Blog Tabakalera

Haize-hartzeak

2018-07-05 11:32

Haize-hartzeak

Uda iritsi da eta honekin batera, Inés García Aspiazuk sasoi honetarako liburu gomendioak egin dizkigu.

 

Uda giroaren sinonimo dira outdoor bizitza, hormarik gabeko aisialdia, galtzerdien greba, aftersunaren starring-a. Bakoitzak helburu desberdinak ditu buruan bere etxetik, atzera begiratu gabe, urruntzeko. Hurrengo lerroetan idazle desberdinen haize-hartze askotarikoak aurkituko dituzue:

Aurrenengo tokian, lur-neurtzaile batean opor dezente zaharrak. Thoreau jaunak “opor politikoak” hartu zituen XIX. mende erdialdean, Estatu Batuek Mexikori gerra deklaratu ziotenean. Walden aintziraren alboan etxetxo bat egin zuen eta bi urte, bi hilabete eta bi egun pasa zituen isolatuta (mihigaiztoek diote amaren Just Eat zerbitzua izan zuela), bere jaioterriari zergarik ez ordaintzeko. Eko-boikota. Bere esperientzia Walden izeneko egunkarian kuxkuxea dezakezu (gure artean, estatubatuar batek idatzitako ez-fikziozko liburu ezagunetako bat da. Trivialeko galdera marroia).

 

inés garcia aspiazu

 

Ez zeukan Sabina Urracak kexatzeko asmorik Granadako Alpujarrako etxe erdi abandonatu batera joan zenean denbora tarte nahiko luze batez. Liburu bat idazteko hain beharrezkoa den kontzentrazioaren Grial Santuaren bila egin zuen hara erromesaldia. Internet, lagun, taberna eta abar tentagarrien atzapar luze eta wirelessdunetatik urrun. Penitentzia. Hiru etxe eta laurdenez inguratuta, kontrolik gabeko leiho eta argindar arazo handiak zituen tokian kasik amaitu zuen Sabinak Las niñas prodigio. Liburu horretan kontatzen dizkigu bertan eta bere bizitza entretenituan zehar izandako abenturak eta desbenturak (bueno, autofikzioa denez ez da dena sinistu behar), arin eta irakurtzen-jarraitu-nahi-dut estiloan. Inoiz ahaztuko ez dudan bat, Alpujarra basatian karena jan zuenekoa.

“Ezin dut iritzi handirik eduki 4000 urtean zehar katuak berdin margotu dituen herrialde bati buruz”. Vita Sackville-West dixit Pasajera a Teherán liburuan. 1926an, Afrikako eta Asiako mapa atera, eta adi idazle honek egindako Interrail-ari: El Cairon hasi zuen bidaia Vitak, eta Nilo ibaian zehar India alderantz jarraitu zuen, Luxorrera iritsi arte. Itsasotik segi zuen Persiar golkotik barrena. Ondoren, trenez, Bagdageraino. Desertutik zehar zihoan posta konboian jarraitu zuen Pertsiako mendikateraino, eta, azkenean, Teheranen amaitu zuen. Sackville-West andereak gutunen bitartez azaltzen digu kilometro horietan guztietan zehar gertatutakoa. Berak badaki informazio-bidaia liburuak baino gauza gogaikarriagorik ez dagoela munduan (ondo, Vita), eta, beraz, propio barnealdetik idatzi zuen testua, bere zaletasunak, milikeriak eta Egiptori zion zaputza argi eta garbi erakutsiz.

Un verano sin hombres pasa zuen Mia Fredricksenek Bondenen, bere haurtzaroko herrian. Siri Hustvedtek idatzitako nobela honetako protagonistak New Yorketik alde egiten du, bihotz apurtu bat eta psikosis txiki bat maletan dituela, adineko emakume aktibo eta independienteen zaharegoitzan bizi den amarengana. Uda luze eta eramangaitzari aurre egiteko, etxe bat alokatu eta poesia lantegi bat sortzen du bertako ikasle talde batentzat -denak neskak-. Ai Siri, ze modu dotorean azaltzen dituzun sustraietara salto egitearen abantailak eta beste belaunaldiengandik ikas daitezkeen feminitate kontuak.

Miaren ihesaldi terapeutikoa atzean utzi eta oporretatik bueltan seguruenik terapia behar dutenengana bidaiatuko dugu orain, Lerman geratu gabe. Zintzotasun minimo bat sujet honetan, txangogintza ez da panazea, eta nahiko argi erakusten digu hori Harkaitz Canok Beti oporretan liburuan. Batzuetan, bidaiatik bueltan maleta ireki, garbigailua begiratu eta “zergatik joan naiz kanpora?” galdera erretorikoa egitea ez da oporretako momenturik txarrena; zoritxarrez, lehenago iristen da, ezer esan gabe, ninja bat bezala. Narrazio bilduma honen barnean, lehen munduko arazoen kasuistika anitza eta entretenitua irakurtzeko aukera daukagu.

Kilometrorik egin gabe, lehentasunezko eserlekuetan eta cateringarekin bidaiatzeko aukera paregabea dira liburuok. Gainera, udaldiko nomadismoarekin konbinatzen badituzue, zorionekoak zuek; posta-txartela bidali eta inbidia pixka bat eman.

 

Inés García Aspiazu

Tobacco Days

Zure iritzia adierazi