Hirikilabsek bat egin du Coronavirusari aurre egiteko ekimen hiritarrarekin | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2020-03-24 11:15

Hirikilabsek bat egin du Coronavirusari aurre egiteko ekimen hiritarrarekin

Hirikilabsek, Tabakalerako kultura digital eta teknologia laborategiak, bat egin du Covid-19ren aurkako ekimen hiritarrarekin, eta osasun-langileentzako prebentzio-materiala sortzen ari da 3D inprimagailuen bidez.

Tabakalerak, Hirikilabs kultura digital eta teknologiako laborategiaren bidez, bere hondar alea jarri du egunotan Covid-19ren hedapenaren aurkako borrokan. Laborategian bertan dauden 3D inprimagailuen bidez, une honetan ospitaleetako osasun taldeentzako "biserak" sortzen ari dira. Biserek osasun-profesionalak ez kutsatzeko balio dute, eta, horrela, birusaren hedapena geldiarazten laguntzen dute medikuen, erizainen, anbulantzietako langileen eta arriskuguneetan dauden gainerako profesionalen artean.

Hirikilabsen lana Euskadiko maker komunitateak abian jarritako Covid Euskadi herritarren sare baten parte da. Sare hori baliabideak koordinatuz ari da lanean, 3D makinen bidez osasun-materiala sortu eta banatzeko. Hirikilabs, ekoizpenean jarduteaz gain, sare horren koordinazio taldearen parte ere bada, eta horrek erraztu egiten du ekoitzitako baliabide horiek egoerarik kritikoena pairatzen duten lekuetara iristea.

Kasu honetan, eta birusak Gasteizen izan duen hedapena dela eta, 100 bat biseraz osatutako lehen lotea joan den larunbatean entregatu zen Euskal Herriko hiriburuko Txagorritxu Ospitalean. Gainera, 2.000 bisera sorta berri bat aste honetan bertan (asteartean edo asteazkenean) iritsiko da bertara.

 

Arnasgailuak eta herritarren sarea

Hasiera batean, herritarren sare horrek Covid-19 birusak kaltetutakoentzako arnasgailuak sortzeko xedea bazuen ere, beste erkidego batzuetan dagoeneko honen inguruan lanean aurreratuago dabiltzala eta, birusaren hedapena saihesteko materiala sortzeari ekin diote. Horrela, eta norbera babesteko ekipamendurik eraginkorrenak zein diren aztertu ondoren, biserak ekoiztea erabaki dute, eta horretan ari dira. Maskarak egitea hasieratik baztertu dute, izan ere, 3D inprimagailuetan erabiltzen duten PVC materiala ez da egokia helburu horretarako, materialaren porositatea dela eta.

Hirikilabs Covid Euskadi izeneko boluntarioen sare herritarra koordinatzen duen taldeko kidea da. Bere web orriaren bidez, dagoeneko ehunka material eskaera jaso dira EAEko hainbat tokitatik.