Geomatika eta inteligentzia espaziala topaketa ospatuko dute Hirikilabs laborategian | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-11-14 14:15

Geomatika eta inteligentzia espaziala topaketa ospatuko dute Hirikilabs laborategian

UEUk eta GISLANek “Geomatika eta Inteligentzia espaziala 2017” jardunaldia antolatu dute, Geografia Informazio Sistemek -eta oro har geoteknologiak- dituzten aplikazio eremu ezberdinak ezagutu eta ezagutzera emateko asmoz. Topaketa azaroaren 17an egingo da Donostian, Tabakalerako Hirikilabs kultura digitala eta teknologia laborategian eta Donostiako Udalak babesten du.

Iñaki Alegriak, UEUko zuzendariak; Edurne Otamendik Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuburuak; Diana Francok, Tabakalerako kultura digitala eta teknologia laborategiaren arduradunak eta Mikel Ayestaranek, GISLANeko lehendakariak, Geomatika eta inteligentzia espaziala jardunaldia aurkeztu dute.

Geografia Informazioko Sistemen (GIS) helburua, erreferentzia geografikoa sistematizatuz errealitatea aztertzeko, irudikatzeko eta interpretatzeko aukera bide indartsua eskaintzea da. Mapak dira emaitzarik ezagunena (mapa fisikoak, mapa digitalak, bisore interaktiboak, atlas interaktibo tematikoak…). Hala ere, azken urteetan GISak ahalmen berriez hornitu dira, esaterako GPS datuen integrazioa, metadatuen sorrera, mundu birtual eta errealitate areagotuen sorrera, datu jario masiboen ustiaketa eta bisualizazioa, programazio-lengoaia estandarren bidezko pertsonalizazioa, etab.

Iñaki Alegriak azaldu duenez, “UEUren egiteko garrantzitsuenen artean aurkitzen dira topaguneak sortzea eta Euskal Herriko gizarteak dituen beharrei erantzutea da, horretarako beharrezkoa den marko akademikoa emanez. UEUren zeregina  da gai hau marko horretan kokatzea eta ikasi, eztabaidatu, trukatu eta elkar aberasteko gunea sortzea. Helburu horretan bidelagun ezin hobeak ditugu, eta ziur gaude topaketa emankorra izango dela”.

Diana Francok, Hirikilabseko arduradunak topaketa hau laborategiaren lan-ildoekin oso ondo josten dela azpimarratu du: “Hirikilabs hiri laborategian proiektu ezberdinak garatzeko baliabide transbertsala da teknologia. Zentzu horretan, teknologia gero eta eskuragarriagoa eta erabilgarriagoa da hiritarrentzat eta UEUtik topaketa hau Hirikilabs-en egitea proposatu zuenean interesgarria ikusi genuen teknologia hauekin hiritarrok proiektu aktiboak hau da, gure inguruan eragin dezaketen proiektuak garatzeko aukera dugulako. Hala bada, topaketa hau Hirikilabseko komunitatea osatzen dugunontzat inspirazio iturri izan daitekeelakoan nago. Era berean, Hirikilabsen, Montera 34ren eskutik, etxebizitza turistikoek Donostian duten eraginari buruzko jardunaldi bat egin genuen, AirBnB Donostian efektuari buruzkoa, alegia. Topaketa honetan ere efektu horren berri izango dugu, mota horretako teknologietan eta horien praktikan sakontzen baitu. Beti bezala, teknologiak bide ugari ditu, eta erabiltzaileek nahiz teknologiaren beraren balioek zentzu bat edo beste emango diote”.

Mikel Ayestaran, GISLANeko lehendakariak topaketaren xehetasunak eman ditu:  “Heldu den ostiraleko ekitaldian gauza dezente eta ezberdinak ikusiko ditugu, baina, finean, ezagutuko dugu geoteknologien alorrean ere badagoela datu nahaspila informazio baliagarri bihurtu eta berau hiritarren zerbitzura jartzeko teknologia. Izan ere, informazio espaziala prozesatu eta parametro ezberdinen arabera ustiatzeko gaitasunak ematen du aukera hori. Motzean esanda, GIS akronimoarekin ezagutu ohi diren Geografia Informazio Sistemak eta horren aplikazioak izango dira jardunaldi honetan mintzagai.

GISak mapa eta datu baseen bidez aldagai ezberdinak adierazi eta aztertzeko sistemak dira. Finean fenomeno ezberdinak lurraldearen gainean aztertzeko tresnak. Duela gutxi arte alor oso espezializatuek erabili izan dituzte lizentzia kostuak medio. Azken urte hauetan, ordea, Software librearen garapenarekin, oso alor ezberdinetan aplikatzeko aukera ireki da eta, esan dezakegu, GISak “demokratizatu” egin direla. Egun, osasun azterketekin hasi, biologia zein geologiako azterketa ezberdinetatik pasa, arkitektura eta hirigintzarekin jarraitu eta udaletako zerbitzu sozialetarako erabilerak ikusi daitezke han eta hemen. Izan ere, lurraldearen gainean adierazi daiteke ia edozein aldagai eta horrek hamaika arlotan aztertzeko eta errealitatea ikusteko aukera berriak eskaintzen ditu. Metodologia indartsua da, beraz, bizi ditugun garaiotan.

GISak azterketaz gain, katalogaziorako tresnak ere badira eta lurraldearen gaineko edozein elementu katalogatu dezakegu nahi adina ezaugarri kontuan hartuta (errepide baten zabalera, lur mota, eguneroko trafikoa, …), ondoren behar den eran prozesatzeko, beste era batera ezinezkoa gertatzen den informazio multzoa.

Geoteknologien barruan alor desberdinak daude. Alde batetik, datuen eta datu espazial irekien alorra dago. Eta alor honetan, administrazio publikoen hornitzaile lana ezinbestekoa da gainerakoontzat. Hauek DEA-en (Datu Espazialen Azpiegiturak) bidez banatzen dituzte datu espazialak. Horien egunerokoaren eta etorkizuneko erronken inguruan jarduteko GeoEuskadiko eta GFAko B5M plataformetako kideak izango ditugu hizlari ostiral goizeko saioan. Ez alferrik Euskal Herrian ditugu munduko datu espazialen azpiegiturarik osatu eta eskuragarrienetakoak. Bazkaldu aurretik, R software estatistikoa geomatikarekin uztartzeari buruzko tailerra izango dugu Bilbao Data Lab-eko Gorka Kobeagaren eskutik.

Arratsaldeko saioa kasu praktikoei eskainiko diegu. Izan ere, aplikatzaileak dira teknologia honek bere helburua bete dezan, gako nagusia. Sei izango dira orotara, eta eremu desberdinak jorratuko dituzte. Hernaniko udalaren GIS proiektuaren arrakasta kasuari eta Miarritzeko terrazen bidezko espazio publikoaren okupazioari erreparatuko diegu, erakundeen kudeaketaren ikuspegitik. Hirikilabs-ek Donostiako etxebizitza turistikoek etxebizitzaren egoeran izan duten eraginaren inguruan egindako lan mamitsua ere izango dugu aztergai. Euskal Hiriburuen Iraunkortasunerako Adierazle Sistema aurkeztuko digu Gaindegiak, eta EHUko biologo German Velayosek saguzarrentzako  habitat potentzialen predikziorako GIS modeloa aurkeztuko digu. Gorka Kobeagak tailerraz gain kasu praktiko bat ere aurkeztuko digu. Mapa dinamikoen bidez UDALMAPeko datuen irudikatze ezberdinak erakutsiko ditu. Hauek gaur egun aplikatzen ari diren esperientzia batzuk besterik ez dira, badira gehiago ere, jardunaldi honen mugak medio gure artera ekarri ezin izan ditugunak.

Honekin, egunerokoaren kudeaketan eta ezagutzaren eremuan  leku nabarmena hartzen ari den teknologiaren oraina eta geroa aztertzeko parada izango dugu, kasu errealetatik abiatuz, eta dena euskaraz gainera”.