Gymnopédies - Gymnopédies - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Gymnopédies

Bost hatzetarako ariketak

Alphonse Allais. Album primo-avrilesque. 1897. Bibliothèque Nationale de France.

Alphonse Allais Allais, Alphonse (1854-1905). Bibliothèque Nationale de France.

Gymnopédies izenburua jarri zien Erik Satie (1886-1925) musikari eta konpositoreak 1888an Parisen argitaratu ziren pianorako bere hiru piezei. Izen horrek antzinako greziar dantzak dakartza gogora. Hala ere, lan hauek sortu zituenean Satieren helburua ez zen gorputzaren mugimenduak goratzea, paper margotuaren antzekoa zen musika sortzea baizik. Musika horrek entzuleak inguruari arreta jartzera bultzatuko lituzte; pianoaren notak eta aretoko giroan zeuden gainerako soinuen arteko nahasmenduan.

Trikimailu horrekin, Satiek arte eta literatura modernoan funtsezko bihurtuko zen mekanismo bat txertatu zuen musikagintzan: sentikortasunaren zatiketa zalantzan jartzea eta horretarako bizitzaren etengabeko fluxuan ezkutuan gelditzen dena edo inertziak automatizatuta arretarik gabe gelditzen dena azpimarratzeko estrategiak erabiltzea.

Premisa horien atzetik, Gymnopédies izenburua daraman programak arlo profesional ezberdinetatik datozen gonbidatuak elkartzen ditu, gaur egun ekoizpena, lana eta sormena bezalako kategorien azpian zer dagoen elkarrekin aztertzeko. Nozio horiek egungo diskurtso eta ekimen ezberdinetan aurki ditzazkegu; alabaina, hain zuzen ere, mundu guztiaren begien aurrean daudelako, ikusezin bihurtzen dira, Edgar Allan Poeren gutun lapurtu ezaguna bezalaxe.

Musikari frantsesaren figura eta lana paradigmatzat hartuta, bost hatzetarako ariketa hauek ia ikusten ez den atze-oihal horretan mugitzen den guztiari eragin nahi diote. Asko ikas dezakegu zerbait zehatza ekoiztetik (konposizio bat, informatika-programa bat, altzari bat edo kirol-erakustaldi bat), baita prozesu mekanikoen eta hausnarketa-prozesuen, tipologia profesionalen eta orokorrean sentsibilitatearen banaketan ezartzen diren bereizketak zalantzan jartzen ditugunean ere.

Proposamena elkarrizketen, kontzertuen eta ibilbideen zein lan ezberdinen aurkezpenen inguruan egituratzen da; horien bitartez, are hobeto ulertu ahalko dugu musikariek, informatikariek, kirolariek, koreografoek, zirujauek eta beste profesional batzuek baliabideak nola artikulatzen dituzten gauza txukun bat egiteko eginahalean.