2018-05-08 11:30

Itziar Okariz eta Sergio Prego Veneziako Bienalera, Peio Aguirreren proiektu batekin

 

Arte alorreko profesionalek osatutako epaimahaiak hautatutako proiektua aipatu bi artisten arteko elkarrizketa batean oinarrituko da, eta gorputzaren ekonomia politiko izango du ardatz.

 

 

 

Tabakalerak publikoki zoriondu nahi ditu Peio Aguirre komisario eta arte kritikaria, eta Itziar Okariz eta Segio Prego artistak, datorren urteko Veneziako Bienalean parte hartzeko hautatu baituzte, Espainiaren ordezkari gisa. Arte alorreko profesionalek osatutako epaimahaiak hautatutako proiektua aipatu bi artisten arteko elkarrizketa batean oinarrituko da, eta gorputzaren ekonomia politikoa izango du ardatz.

Datorren ekainaren 3ra bitarte, Tabakaleran ikusgai dago Itziar Okarizen I Never Said Umbrella bakarkako erakusketa. Bere ibilbidean giltzarri izan diren piezak eta ekoizpen berriko lanak biltzen dira Beatriz Herráezek komisariatu duen proiektu honetan. Otsailaren 16an ateak zabaldu zituenetik, 11.900 pertsona igaro dira erakusketatik eta oso kritika onak izan ditu.

Erakusketaren itxierara begira, ekainaran lehen astebururako jarduera programa berezia antolatu da, Ahots bat baino gehiago izenburupean. Ekainaren 1ean, arratsaldez, hasiko dira jarduerak: Itziar Okariz bera, Beatriz Herráez eta Lola Hinojosa Reina Sofía Museoko Arte Performatiboen arduraduna mahai-inguruan elkartuko dira, eta ondoren, Beatrice Dillon-en pieza baten entzunaldia aurkeztuko da. Biharamunean, ekainak 2, Carmen Pardok hitzaldia eskainiko du eguerdian, eta ondoren, Itziar Okarizek Ujjayi performancea egingo du erakusketa aretoan. Arratsaldean, jarduera programari amaiera emateko, Guy de Cointet artistaren bi obra taularatuko dira lehen aldiz Euskal Herrian.

Tabakalerak Itziar Okarizekin duen harremana ez da erakusketan amaitzen. Joan zen udan Okarizek Jon Mikel Eubarekin batera eskainitako artistentzako lantegia aurten ere errepikatuko da. Uztailaren 9tik 27ra izango da, eta datozen egunetan zabalduko da lantegian parte hartzeko izen-ematea.