Gonbidatutako eskola: La universidad del cine (Buenos Aires) - Hamaca Paraguaya - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Hamaca Paraguaya

Paz Encinaren film bat

Hamaca paraguaya, Paz Encina

Hamaca Paraguaya, Paz Encina, Paraguai, 2006, 72’

2000 urtean Paz Encina zuzendariak Hamaca paraguaya izeneko film labur bat estreinatu zuen. Bertan, bikote bat seme baten itzuleraren zain agertzen zen, euripean. Istorio hori eta 9 minutuan azaltzen ziren pertsonaiak Paraguaiko zinema berriaren lehen filma gorpuztu zuten eta Buenos Aireseko Universidad del Cinetik sortutako ahots eta begirada berri bat deskubritzeko aitzakia izan zen nazioartean.

Paraguain 35mm-tan eginiko lehen fikzio filma, eta azkena, Alfredo Stroessner diktadorearen garaikoa da (Mont Corá 1978). Ordutik, Paraguaiko herriaren historia, irudiak, soinuak eta ikus-entzunezko memoria iluntasunean murgilduta egon dira. 90eko hamarkadan zuzendari atzerritarrek zenbait errodaje burutu zituzten, exotismoa eta eskulan merkea behar zutenak, baina bertako zinemagintza desagertua zen. Testuinguru horrek gaur aurkezten dugun filmaren garrantzia ulertzen lagundu gaitzake: Paraguaiko zinemaren historian daukan lekua eta Paz Encinak bere herriari ahotsa, irudiak eta galdutako denbora zinematografikoa daukan desioa.

Hau, hortaz, zinema berri baten jaiotza da. “Bestelako” zinema bizipenei aurre egiteko beldurrik ez dutenentzat filma egokia. Ohiko narratibatik harago doana, ohiko iraupenetik ihes egiten duena, isiltasunen alde egiten duena, keinu txikien alde, hutsaren alde eta itxarotearen alde.

Istorioaren protagonistek guaraníz dihardute, 1935 urteko Chacoaren gerraren azken uneetan, Paraguai eta Bolivia aurrez aurre ipini zituen gerra. Oihanean, Cándida eta Ramón, senar-emazte baserritarrak euren semearen zain daude, frontetik noiz itzuliko den zain.

“Badakit nire filma ez dela errazenetako bat, bere sorreratik banekien nire behatzeko moduarekin bat egiten zuela, nire herriarekin eta herrikideekin bat; eta nire iritzian erabiltzen dudan denboraren pertzepzioa bizi duguna da. Pelikula guztiok bizi duguna islatzen saiatzen da, hain sinplea eta hain zaila den hori: bizirautea. Benetan uste dut Hamaca paraguay-k nire bizitza aldatuko duela, eta erreferentzia garrantzitsua bilakatu daiteke, ez niretzat bakarrik, gizabanako gisa; baita beste askorentzat ere”.

Kritikaren Fripesci saria jaso zuen 2006 urteko Cannes-eko zinema jaialdiko Un Certain Regard sailean.