Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioko bost zinemagileek beren sorkuntza-prozesuak azaldu dituzte egonaldiaren erdibidean | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
2017-09-06 10:00

Ikusmira Berriak programaren hirugarren edizioko bost zinemagileek beren sorkuntza-prozesuak azaldu dituzte egonaldiaren erdibidean

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Programa horren barruan egiten diren egonaldiak joan den abuztuaren 21ean jarri ziren martxan.

Ikusmira Berriak ikus-entzunezko proiektuak babesteko programa bat da, Tabakalera-Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak eta Donostia Zinemaldiak antolatua, Donostia Kulturaren eta Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin. Programa horren barruan egiten diren egonaldiak joan den abuztuaren 21ean jarri ziren martxan. Egonaldiek sei asteko iraupena dute. Horietan, Tabakalerako Sortzaileen Gunerako aukeratutako lau proiektuak garatuko dituzte Maider Fernández Iriarte (Donostia, 1988), Helena Girón (Santiago de Compostela, 1988) eta Samuel M. Delgado (Santa Cruz Tenerife, 1987), Julia Pesce (Córdoba, Argentina, 1984) eta Leo van Dijl (Kortrijk, Belgika, 1991) errealizadoreek. Prozesuan laguntzeko, lehenengo lau asteetarako profesional hauen eskola magistralak antolatu dira: Fernanda del Nido ekoizlea, Setembro Cineren sortzailea; eta Tizza Covi eta Rainer Frimmel zinemagileak, Vento Films ekoiztetxearen sortzaileak. Gainera, egoiliar bakoitzak erabateko eskua izango du, nolabaiteko “gutun zuri” bat, Tabakaleran bere erreferentzia zinematografikoen artean den film bat programatzeko.

Egonaldiaren bosgarren astean, Donostia Zinemaldiaren hasierarekin batera, pitching delakoa egiteko prestatuko dira; ikus-entzunezko proiektuaren aurkezpen labur bat, lan hori koproduzitzeko eta banatzeko interesa izan dezaketen nazioarteko ekoizle, salmenta-agente eta industriako profesionalen aurrean. Aurkezpenak Donostia Zinemaldiko profesionalen topagunea den Europa-Latinoamerika Koprodukzio Foroan izango dira. Egoiliarrek berariazko lekua izango dute San Telmon, Foroaren egoitzan, beraien proiektuetan interesa duten akreditatuekin banan-banako bilerak izateko. Bestalde, industriako gainontzeko jardueretan parte hartzeko eta Zinemaldiko emanaldietara joateko aukera izango dute. Egonaldia, hain zuzen ere, urriaren 1ean amaituko da, Zinemaldia bukatu eta hurrengo egunean.

Sei aste horietan, laguntza eta aholkularitza emango die aurkeztutako 157 proiektuen artean (iaz baino % 320 gehiago) haienak aukeratu zituen aditu-batzordeak: Carlo Chatrian, Locarnoko zinema-jaialdiaren zuzendaria; Ada Solomon, zinema-ekoizlea eta HiFilm Productions ekoiztetxearen sortzailea; eta Sergio Oksman, zinema-zuzendaria (Goodbye AmericaA Story for the ModlinsO futebol) eta Dok Films ekoiztetxearen arduraduna.

Hamabost egunez Tabakaleran lanean aritu ostean, beren iritziak plazaratu dituzte parte-hartzaileek: Maider Fernández Iriartek, Euskal Autonomia Erkidegoko errealizadoreen kategorian; Helena Girónek eta Samuel M. Delgadok, Espainiako gainerako lurraldeko errealizadoreen kategorian; Julia Pescek, nazioarteko errealizadoreen kategorian aukeratutako proiektuaren egileak, eta Leo van Dijlek, Donostia Zinemaldian urtero egiten den Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaguneko parte-hartzaileen artean aukeratutakoak.

 

Egoiliarrek “ideiak aurrez aurre jartzearen garrantzia” azpimarratu dute

Ikusmira Berriak programak tresnak ematen dizkigu, hala alderdi teknikoan nola giza alderdian, gurearen moduko proiektuak garatu ahal izateko, pentsamenduari eta ideiak partekatzeari eta aurrez aurre jartzeari balioa ematen dion gune batean; izan ere, gune honek ahalbidetzen dituen topaketei esker, bestelako ñabardurak eta ustekabeko ondorioak hartzen ditu zure proposamenak”, adierazi dute Maider Fernández Iriartek, Helena Girónek, Samuel M. Delgado eta Julia Pescek. Haien ustez, “probetxu handikoak ari dira izaten” Tabakaleran emandako lehen asteak. “Tabakalerak aparteko instalazioak ditu eta asko gozatzen ari gara gainerako egoiliarrekin prozesuak partekatzen. Bereziki nabarmengarria iruditzen zaigu, halaber, hemengo langileen profesionaltasuna eta xumetasuna. Ikaragarri ari dira gure egonaldia errazten”, adierazi dute esker onez. Leonardo van Dijl bigarren aldiz egon da Tabakalerako “eraikin txundigarrian”; izan ere, iaz Zinema Ikasleen Nazioarteko Topaketako aukeran parte hartu zuen. “Berebiziko eremua eta dimentsioa ditu”, azpimarratu du.

"Donostia Zinemaldian izatea abagune ona da gure proiekturako sinergiak eta aliantzak bilatzeko, baita aukera berezia ere, inspirazio-iturri izango diren beste lan batzuk ezagutzeko”, gaineratu dute egoiliarrek. “Nire itxaropena da gidoia ontzeko lan handia egitea eta egonaldian nirekin daudenengandik asko ikastea, hartara, Zinemaldia hasten denean, film eder asko ikusi eta apur bat erlaxatu ahal izango dut”, adierazi du Van Dijlek. Haren ustez, “zoragarria da zinema-jaialdi batek ongi ulertzea zein garrantzitsua den artista batentzat sorkuntza-prozesua, eta bere lana azaleratu ahal izateko denbora eta gune bat eskaintzea, trukean ezertxo ere ez eskatu gabe”.

Ikusmira Berriakek 20.000 euroko diru-laguntza emango du, eta hautatutako proiektuen artean banatuko da. Gainera, REC Grabaketa Estudioak film luze baterako postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu sari gisa, 35.000 euroko balioan.