Zinema garaikidea - Grandeur et décadence d'un petit commerce de cinéma - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Grandeur et décadence d'un petit commerce de cinéma

Jean-Luc Godard-en film bat

Grandeur et décadence d'un petit commerce de cinéma, Jean Luc Godard

Grandeur et décadence d'un petit commerce de cinéma, Jean-Luc Godard, Frantzia-Suitza, 1986, 92'

Zinemari buruz esaten da amets-fabrika bat dela… Ametsen aldetik Gaspard Bazin zinemagilea aurkituko dugu (Jean-Pierre Léaud aktoreak hezurmamitua), bere hurrengo filma prestatzeko lanetan, figuranteak aukeratzeko castingak antolatzen. Fabrikaren aldetik Jean Almereyda (Jean-Pierre Mocky) dugu, gainbeheran dagoen ekoizle bat, egunetik egunera bere negozioak martxan jartzeko finantzaketa lortzea zailago duena. Bien artean, Eurydice (Marie Valera) enigmatikoa, Almereydaren emaztea, zeinak aktore izan nahi baitu. Almereydak bere bizitza arriskuan jarriko du filma finantzatzeko; bien bitartean, Gaspardek Eurydice aukeratuko du protagonista izateko.

 

FILMARI BURUZKO OHARRAK:

Jean-LucGodardek telebistan iraultza eragin zuen eguna

1984an, Pierre Grimblat ekoizle, zuzendari eta aktoreak proposamen hau egin zion TF1 kateari, garai hartan Frantziako telebista-kate publiko garrantzitsuena zenari: omenaldi bat egitea “Sail Beltza”ri; hots, 1945ean Marcel Duhamel-ek Gallimard argitaletxean sortutako polizia-eleberrien bildumari.

Grimblaten ekoiztetxeak, Hamster Filmsek, 37 film jarri zituen martxan guztira. Primetime ordutegian eman ziren, eta hainbat zuzendari entzutetsuk parte hartu zuen: esaterako, JoëlSeria, Yves Boisset, Paul Vecchiali, Jacques Rouffio eta Jean-LucGodard bera. Godardek James Hadley Chase idazlearen The Soft Centre polizia-eleberria egokitu zuen. Filma behin eman zen soilik, 1986ko maiatzaren 24an 20:30ean, eta ez zen inoiz estreinatu zinema-aretoetan.

Grandeur et décadence d'un petit commerce de cinéma filmean, mandatuz egina badago ere, polizia-generoa eta literatur egokitzapen soila gainditzen ditu Jean-Luc Godardek, telebista ahalguztidunaren eskuetan zinemak zer-nolako etorkizun labaina izan dezakeen jorratzeko.

80ko hamarkadaren erdialdean jadanik, Je vous salue, Marie (1985), Détective (1985), Soigne ta droite (1987) eta King Lear (1987) lanen bitartean egindako filmak auzitan jartzen du irudien etorkizuna telebistaren sakralizazioaren aroan. Sorkuntzaren areriotzat hartu ordez, Godarden ustez oraindik asko eskain dezakete pantaila txikiak eta bideo-formatuak. Garai zaila zen zinemarentzat, eta zenbait kritikarik, besteak beste, Serge Daneyk, behin eta berriz iragartzen zuten galtzear zegoela.

Caroline Champetier argazki-zuzendari sari askodunak arreta handiz gainbegiratu du filma DCPn zaharberritzeko lana. Champetier ehunka filmetan baino gehiagotan arduratu da argiztatzeaz eta kamera-lanak egiteaz (Jean-Luc Godard, Jacques Rivette, Chantal Akerman, Arnaud Desplechin eta Léos Carax zuzendarien esanetara).

  • Data: Larunbata, 2018ko Otsailak 17 > Igandea, 2018ko Otsailak 25
  • Ordutegia: 17/02 JBAES 18:00 | 25/02 JBAEUS 18:00
  • Lekua: Zinema - 1 Aretoa
  • Sarrera: Sarrerarekin
  • Prezioa: 3,5€
Sarrerak