- Ikus-entzunezko sortzaileentzat pitching-a - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Ikus-entzunezko sortzaileentzat pitching-a

Marian Sánchez Carniglia adituaren masterclass-a

Geroz eta lehia gogorragoa dago ikus-entzunezkoen merkatuan, proiektuak bideratu edota saltzerako orduan zaila izaten da horiek finantziatuko dituzten bezeroak aurkitzea. Ideia onak edukitzearekin ez da nahikoa. Egun, ideia horiek plazaratzeko modua ere garrantzitsua bilakatu da, edukia egoki egituratzeaz gain, azalpenaren kalitatea ere giltza da bezeroen bilaketan: ideiak zirraraz, zuzen eta garbi egituratzea ezinbestekoa da merkatuaren dinamikan murgildu ahal izateko.

Urte batzuk badira pitching formatua bilakatu dela ideiak edota proiektuak plazaratzeko erremintarik eraginkorrena, bidelagunak aurkitzeko, finantzazioa lortzeko eta ideia horiek garapen fasera eraman ahal izateko.

Kalitatezko aurkezpenak egitea izango da ikastaroaren helburua, parte hartzaileak oinarrizko baliabideak ezagutuko ditu bere pitching-a  bikaina izan dadin. Masterclass-ean parte hartu ahal izango dute zuzendariek, gidoilariek, komunikatzaileek eta ikus-entzunezko kudeatzaileek, edota artearen, publizitatearen eta marketinaren esparruan dabiltzan sortzaileek; oro har, bere proiektuaren aurkezpena hobetzeko beharra ikusten duen sortzaile orok.

 

Marian Sánchez Carniglia storyteller-a da, ikus-entzunezko ekoizlea eta nazioartean coach lanak egiten dabil, pitching-ari, storytelling-ari eta ikus-entzunezko kudeaketari buruz. 1998an Fullbright saria irabazi zuen. Los Angelesen jaso zuen formakuntza pitching-aren maisuekin: besteak beste, Michael Hauge, Ken Rotcop, Linda Seger, Robert McKee, Peter Guber  eta Chris Abbott bezalakoekin. FOX, Warner Bros, Sony eta Universal estudioetan lan egiteko aukera izan zuen, Ron Howard, Cameron Crowe, Bryan Singer, Coen anaiak edota James Cameron bezalako zuzendariekin. 2003an Argentina eta Espainiara bideratzen du bere jakintza eta 5 urte darama proiektuen garapen eta kudeaketan coach lanak egiten Resonant-entzat, Argentinan, Kolonbian, Txilen, Mexikon, Espainian, Frantzian, Herbeheretan eta Europa ekialdeko herrialdeetan. 2014ko martxoaz geroztik dozentzian murgilduta dabil,  pitching-ari buruz berariaz sortutako metodologia batekin. Bere lehen liburua idazten dabil storytelling-ari buruz, “ENTRENAMIENTO PARA AURIGAS” izena darama, eta helburua da Hollywood-en bereganatutako esperientzia plazaratzea.