Blog Tabakalera

Itziar Okariz: ulermenaz, gorputzaz, espazio publikoaz...

2018-05-24 13:21

Itziar Okariz: ulermenaz, gorputzaz, espazio publikoaz...

Itziar Okarizen I Never Said Umbrella erakusketa azken txanpan sartu da; ekainare 3an itxiko ditu ateak. Baina itxiera aurretik, amaiera gisa, ekainaren 1 eta 2rako jarduera programa bat proposatzen dizuegu: mahai inguruak, performanceak, hitzaldiak, etab.

okariz_mearenespaciospublicosyprivados.jpg

 

Jarraian, Itziar Okariz eta erakusketako komisario Beatriz Herráezen arteko solasaldiaren zati bat aurkituko duzu. Elkarrizketaren bertsio osoa erakusketarekin batera argitaratutako Orriak liburuxkan irakur dezakezu.

 

Beatriz Herráez:

Erakusketak ekoizpen berriak eta aurreko obrak biltzen ditu. Nola bizi dira elkarrekin denborazkotasun horiek?

Itziar Okariz:

Erakusketa bat prozesu ireki bat da beti; bestela, espazio batean “gauzak jartzea” izango litzateke soilik. Aldiz, materialen metatze gisa funtzionatzen du, eta horiekin zentzu jakin bat sortzen da. Aurkezpen honen planteamenduan, Jean-Luc Godard zinegilearen Sympathy for the Devil (1968) filmaren grabaketako irudi batzuk hartu ditut. Film horretan, Rolling Stones taldea agertzen da. Leku desberdinetatik datozen erreferentziak dira, aspalditik neurekin izan ditudanak, eta erakusketarekin erlazionatzeko interesa dut, denak forma bat har dezan. Uste dut erakusketan garrantzitsua dela aukeraren baldintza irekita geratzen den modua eta testua eta irudiak zatikatzen diren modua.

B.H.:

Testu eta irudi zatikatuak aipatu dituzu...

I.O.:

Zatiak aipatzen ditudanean esan nahi dut esaldi bat hainbat elementutan artikulatu eta desartikulatu daitekeela. Horietako bakoitzean jartzen duzun arretaren bitartez, zentzua erabat aldatzen da, errotik. Ulertu ahal izateko hitz egiten duenaren ahotsa nabarmendu eta lehen planoan jarri behar dugu, eta berarekin batera dauden soinu guztiak bigarren planora igaro, baita ozenagoak badira ere.

Soinua diskriminatzen dugu, ez dugu dena entzuten; hori beharrezkoa da ulertu ahal izateko. Entzutearen prozesua horrelakoa da, eta zerikusia dauka hizkuntzarekin, haren izaerarekin. Denbora guztian diskriminatuz interpretatzen dugu, eta ez soilik soinuaren kasuan; ikusmenak ere era berean funtzionatzen du. Horrela, mundua ezagutzen dugu eta zentzua ematen diogu, garrantzitsuak jotzen ez ditugun informazioak baztertuz.

B.H.:

Zure ekintzek itxuraz espazio publikoa gobernatzen duten kode, sailkapen eta antolamenduaren ezagutza adierazten dute. Kode horietako asko ikusezinak dira, eta, batzuetan, zure lanak horiek aipatzen ditu, presente egiten ditu.

I.O.:

Espazio publikoan lan egiten duzunean, berau arautzen duten arauen gaineko indarkeria dago, horiek aldatzen ari zarelako. Konbentzio horiek ahalbidetzen dizute ulergarri izatea eta lasai egotea espazio horretan. Hau da, emakume bat eskultura baten aurrean jartzen bada hari hitz eginez museo batean, dena ordenan egoteko ezartzen diren arau batzuk aldatzen ari dira. Arau horiek nahasten edo aldatzen badituzu, indarkeria baliatzen ari zara nolabait. Eta hori ez da bigarren mailako kontua, landu beharreko zerbait baizik. Ez da beharrezkoa espazio publikoan pixa egitea indarkeria hori gauzatzeko. Kalera irteten bazara eta ezezagun batek esaten badizu “Kaixo, konta al diezazuket amets bat?”, tentsio handiko egoera sortzen da.

Artista batzuk eroso sentitzen dira espazio publikoan lan eginez, eta hura okupatzeko irrika ere badute; beste batzuek, ordea, ez. Ni neu gertatzen ari denaren behatzailea naizela esango nuke gehiago. Espazio hori landu nahi dut esan nahi duenagatik, ez hertsiki esperientziagatik.

B.H.:

Zure zenbait lanek oihu egitea edo txalo jotzea bezalako ekintzetatik datozen hotsen erreprodukzioa erabiltzen dute, beste lan batzuk ordea, Diario de sueños kasu, testu bat jarraituz eraikitzen dira.

I.O.:

Lehenengo aldiz irrintziaren fenomenoa interesatu zitzaidan, ez delako hitz bat; ekintza bat da. Oreka prekarioko leku batean dago esanahia. Ez dago zehaztuta. Hori gertatzen da ujjayi arnasketan ere, bai eta txalo egiteko ekintzan ere. Ez nuke jakingo esaten zergatik, baina ekintza horiek, ikur horiek, ez dute hitzen modu berean funtzionatzen, eta beste leku batetik egituratzen eta hartzen dute lekua. Lanotan, esperientziaren fisizitatea garrantzitsua da; esate baterako, txalo egitean, esperientzia fisikoa oso bestelakoa da hitz egiten duzunean gertatzen denaren aldean. Komunikatzen zaiguna ulertzeko soinua diskriminatzearen premia aipatu dugu lehen. Hitz egiten duzunean, esperientzia fisikoa duzu ahotsa igortzearekin lotuta, gorputzeko zati desberdinekin lotuta, baina nekez antzematen duzu, diskriminatu egiten duzulako eta arreta beste leku batera bideratzen ari zarelako, esanahirantz. Gorputzeko esperientzia fisikoa desagertu egiten da, hitzen zentzuan kokatzen garelako. Hori ez da gertatzen Aplauso, Irrintzi edo Ujjayi lanetan. Beste lan batzuetan, hala nola Diario de sueños eta How d’ye do lanetan, nire asmoa da forma eta zentzua haustea, ikur batek gauza bat eman arren beste bat denean, eta Baron Ashler bezalako performanceetan, aldi berean hitzekin sortzen ari diren bi irudi ezin dira ulertu une batean bat egiten duten arte, ekintzaren une ulergarri bakarrean.

 

Zure iritzia adierazi