2017-11-22 15:45

‘Herejeen alaba’ liburua aurkeztuko da azaroaren 26an Tabakaleran

Joseba Sarrionandiaren ipuin batetik abiatzen den eta Ander Berrojalbiz egile duen Herejeen alaba liburua argitaratu berri du Pamiela argitaletxeak. 

Hitzaldi historikoak berregitea helburu duen Tabakaleraren Kearen politikak programaren baitan egingo da liburuaren aurkezpena, Ander Lipus aktorearen irakurketarekin eta Khantoria taldearen erdi-aroko musikak girotuta.

Hitzaldi historikoak berriz argitara ekartzea helburu duen Tabakaleraren Kearen politikak programaren baitan, Herejeen alaba liburua aurkeztuko da igande honetan, azaroak 26, 18:00etan, Tabakalerako Z aretoan.

Ekitaldian, Ander Lipus aktoreak Ander Berrojalbizen obra hori irakurriko du, Pamiela argitaletxeak argitaratu berri duena. Maider López Delgadok (biola) eta Ander Berrojalbizek berak (arrabita) osatzen duten Khantoria taldearen erdi-aroko musikak girotuko du irakurketa.

 

HEREJEEN ALABA

Joseba Sarrionandiak 80ko hamarkadan, preso zegoela, idatzi zuen ‘Kristalezko bihotza’ ipuina hartzen du abiapuntu Herejeen alaba liburuak. Sarrionandiaren kontakizunean, fraile bat Orreagatik Durangorantz abiatzen da eta, hara helduta, biharamunean hamabi hereje erreko dituztela jakingo du, haien artean haur bat: herejeen alaba.

Kontaketa hori hasiera-puntu hartuta, Ander Berrojalbizek Herejeen alaba argitalpenean zenbait elizgizonen irudimenaren eskutik, XII. mendeko Koloniatik XX. mendeko Durangora garamatzan istorioaren arrastoak jarraituko ditu.

Joseba Sarrionandiak «literatura arturiko eta mediebalean murgilduta» bizi izan zuen kartzelako «denbora hutsean» idatzitako narrazio hura iturri historikoetan gordetako errealitatea fikzioarekin uztartzen duten horietakoa da. Hala ere, proiektu honen eragile izan diren aurkikuntzek agerian utzi dutenez, kasu honetan, errealitatea eta fikzioaren arteko erlazioa zeharo korapilatsua da, historia eta istorioaren hainbat geruzatan azaltzen dena.

 

KEAREN POLITIKAK-EN BAITAKO EKITALDIA

Tabakaleraren Kearen politikak programaren emaitza da Herejeen alaba argitalpena. Arnas luzeko proiektu honetan, gure artean ez dauden zenbait egileren hitzaldiak berreskuratu dira, artista, antropologo, artearen historialari eta idazleen begiradaren bidez.

Kearen erabilpen zabalduenetako bat espirituen helegitea izan da. Bere lurrunkortasun lodi eta itxura aldakorrak beste munduetako izakien dei eta harrerarako egokia egiten du. Ugariak dira gorputzaren jabe egiteko espirituek kea tresna bezala erabiltzen duteneko erritoak. Hartutako gorputzari beste aldetik, banakotasunaz haratago bidai bat egitea ahalbidetzen dio, nolabaiteko esperientzia transzendentala eskuragarri eginaz. Ohitura modernoek bere arnastea tabakoaren gisako bizigarrien eguneroko kontsumorako modu berritzaileneetan bihurtu zuten.

Bizigarriak: Zirkulazioa eta Euforia proiektuaren barruan, Kearen politikak izeneko atal hau aurkeztu da 2016 eta 2017an, eta azken argitalpen eta ekitaldi honekin biribilduko da biurteko honetako programazio zabala.

Kearen politikak ekimenak artista hauek bildu ditu orain arte: David Foster Wallace, Albert Hofmann, Karl Kraus, José Martí, Aby Warburg, Simone Weil eta María Zambrano, Xabier Arakistain, Gema Intxausti, Josebe Martínez, Asier Mendizabal, Danele Sarriugarte, Valentín Roma eta Esteban Zamoraren eskutik. Olatz González Abrisketa antropologo eta EHUko Gizarte Antropologiako irakaslearekin elkarlanean egin da proiektu hau.

 

AZAROAREN 26KO EKITALDIKO PARTE-HARTZAILEAK

Hona hemen azaroaren 26ko aurkezpen-ekitaldian parte hartuko duten kideen biografiak:

 

Ander Lipus

Madrilgo William Layton Antzerki Laborategian egin zituen lehen ikasketak. Bilbora itzulita, beste artista batzuekin Mina espazioa sortu zuen eta bere ibilbidea antzerki ikerketa eta esperimentaziora bideratu. 1998an Antzerkiola Imaginarioa taldea sortu eta aktore eta zuzendari lanetan aritu zen. Antzerki antropologian aditua, zenbait ikastaro eta Antzerki eskoletan irakasle izan da. 2007an Artedrama Arte Eszenikoen Plataforma sortu zuen, eta 2012an, proiektu pertsonalak bideratzeko, Huts Teatroa konpainia.
 

Maider López Delgado

Londres eta Stuttgarten biolako goi mailako ikasketak burutu ondoren, erdi-aroko musikatik elektroakustikara lantzen duten hainbat musika taldeekin egin du lan. Azken urteetan ume txiki eta familientzako musika tailer bat garatu izan du, eta gaur egun, antzinako musika jorratzen duen Khantoria taldean jotzeaz gain, Analisi Musikala irakasten du Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioan.

 

Ander Berrojalbiz

Historiako ikasketak albo batera utzi zituen musika ikasketetan sakontzeko. Gaur egun, antzinako musika jorratzen duen Khantoria taldeko biolin-jole eta sortzaileak Musikaren Historia irakasten du Durangoko Bartolome Ertzilla Kontserbatorioan. 2016an Los herejes de Amboto. «Luteranos» en el año 1500 liburua kaleratu zuen Pamiela Argitaletxearekin.