Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmena, atxikitako unibertsitate zentro bihur dadin Elias Querejeta Zine Eskola (EQZE) | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2019-02-01 11:45

Foru Aldundiaren eta UPV/EHUren arteko hitzarmena, atxikitako unibertsitate zentro bihur dadin Elias Querejeta Zine Eskola (EQZE)

Eskolaren egungo ikasketak Unibertsitateko berezko masterrak izango dira hemendik aurrera.  Datorren ikasturterako izen-ematea ostiral honetan hasten da.

 
 

 

Itxaso: “Hitzarmen honek ez die erasango EQZEren proposamenak dituen independentziari eta berezitasunari, beraren balio nagusietako batzuk baitira. Urrats bat gehiago da Eskola finkatzeko, zeinak jarraitzen baitu bazkideak batzen, itun sare hori sendotzeko, proiektuaren giltzarrietako bat izanik”.

Balluerka: “Unibertsitateak zinematografiaren inguruko bere eskaintza sendotuko du, zeina baita arte bat eta industria bat funtsezkoa dena kultura garaikidea ulertzeko eta eraldatzeko”

 

UPV/EHU-ko Errektore den Nekane Balluerkak eta Kulturako Diputatuak, Denis Itxasok Elias Querejeta Zinema Eskola Euskal Unibertsitatera atxikitzeko hitzarmena sinatu dute gaur.  

EQZE zinemaren iraganari, orainari eta etorkizunari buruzko nazioarteko zentro bat da, pentsamendua, praktika esperimentala eta berrikuntza pedagogikoa eskaintzen dituena. Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak sustaturik, eskola bere kontzeptualizazioa eragiten ari diren zinemaren arloko hiru erakunderen arteko lankidetzaren emaitza da. Hiru erakundeok dira: Euskadiko Filmategia, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroa. Eskolaren nortasun juridikoari dagokionez, Gipuzkoako Foru Aldundiaren menpe dago, aldundiak sortu eta finantzatutakoa baita.

“Hitzarmen honek erakusten du arrakasta izan duela zentroak, eta finkatu egin dela urtebete eskaseko bere bizitzan, eta horrek berekin dakar, baita ere, beste aurrerapauso bat ematea Kultura Departamentuaren proiektu estrategiko batean, Gipuzkoako lurraldean garrantzi artistiko eta ekonomikorik handieneko sorkuntza-arlo batean. Horrela, sobera betetzen dugu legealdiaren hasierako helburuetako bat”, esan du Itxasok.

Kulturako diputatuak azpimarratu duenez, Eskolak jarraitzen du bazkideak batzen, zeren eta, Zinemaldiari, Tabakalerari eta Euskal Filmotekari, orain Euskal Unibertsitate Publikoa elkartzen zaie, itun sare hori sendotzeko, proiektuaren giltzarrietako bat izanik. “Prozesu hau modu natural batean gertatu da, eta bi aldeek agertu dute hitzartzeko borondate osoa. Gainera, nabarmendu nahi dut atxikipen horrek ez diela erasango EQZEren proposamak dituen independentziari eta berezitasunari, beraren balio nagusietako batzuk baitira”.

Bestalde, EHUko errektorea oso pozik agertu da lortutako hitzarmenarekin: “Unibertsitateak bere jarduera nagusien artean ditu irakaskuntza eta ikerketa, baina horien artean ere badago arte sorkuntza bultzatzea ere, Arte Ederrekin eta beste diziplina batzuekin gertatzen den bezala. Orain, Elias Querejeta Zine Eskolari atxikita, sakondu egiten dugu zinema munduko gure sarrera, hiru graduondoren bitartez. Hala, Zine Eskolak Unibertsitatearen laguntza akademikoa izango du, eta Unibertsitateak, berriz, zinematografiaren inguruko bere eskaintza sendotuko du, zeina baita arte bat eta industria bat funtsezkoa dena kultura garaikidea ulertzeko eta eraldatzeko”.

Hitzarmen hau sinatzeak, errektorearen iritziz, aukera akademiko berriak zabaltzen ditu: “Eskolak, orain, EHUren marka dauka, zeinak bere zigilua eskaintzen baitie hiru graduondoei. Gure unibertsitateak ikusgaitasun akademikoa eskain diezaioke proiektuari, baita unibertsitate aukerak zabaldu ere Eskolako ikasleei; bestalde, Eskolak irakasleria interesgarri bat erakartzen du Donostiara, zinema munduari lotua, zeinak laguntzen baitigu gure prestakuntza-eskaintza zabaltzen ez ezik, baita ikerketa- eta transferentzia-itun berriak ezartzen ere. Seguru nago Zine Eskola Unibertsitateari atxikitzea bi erakundeen onerako izango dela, eta Donostia nahiz Gipuzkoa beti ezaugarritu dituen zaletasun hori finkatuko du”.

 

Hitzarmena

Eskolaren egungo ikasketak Unibertsitateko berezko masterrak izango dira, Artxibo,  Komisariotza eta Sorkuntza, alegia. Datorren ikasturterako izen-emateko epea ostiral honetan hasten da.

EQZE-n egindako ikasketak Unibertsitateko ikastegietan ematen direnen balio akademiko berbera izango dute, eta kasuan kasuko ondorio profesional berbera. Titulu horiek Unibertsitatearen berezko ikastegien eskaintza guztiekin batera zabalduko ditu Unibertsitateak. Diplomak eta tituluak errektoreak emango ditu.

UPV/EHU-rekin koordinatuta, eskolak bere gestio-eredua eta bere proiektu pedagogikoa mantenduko du autonomia osoz. Ikasleak eta unibertsitatea bera eskolaren Zuzendaritza Batzordearen baitan egongo dira.

Hitzarmen honen indarraldia lau urtekoa izango da eta berez luzatuko da beste lau urterako, aldeetakoren batek hitzarmena berritu nahi ez duela adierazi ezean.

 

Ikasleak

Ikasleek UPV/EHUko titulua eskuratzeaz gain, ikasletzat hartuko dira bibliotekako, kiroletako eta unibertsitate hedakuntzako zerbitzuak erabiltzeari dagokionean, baita Gipuzkoako Campuseko Errektoreordetzarekin adostu daitezkeen bestelako zerbitzuak erabiltzeari dagokienean ere.

Ikasleen gehienez % 20ak «bikaintasun aipamena» lortu ahal izango du eta tituluan jasota ageriko da. Matrikula eskolan bertan egingo da.

 

2018-2019 ikasturtea

Ostiral honetan hasiko da, otsailak 1, Elías Querejeta Zine Eskolako bigarren ikasturtean parte hartzeko epea, onartuak izateko aldian, eta maiatzaren 31n amaituko da.  Ikasturteak 56 aste iraungo du, sei modulutan banatuta, bakoitza bost eta zazpi aste bitartekoa. Modulu bakoitzeko irakasgaiak gai nagusi baten ingurukoak dira espezialitate bakoitzean. Antolamendu horren eta hiru ibilbideen helburua da ikasleek ahalik eta ikuspuntu zabalena eta zeharkakoena lortzea, zeinak aukera emango baitie zinemaren hiru aldiekin elkarrizketan aritzeko: lehenaldia (ikerketa eta babesa), orainaldia (komisariotza eta programazioa) eta geroaldia (sorkuntza).

Horiek horrela, alde batetik, Artxiboa espezialitateak bilatzen duena da espezialistak prestatzea ondare zinematografikoaren eta ikus-entzunezkoaren identifikazioan, sailkapenean, zaharberritzean eta babestean; beste alde batetik, Komisariotza espezialitatearen ardatza da zinema eta ikus-entzunezko arteak xede eta protagonista dituzten era guztietako programazioak, argitalpenak, esku-hartzeak eta erakusketak kontzeptualizatzea, kudeatzea, garatzea eta hedatzea; azkenik, Sorkuntza espezialitateak arakatzen du filmak eta ikus-entzunezko obra artistikoak errealizatzeko interesa duenaren prestakuntza teorikoan eta metodologikoan ez ezik, baita miaketa praktikoan ere.

Plaza-eskuragarritasuna mugatuta dago –gehienez 15 ikasle espezialitate bakoitzeko–, eta matrikularen prezioa 3.900 euro da, barne hartuta administrazio- eta kudeaketa-gastuak, tasak eta unibertsitate zerbitzuak. Izen ematea Eskolaren web orriaren bitartez bakarrik egin ahal izango da: www.zine-eskola.eus. EQZEko bigarren ikasturtearen hasierak bat egingo du Donostiako Zinemaldiaren 67. edizioaren hasierarekin, zeina izango baita 2019ko irailaren 17an, asteartea.