Gaur aurkeztu da Itziar Okariz artistaren "I Never Said Umbrella" erakusketa | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2018-02-16 13:30

Gaur aurkeztu da Itziar Okarizen "I Never Said Umbrella" erakusketa

Beatriz Herráez arte historialariak komisariatutako mostra ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai.

Tabakalerak Itziar Okariz artistaren I Never Said Umbrella erakusketa aurkeztu du. Okariz performancearen arloko izen handietako bat da, eta nazioartean errekonozimendua jaso duen ibilbide garrantzitsua ere badu. Beatriz Herráez arte historialariak komisariatutako mostrak aurrez egindako lanak eta ekoizpen berriak biltzen ditu eta ekainaren 3ra arte egongo da ikusgai.

I Never Said Umbrella izenburua gaizki-ulertu batetik sortutakoa da, David Bowieren New Killer Star kantuaren errepikaren interpretazio oker batetik. Erakusketaren izenburua, eta baita espazioaren diseinua ere, Okarizen lanean nolabaiteko eragina duten musikaren eta zinemaren munduko erreferentziei egindako keinua da. Aipatzekoak dira, halaber, iturri eta erreferentziez ari garela, literatura eta pentsamendu feministaren garrantzia.   

Itziar Okariz (Donostia, 1965) eskultorea da, eta testuaren, irudiaren eta ahotsaren bidez lantzen ditu gorputza irudikatzeko politikei eta espazioaren ekoizpenari loturiko alderdiak, arkitekturaren nahiz hirigintzaren formei beste esanahi bat emanez. Bere praktikak maiz aztergaitzat hartzen ditu mendebaldeko pentsamenduaren kategorietan bigarren mailan baztertuta geratu diren gaiak, horietan abstraktua eta gorpuzgabea denera zuzendu baita arreta. Hizkuntzaren materialtasunetik abiatutako lana, gorputzaren eta eskulturaren arteko harremanak edo aurkezpen berri bakoitzean bere piezen gainean egiten dituen berrirakurketak erakusketa egituratzen duten ildoak dira.

Orain aurkezten den mostra honek ibilbide bat proposatzen du Okarizen lanean giltzarri izan diren Red Light (1995) bideoa, Espazio publiko eta pribatuetan pixa egitea (2000 - 2004) seriea edo Irrintzi (2007) lanetatik hasi, eta ekoizpen berriko lanetara. Azken horien artean daude, Las estatuas (2018), New Yorkeko Metropolitan Museum eta Guggenheim Museoa gisako espazio publikoetan Okarizek bizigabeko objektuekin izandako solasaldietan oinarritutako bideo-instalazioa, eta Ujjayi (2018), Okarizek joan zen udan Jon Mikel Eubarekin batera Tabakaleran emandako lantegi batean jatorria duen instalazioa, eta arnasketaz eta honen izaera figuratiboaz diharduena. Era berean, presentzia handia dute erakusketan azken urteetan egindako hainbat performanceren transkripzioek eta testuek, hala nola Si yo soy yo y tú eres tú (2010), Uno, uno, dos, uno (2010) eta Capítulo 2, V.W. (2012). Horietan agerian geratzen da Okarizen interesekoa den gai bat: entzuteak berarekin dakarren diskriminazio prozesu etengabea, munduari zentzua eman eta ulertzeko ezinbestekoa duguna.

Erakusketak irauten duen bitartean hezkuntza-programaren barruan bisitak, lantegiak eta lantaldeak izango dira, mota guztietako publikoei eskainiak, baita jarduera paraleloen programa bat ere, zinema-emanaldiz, performancez, solasaldiz edo-eta mintegiz osatua. Programazio osagarri honek lotura izango du Tabakalerak abiatu berri duen Ariketak: la segunda respiración biurteko proiektuarekin ere. Jarduera hauen guztien informazio zehatza Tabakalerako webgunean eskainiko da: www.tabakalera.eu

Orain Tabakaleran aurkezten den erakusketa hau iazko maiatzean Basileako Kunsthaus Baselland zentroan hasi, eta ondoren Mostoleseko CA2M zentrotik igaro zen proiektuaren hirugarren eta azken atala da.

Inaugurazio-ekitaldia ostiralean, otsailak 16, izango da arratsaldeko 19:00etan, eta mostrari hasiera emateko Okarizek Capítulo 2, V.W. performancea eskainiko du Tabakalerako Patioan. 

Inaugurazio-ekitaldian laguntzaile izango dira Cervezas San Miguel eta Sushi Artist.