Harrotu ileak | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Harrotu ileak

Identitatea, harremanak eta gazteak

Compártelo:
  • Urtea: 2016 > 2020

Nola sentitzen dira Tabakalerara joaten diren gazteak? Zer harreman dute eraikineko espazioekin? Nola erabiltzen eta bizitzen dituzte? Zer kultura-erreferente dituzte? Zein sortzen dituzte beraiek?

Galdera horiei guztiei erantzuteko asmoz, Tabakalerako Hezkuntza taldea Harrotu ileak proiektua lantzen ari da, ostiralero, 17:00etatik 20:00etara, Prisman. Programa horren bidez bi norabideko hausnarketa proposatzen dugu: batetik, gazteekin batera erabiltzen dugun ingurunea birpentsatzen dugu, geure gisa onartzeko asmoz; eta, bestetik, hausnarketa instituzionala sustatzen dugu, espazio publikoak erabiltzeko eta okupatzeko moduak definitzeko.

2017ko urtarrilean hasita, lanerako espazio bat eraiki dugu, eta bertan gazteak, hezitzaileak eta artistak elkartzen dira aldian-aldian. Oihane Espúñez eta Felipe Polaníaren laguntzarekin eman genion hasiera proiektuari, erakusketa-proiektu bat eta askotariko lantegiak eginez: argazkilaritza eta bideogintza, dantza eta rapa. Bestetik, Maite Arroitajauregi Mursego, Telmo Trenor, Javi Pez, Juantxo Arakama eta Ainhoa Olasorekin batera Drary_Driets_Harrotu ileak abesti kolektiboa sortu genuen 2017/18 ikasturtean. Esteka honetan dago prozesu osoari buruzko bideo dokumentala.

2018/2019 ikasturtean, antzerkia izan dugu ardatz (antzerki soziala edo zapalduen antzerkia) eta María Zapata Hidalgoren (antropologoa eta zapalduen antzerkian aditua) laguntza izan genuen. Praktika eszenikoei eta gorputz-praktikei esker, Harrotu Ileak osatzen dugunon bizipenak, gorputzak eta harremanak zeharkatzen dituzten gaiak lantzeko aukera izan genuen: alteritatea, botere-harremanak, identitatearen eraikuntza, arrazismoa, komunikazioa eta hizkuntza, kalteberatasun-egoerak… Gai horiek guztiak landu genituen, desberdinen arteko aintzatespen-, hausnarketa- eta topaketa-espazio bat sortzeko asmoz.

2019/20 ikasturtean zehar zinea eta pintura murala landuko dugu, artista eta zinegile ezberdinen partehartzeaz lagunduta. Iraileko lehen saioa Donostiako Zinemaldian hasiko dugu, bertako pelikula bat ikusten, eta hiriko hormaren batean sorkuntza kolektiboa irudikatu edo gure pelikula propioa ekoiztuz bukatzea espero dugu.

Aisialdian Tabakalera erabiltzen duten gazte horietako bat bazara eta taldearekin bat egin nahi baduzu, idatzi hezkuntza@tabakalera.eu helbidera edo bila gaitzazu ostiralero eraikinean zehar!

 

 

Harrotu ileak. Prozesuak partekatzen

2018-07-20 > 2018-09-02

"Harrotu ileak. Prozesuak partekatzen" erakusketan ikusgai egongo dira CAPP (Collaborative Arts Partnership Programme) sareko bazkide europarrek -hala nola, Tabakalerak- azken hiru urteetan egindako 15 proiektuak.

+ Info

Harrotu ileak! Erakusketa

2017-03-24 > 2017-05-12

Oihane Espúñez eta Felipe Polania artista egoiliarrek Tabakalera eraikinera sarri bertaratzen diren gazteekin elkarrizketa bat hasi dute euren kezkak ezagutzeko eta zentroaren kultur eskaintzan parte har dezaten sustatzeko. Lan-prozesu hori guztia orain erakusketa batean jaso da.

+ Info

Jarduerak

Activities