- India. Ana Agud eta Silvia D'Intino - Silvia D’Intino, Ana Agud | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
Error loading XML xmlParseEntityRef: no name

India. Ana Agud eta Silvia D'Intino

Bigarren eguna Antzinako Indiari buruzkoa izango da. Hantxe izango dira Silvia D'Intino, CNRSko ikerlari titularra, eta Ana Agud, Salamancako Unibertsitateko irakasle emeritua.

Gorputza eta pentsamendua Indian: gatazkak, metaforak eta paradoxak. Ana Agud (Salamancako Unibertsitatea).

Indiako tradizio espekulatiboan, gorputzaren eta pentsamenduaren arteko harremanak askotariko hausnarketak eragin ditu: pentsamendua eta materia edo gorpuztasuna guztiz kontrajartzen dituzten hausnarketetatik hasi eta bi horiek guztiz identifikatzen dituzten hausnarketetaraino. Indiako filosofiarik ezagunenak Vedanta izenekoak, ukatu egiten du bien arteko edozein desberdintasun; haren esanetan, pertsonaren eta izatearen arteko batasun perfektua baino ez da egia, eta horrek esan nahiko luke materiaren eta espirituaren arteko oposizio oro ukatu egin beharko litzatekeela. Alabaina, Vedanta filosofiaren jarraitzaileak espiritualista peto-petoak dira, eta materia eta gorputza pentsamenduari enbarazu egiten dioten oztopoen alor negatibora baztertu nahi dituzte. Hortik dator, halaber, aszesiaren aldeko hautua. Hala ere, Vedanta beste pentsamendu sistema tradizional batekin (Samkhya) konbinatzen da nahiko hasieratik, eta modu gatazkatsuan; Samkhya filosofiak materiaren eta espirituaren arteko jatorrizko dualismo du abiapuntu. Eta nahiz eta Samkhya filosofiak eboluzio kosmiko bat defendatzen duen, non azkenean materia purusharen espiritualtasun hutsean desagertuko litzatekeen, haren kosmologikoak barne hartzen ditu dimentsio intelektual edo kognitiboak (intelektua, autokontzientzia, borondatea) materiaren (prakrti) hedatze gisa. Horrez gain, Samkhya filosofian ideia upanishadiko zahar bat agertzen da; horren arabera, existentzia materialeko elementuak izaki adimendunaren zentzumenetatik eratortzen eo jaiotzen dira. Gorputza, errealitatea eta pentsamendua modu konplexuan integratzen dira, eta horrek monismoa eta dualismoa barne hartzen ditu, baita errealitateko osagaien triadismo bitxi bat ere (hiru atomo kualitatibo; horien betiereko konbinazio desberdinek errealitateko aniztasuna eragiten dute). Horren guztiaren eraginez, Indian pentsamenduaren eta gorputzaren arteko harremana ulertzeko moduak konplexuak eta askotarikoak dira.

 

Gorputz hustua, gorputz berreraikia. Gorputza eta kontakizuna India vedikoan. Silvia D’Intino (CNRS).

Erlijio vedikoaren entziklopedia erraldoia Brāhmaṇa izeneko lanetan dago jasoa; bertan, errituen exegesiak askotan narrazio tonu tipikoa hartzen du eta garatutako keinuen nahiz sakrifizioen testuinguruan esandako hitzen azalpen mitologikoa eskaintzen du. Kontakizun horietan agertzen diren izakien artetik, Prajāpati, izakien jauna, funtsezko pertsonaia da; beti agertzen da eta, aldi berean, beti dago desagertzeko zorian. Ahultasun horrek izaki bereziki maitagarri bihurtzen du. Sylvain Lévik, bere La doctrina del sacrificio en los Brāhmaṇa (1898) lanean, “jainko-sakrifizioa” definitzen du; definizio horren arabera, sakrifizio zerutarra eta errituen maisua da aldi berean, baina haren hilezkortasuna eta jakinduria ez daude lotuta haren izanari: testuek esaten digute erdi hilkorra eta erdi hilezkorra zela eta esperientziaren bidez lortu zuela bere jakinduria. Gainerako jainkoen kasuan bezalaxe, konkista bati esker da hilezkorra: ahalegin aszetiko izugarri bat egin ondoren iristen dira jainkoak perfekzio egoera horretara, eta haien gorputzak beti daude kontakizunen erdigunean. Prajāpati jainkoaren “biografiaren” pasarteek erakusten digute jainkoaren gorputza zein puntutaraino datorren bat haren izaerarekin eta zenbateraino egituratzen duen kontakizuna: zatikatutako, dislokatutako eta barreiatutako gorputz bat, sorreran hustutako gorputz bat, gero, sakrifizioaren, hitzen indarraren eta errituko keinuen bidez berriz aurkitu, batu eta osatuko dena. Gorputza ekintzen aurretik dago, diseinua eta erdietsi beharreko xedea da. Gorputzaren gaiari buruzko lehen zirriborroa da, geroko indiar filosofiaren historia osoa zeharkatuko duen gorputzari buruzko diskurtsoaren zirriborroa, eta giza ekintzaren eta baldintzaren gainean hausnarketa orokorrago bat egitera gonbidatzen gaitu.

*Aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da EU + ES

 

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.

Guests

Silvia D’Intino

Ikerlari titularra da Centre National de la Recherche Scientifique-en (CNRS).

Ana Agud

Filologia Klasikoko lizentziaduna eta doktorea da Salamancako Unibertsitatean.