Hizketaldi Handia - Hizketaldi Handia - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
La gran conversación

J. J. Grandville, "Universe of Iron", 1844

Partekatu!

Hizketaldi Handia jardunaldi saioa, 2016-2017 biurtekoan, Tabakaleran, hitzaldi, mintegi, erakusketa eta musika eta zine zikloen bidez garatuko den Bizigarriak: zirkulazioa eta euforia proiektuaren atarikoa da. Proiektu honek, substantzia bizigarri modernoak ditu abiapuntu: tabakoa, kafea, azukrea eta kakaoa. Hizketaldi Handia jardunaldien bidez, substantzia horietara lehen hurreratze bat proposatzen da, hainbat ikuspegi eta esparru ezberdinetatik datozen begiradak gurutzatuz.

Kolonizazio prozesuek eta zabalkunde ekonomikoak abiarazi zituzten itsasbide transatlantikoen bitartez Europako gizartera sarbidea izan zuten tabakoa, kafea, azukrea edo kakaoa bezalako substantziek, eta gizarte horretako ohiturak aldatu zituen merkantzia zirkulazioa eragin zuten. Substantzia horien komertzioak sortutako ibilbideen azterketa, egunerokotasunean dituzten erabilera ezberdinak, edo haiek kontsumituz hartzailearen gorputza eraldatzen duteneko printzipio izaera, mundu garaikidean gure lekua zein den pentsatzea ahalbidetzen diguten ikerketa baten elementuak dira. Proiektuaren abiapuntu den eraikinak berak - tabako fabrika izandakoa - gurutzagune hartan du jatorria.

Historialariek diote XVIII. mendeko Europa elkarrengana hurbiltzen ari ziren sentsibilitateen garaia izan zela. Klase, gustu, ikusmolde eta jende askotarikoen arteko nahasketa, hein batean, hiri modernoak errazten zituen elkartze eta kutsatze aukerek eragindakoa. Zentzu horretan, kafe-etxeek jokatutako paperak arreta berezia jaso izan du egile ezberdinen aldetik; hizketaldia eta “esamesa” pizten zituzten leku gisa, garaiko ideiei eta hizkuntzari, azken batean, gaur “aktualitatea” bezala ezagutzen den horri forma ematen lagundu baitzuten.

Baina, deus gure asmoetatik urrunago hizketaldia garai historiko eta kultural jakin batera murriztea baino, bere jatorria hitzaren sorrerarekin berarekin nahas bailiteke hala. Eta nahiz hizketaldia definitzeko saiakerek partzialtasunean erortzeko arriskua ere izan dezaketen, zehaztekoa hemen, hizketaldiaz ari garenean “hitz egite soilagatik, plazeragatik, jolastearren edota adeitasunagatik ematen den etekin zuzenekorik edo berehalakorik ez duen elkarrizketa hartaz” 1 ari garela. Erakunde humanistiko handiak, ezagutzan eta kodean bere erreprodukzio infinitua bilatzen duen makineria
ekonomikoak baldintzatuta dauden honetan, ekintza libre eta kritiko batetarako lekuen inguruko galderak inoiz baino zentzu handiagoa hartzen duela dirudi.

Hizketaldi Handia bertan parte hartu nahi duen ororentzat irekia dagoen proposamena da, eta eztabaidarako espazio bezala ulertzen da. Azken batean, gogoetarako eremu honek, ikuspuntu, praktika eta figura ezberdinen nahasturaren bitartez, garaiotako irudi dominanteak higatu eta subjektibitateari bere egikeran suposatu ohi zaion neutralitatea ezbaian jartzeko aukera zabaltzen digu.

Bi egunez, Hizketaldi Handiak lantegi, hitzaldi eta hizketaldiz osatutako programa dakar, honako hauen partaidetzarekin besteak beste: Max Jorge Hinderer Cruz, Erick Beltrán, Michale Marder, Marc Badal, Susana Carro Ripalda, Marion Cruza, Amaia Urra, Peio Aguirre, Hedoi Etxarte, Iñaki Martínez de Albéniz, Isabel de Naverán, Harkaitz Cano, Ula Iruretagoiena, Asier Mendizabal, Mikel Alberdi, Usue Arrieta, Miren Jaio, Álvaro Perdices eta Inés Plasencia. Moderatzaileak: Olatz González (Antropologoa eta UPV/EHUko irakaslea) eta Oier Etxeberria (Tabakalerako proiektu artistikoen arduraduna).

Jarduerak

  • Azokak eta topaketak
    2015-12-12 - 18:00-20:00

    Mikel Alberdi, Usue Arrieta, Miren Jaio, Álvaro Perdices eta Inés Plasencia.

    Lekua: - Z Aretoa

    + Info

  • Azokak eta topaketak
    2015-12-12 - 16:00-18:00

    Erick Beltrán, Harkaitz Cano, Max Jorge Hinderer Cruz, Ula Iruretagoiena eta Asier Mendizabal.

    Lekua: - Z Hall

    + Info

  • Azokak eta topaketak
    2015-12-12 - 12:30-14:30

    Peio Aguirre, Hedoi Etxarte, Iñaki Martínez de Albéniz eta Isabel de Naverán.

    Lekua: - Z Aretoa

    + Info

  • Azokak eta topaketak
    2015-12-12 - 10:00-12:00

    Marc Badal, Susana Carro Riopalda, Marion Cruza eta Pablo Marte eta Amaia Urra.

    Lekua: - Z Aretoa

    + Info