2018-04-13 13:30

Ikusmira Berriak programak 31 herrialdetako 155 proiektu jaso ditu

Savina Neirotti, Sergio Oksman eta Fodhla Cronin O’Reilly adituek osatutako batzordeak lehen hautaketa egingo du aurkeztutako proposamenen artean.

Lehengo astean itxi zen egonaldiak eta proiektu zinematografikoak egiteko laugarren Ikusmira Berriak programan izena emateko epea, eta 31 herrialdetako 155 proposamen jaso dira orotara. Iaz ere antzeko proiektu kopurua aurkeztu zen: lehen bi edizioetan halako lau.

Zehazki, 12 proposamen Donostiako Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketaren azken bost urteetan parte hartu dutenek aurkeztu dituzte; beste 9 proposamen, berriz, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreek; beste 40, Espainiako gainerako erkidegoetako errealizadoreek, eta gainerako 94ak, azkenik, atzerriko errealizadoreek.

Atzerritarren artean, gehienak Latinoamerikako herrialdeetakoak dira, nagusiki Argentinakoak eta Mexikokoak. Era berean, proiektuak aurkeztu dituzte Alemaniako errealizadoreek, Belgikakoek, AEBtakoek, Eslovakiakoek, Esloveniakoek, Frantziakoek, Israelgoek, Italiakoek eta Suitzakoak ere, eta, aurreneko aldiz, Kanadako, Errusiako, Txinako eta Indiako errealizadoreek ere proposamenak ekarri dituzte.

Maiatzean jakinaraziko da zein lau proiektu aukeratu diren Ikusmira Berriak programarako.

Fodhla Cronin O’Reilly ekoizle irlandarrak, Savina Neirotti Program of the Biennale College – Cinemako zuzendari italiarrak eta Sergio Oksman zinemagile brasildarrak proiektuen lehenengo aukeraketa egingo dute. Irlandarra eta italiarra estreinakoz arituko dira proiektuan, eta brasildarrak, berriz, hirugarren edizioa du hau. Gero, lan hautatuen egileek sei asteko egonaldia egingo dute Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan.

Lehen lau asteetan, errealizadoreek Tabakalerako Sorkuntza Gunean landuko dituzte proiektuak, eta esparru zinematografikoko profesionalen eskola magistralak eta adituen taldeko aholkuak jasoko dituzte. Egonaldiaren bosgarren astean, pitching saioa prestatuko dute, hau da, seigarren eta azken astean Donostiako Zinemaldiaren barruan industriako kideei egingo dieten aurkezpen-saioa. Egoiliarrek aukera izango dute euren proiektuetan esku hartu nahi duten profesionalekin hitzorduak egiteko, eta Zinemaldiko proiekzioetara eta Industriako jardueretara joateko akreditazioa izango dute.

Programaren bidez, gainera, 20.000 euroko diru laguntza banatuko da hautaturiko proiektuen artean. Horrez gain, REC Grabaketa Estudioak postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, bai film labur baterako (10.500 euroko kostua du) bai film luze baterako (35.000 euroko kostua du).

Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta lengoaia berrien alde egiten duten talentu berriak eta ikus-entzunezko ekoiztetxe eta industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak eta Donostiako Zinemaldiak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuak utzitako ondarearen parte da.

Ikusmira Berriak programaren lehen edizioetan hautaturiko proiektuetako hiru amaitu dira jada, eta Zinemaldian proiektatu dira: Pablo Álvarezen El extraño film laburra, Leo Calice eta Gerhard Treml-en Calipatria eta Tamyka Smithen Green Zabaltegi-Tabakaleran aurkeztu zituzten 2016an eta 2017an. Aurten, lehen edizioko bi film luze estreinatuko dira: Xacio Bañok zuzenduriko Trote eta Maider Oleagaren Muga deitzen da Pausoa, jada bukatuak.
 

HAUTAKETA BATZORDEKO KIDEEN BIOGRAFIAK

 

Fodhla Cronin O’Reilly

Irlandan jaio zen eta Ingalaterrara joan zen zinema-ekoizpena ikastera. Aurretik efektu bereziak ikasten aritu zen zenbait lanetan, hala nola The Wind That Shakes The Barley filmean. Zinema eta Telebista Eskola Nazionalean, Head Over Heels film laburra grabatzen hasi zen Timothy Reckart idazle eta zuzendariarekin batera. Filma Canneseko jaialdian saritu zuten, eta beste zinema jaialdi askotan eman zuten gero; 2013an, azkenik, Oscarretarako izendatu zuten.
Proiektu komertzial eta labur batzuk ekoitzi ondoren, Cronin O’Reilly bere lehen pelikula egiten hasi zen, Lady Macbeth, Alice Birch idazlearekin eta Willian Oldroyd zuzendariarekin batera. 2015eko irailean grabatu zuten filma, besteak beste Florence Pugh, Christopher Fairbank eta Cosmo Jarvis aktoreekin.
Lady Macbeth Torontoko 2016ko Nazioarteko Zinema Jaialdiko Plataforma atal entzutetsuan estreinatu zuten. Europako estreinaldia Donostian izan zuen; Sail Ofizialean lehiatu zen filma, eta Nazioarteko Kritikaren FIPRESCI saria irabazi zuen. Beste hainbat sari ere irabazi zituen horrez gain: FIPRESCI, Thessaloniki-n; Kritikaren Hautaketa, Zurichen; ekarpen zinematografiko nabarmenaren Cineuropa saria, Les Arcs-en; Errebelazio Saria, Europako Film Akademiaren 2017ko Sariketan; eta beste bost sari Britainia Handiko Film Akademia Independenteen 2017ko Sariketan. 2017an, My Generation izeneko proiektu dokumental bat ekoitzi du; Michael Caine agertzen da filmean, 1960ko urteei buruz hausnartzen artxiboko materialean oinarrituta, hondoan hamarkada hartako musika ikonikoa entzuten delarik.

 

Savina Neirotti

Genovan jaioa, Filosofian graduatu zen eta ondoren Estetika Masterreko lehen urtea burutu zuen Pennsylvaniako Unibertsitatean. Italiara bueltatzean, Orchestra Sinfonica Nazionale della RAI-ko Prentsa eta Komunikazio Bulegoko buru izendatu zuten, eta Hezkuntza Sailaz ere arduratu zen han. Urte haietan, halaber, Scuola Holden fundatu zuen Turinen Alessandro Bariccorekin batera. Duela gutxi, Scuola Holdeneko zuzendari exekutibo izendatu dute. Azken hamar urteetan, narrazioari eta musika klasikoari buruzko artikulu eta elkarrizketak eta liburuen nahiz pelikulen kritikak idatzi ditu hala Italiako nola nazioarteko egunkarietarako. Script&Pitch tailerrak sortu eta zuzendu ditu 2005az geroztik, eta TorinoFilmLab 2008tik –beren lehen eta bigarren filmak grabatzen ari diren talentu berriei prestakuntzaren, garapenaren eta finantzaketaren bidez laguntzen dien nazioarteko laborategia–. Horrez gain, Biennale College – Cinemako eta Biennale College Cinema Virtual Realityko programaren zuzendaria da. Neirotti Zabaltegi-Tabakalera sariketako epaimahaikide izan zen Donostia Zinemaldiko azken edizioan.

Sergio Oksman

Sergio Oksman brasildarra Madrilen bizi da orain dela hogei urtetik, eta errealizadorea eta ECAMeko irakaslea da. Dokumentalak egiten aritu da orain arte, eta Elías Querejetak haren obretako sei ekoitzi ditu.
Honako film hauek zuzendu ditu, besteak beste: A Esteticista (2004), Goodbye, America (2006), Notes on the other (2009), A story for the Modlins (2012) eta O Futebol (2015).