman zituen urteak eta Konstanzera itzulera, Alemania mendebaldera. Bertan galeriako lana, gidoi idazketak, zineklubak eta lehenengo pelikulak konbinatu zituen. Gero, bere aro berlindarra iristen da. Bertara joan zen bizitzera 1973an eta bere izena ezagun egin zen hiriko kultura popular berrienean eta hiriko mugimendu artistiko, zinemazale eta feministan.

Ottingerrek 24 pelikula ditu bere filmografian eta bere estiloa eraldatuz joan da hasierako fikzio piktoriko, polemiko eta urratzaileetatik, bere pelikula batzuk bidaia orientalen kuaderno bihurtu dituen begirada dokumental garbienetara. Exotikoa dena, urrutikoa, ezberdina, misteriotsua, oraindik aurkitzekoa bezala definitu badaiteke, erabat exotikoa den zuzendari eta ziklo baten aurrean gaude.

Orain gertaera bat: Berlineko Zinemaldiko azken edizioan aurkeztu zuen Ottingerrek bere azken pelikula, 714 minutuko bidaia bat (12 ordu 4 kapitulotan banatuta) Alaskatik Bering uhartera. Guk pelikula estreinatuko dugu, bere klasiko bat errekuperatuko dugu eta Euskadiko Filmategia eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren Zinema Solasaldiak programaren barruan zuzendaria eta Sra. Polaroiska (Alaitz Arenzana eta María ibarretxe)-ren arteko topaketa programatuko dugu.  

Antolatzaileak:

Laguntzaileak: