Haurrei eta familiei zuzendutako programazio guztia esku-eskura | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-02-21 10:00

Haurrei eta familiei zuzendutako programazio guztia esku-eskura

Txikienei, eta euren gurasoei, kulturarekin eta arte garaikidearekin harremanetan egoteko aukera aberatsa eskaintzen diegu Tabakaleran.

Jakina da Tabakalera familia askorentzat aisialdi gune gustukoa dela. Tabakaleran egoitza dugun erakundeak ere jakitun gara horretaz, eta publiko zehatz horri zuzendutako edukiak proposatzen saiatzen gara. Horrela, txikienei, eta euren gurasoei, kulturarekin eta arte garaikidearekin harremanetan egoteko aukera aberatsa eskainiz. 

Bide horretan, pausu bat eman dugu aurrera haurrei eta familiei zuzendutako programazio guztia paperezko eskuorri batean eta buletin digital batean bateratuz. Beraz, planik galdu nahi ez baduzu, harpidetu zaitez!

Kameleoiak gara! izenburupean bateratu dugun programazio horretan haurrek edo haurrek eta helduek elkarrekin gozatu ahal izango dituzten lantegiak, zine emanaldiak eta ikuskizunak aurkituko dituzu: denboraldi bakoitzean ikusgai dauden erakusketen inguruko lantegiak, Ubik sorkuntza liburutegian antolatzen diren sorkuntza eta esperimentazio lantegiak, familientzako pentsatutako animaziozko film laburren emanaldiak, familian teknologiara hurreratzeko proiektuak, etab. 

Hiru hilean behin argitaratuko dugu Kameleoiak gara! eskuorria paperean, eta eskuragarri egongo da Tabakaleran bertan eta ohiko banaketa puntuetan. Buletin digitala berriz hilean behin jasotzeko aukera izango da.