Iñaki Imaz | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Iñaki Imaz

Argazkia: Ixone Sádaba

Iñaki Imazen lana piktorikoa da nagusiki. Pintura adierazpide bat da, berezko helburua baino gehiago. Artistak, bere lanean, jarrera ironiko eta sinesgogorra hartzen du, eta zalantzan jartzen du pintorearen irudiak jeinutzat duen autoritatea. Itxura abstraktuaz, Imazen koadro eta esku-hartze hiru dimentsiokoek gai asko ukitzen dituzte, esaterako familia, banantzea, bizipen pertsonalak, desira, maitasuna, irudia, baina baita beste kontu batzuk ere, piktorikoaren mugena kasu. Egiten dituen pinturek banakakoaren eta kolektiboaren arteko mugaren analogiatzat funtzionatzen dute, eta horri gehitu behar haren jarduera osoan agerikoa den osagai ludiko eta pedagogikoa.

Iñaki Imaz (Donostia, 1965) Gamiz-Fikan (Bizkaia) bizi da. 1989an Gipuzkoako Aldundiaren Artista Berrien Lehiaketako lehen saria eskuratu zuen. Bere jarduera garatzen duen esparruetako bat irakaskuntza da, eta laurogeita hamarreko urteen hasieraz geroztik irakaslea da EHUko Leioako Arte Ederren Fakultatean. Lantegiak ere eman ditu, esaterako Lo mío Bilboko Rekalde Aretoan (2007) eta Lupa e Imán Donostiako Artelekun (2005). Hiru hamarkadatan zehar, Imazek Euskal Herriko zenbait kultur etxetan egindako erakusketetan aurkeztu du bere lana (Elorrio, Beasain, Egia), eta baita Durangoko Arte eta Historia Museoan ere. Banakako erakusketak egin ditu, hala nola 5 lobitos/Masa Cándida, Alegría Galeria, Madril (2013); Pintura Universitaria, lehengo La Brocha Galeria, Bilbo (2011); La vida Animazioak, Arizko Torrea, Basauri (2010); Lo mío, Rekalde Aretoa, Bilbo (2007) eta Tronco, Beittu Art Gallery, Durango (2003); eta baita kolektiboak ere, esaterako El contrato, Alondegia, Bilbo (2014); Iñaki Imaz/Kiko Pérez, Carreras Múgica Galeria, Bilbo (2010); Uno más uno multitud, Espacio Doméstico, Madril (2009) eta No te separes de nosotros, Donostia-Madril-Buenos Aires (2003).