Gonbidatutako eskola: La universidad del cine (Buenos Aires) - Historias extraordinarias - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Historias extraordinarias

Mariano Llinás-en filma

Historias extraordinarias, Mariano Llinás

Historias Extraordinarias, Mariano Llinás, Argentina, 2008, 245’

Lau hilabetez Buenos Airesko Universidad del Cineri eskaini diogun zikloa amaitzeko, haren titulu garrantzitsuenetako bat emango dugu: Mariano Llinás zuzendariaren Historias Extraordinarias erraldoi, bikain eta apartekoa (beharrezkoa da erredundantzia).

Azken egunotan irakurri dugu zuzendariak (haren obra osoa berrikusi dugu ziklo honetan) bere azken filma aurkeztuko duela apirilean Buenos Airesko Zinema Independentearen Jaialdian: La Flor. Horixe da haren azken lanaren izenburua, eta 840 minutu irauten du (14 ordu!); hortaz, badirudi film honek gaur aurkeztuko dugun film bikaina berdintzeko eta gainditzeko balentria duela, gaurko honek 4 ordu irauten baitu.

Baina hau ez da denboren arteko lehia bat. Film honen iraupenaz harago, Llinasek aurreko filmetan iragarri zuena muturrera nola eramaten duen, horixe da film hau hain bikain egiten duena; izan ere, haren zineman, ahozko eta ikusizko kontakizun eta narrazioa erabateko askatasun-guneak dira, non dena den posible.

Orain, pelikularen mapa: Buenos Airesko probintzia eta hango misterioak: panpa, ibaia, bidean dauden hotelak, horien arkitekturak eta horien istorio kontatuak, irudikatuak, ahaztuak, eta ez liburuetan agertzen direnak. Lurralde honetan dabiltzan hiru pertsonaia bakarti (X, Z, H), zeinaren norakoak ez baitira inoiz gurutzatzen. Orain, tiro bat (zenbat film hasi edo amaituko ziren tiro batekin?). Beste tiro bat. Tiroketa handi bat. Film barruan gaude jada, eta hau geldiezina da: gero eta pertsonaia eta istorio gehiago ari dira elkarrekin gurutzatzen: deabruak hartutako arkitekto bat, apustu bat, altxor bat. Gizon legendario sorta bat, zeinak hemendik aurrera gure oroimenean izango baititugu: Factorovich, Samoa, Lola Gallo. Landako ingeniaritza-lan eta ofizio serioak, honako hauek barne hartzen dituztenak: planoak, lur-neurgailuak, neurriak, zementu armatua. Lehoi otzan bat. Conrad, Verne, Wells eta Stevensonen oroitzapenak. Invasión filmaren oroitzapenak. Hugo Santiagok zuzendu zuen, eta Borges eta Bioy Casaresek idatzi (Tabakaleran emango dugu ekainaren amaieran). Zinema hutsezko lau ordu izango dira, probintziaren amaierara arteko bidaia, film zoriontsua (film hau deskubritzearen zoriontasuna) eta istorio bikainen bilduma aparta. Zine-areto honetan duela bi urte inauguratu genuenetik programatu nahi genituen film horietako bat da, eta azkenean erakutsi ahal izango dizuegu.

Historias Extraordinarias filmaren DVD edizioa elkarlanean egin da honako hauekin: Caimán- Cuadernos de Cine, Ourenseko Nazioarteko Zinema Jaialdia, IBAFF (Murtziako Nazioarteko Zinema Jaialdia), Elías Querejeta Zine Eskola eta Tabakalera. Filma lehen aldiz aurkeztuko da nazioarteko zirkuituan. 

 

*Bost sarrera bikoitza + DVD banatuko ditugu gure Facebook orrialdean eta ohiko sarreraz gain, sarrera + DVD-a erosteko aukera eskainiko dugu bai sarean zein lehiatilan 10 eurotan.