- Jardun Artistikoentzako Institutua - Ibon Aranberri, Asier Mendizabal , Itziar Okariz | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Jardun Artistikoentzako Institutua

 

Artium, Arte Garaikidearen Euskal Zentro-Museoak eta Tabakalera, Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak, indarrak batu eta akordio bat sinatu dute Jardun Artistikoentzako Institutua (JAI) sortzeko. Artistei zuzendutako ikasketa-programa da, eta uztailaren 1ean irekiko ditu ateak. Praktika artistikoa izango da programaren muina, eta ikerketa, ekoizpena, pertzepzioa eta lan kritikoa sustatuko ditu.

Institutua ekimen berritzaile gisa sortu da, baina, aldi berean, Euskal Herriari lotutako testuinguru artistikoan errotuta. Arte garaikidean ezagutza transmititzeko tradizio berezia aitortzen dute bi erakundeek, eta etengabeko elkarrizketan oinarritutako programa pedagogiko eta esperimentala garatzeko asmoa dute.

Institutuak uztailean irekiko ditu ateak, eta, bi hilabetez, udako eskola baten moduan funtzionatuko du, baita truke eta gurutzaketa artistikoak garatzeko gune gisa ere. Prestakuntza Tabakalerako Sortzaileen Gunean izango da, uztailaren 1etik abuztuaren 28a bitartean, eta, gainera, ondoren bisibilizazio fase bat garatuko da Artium Museoan.

Ikasketa-programa eremu instituzionalean sortzen diren harreman profesionalak ezagutzaren ekoizpenera eta transmisiora hedatzeko nahitik sortu zen, inguruko artisten eta nazioartean dabiltzan beste batzuen arteko topagune bat eraikitzeko helburuarekin.

 

Tutoretza profesionalak

Irakasleen taldea gaur egun bi erakundeen erakusketa-programetan eta programa publikoetan parte hartzen duten eragile profesionalek osatuko dute. Tabakalerak eta Artiumek jatorri oso ezberdineko ahots profesionalei dei egin diete, praktika artistikoak mundu garaikideari begiratzeko duen potentziala identifikatu eta haien lengoaien erabilerari buruzko harreman kritikoa ezartzeko gai direnak.

Proposatutako mekanika artista gonbidatu bakoitzak bere sormen prozesuen ikuspegi berezia eskain dezan diseinatuta dago. Horrek programaren metodologia tailerraren espazioan ehuntzen diren harremanen ondoan kokatzen du, une eta egoera bakoitzean garatzen diren praktika zehatzetan, eta ez prozedura teoriko batean. Metodologia hori praktikara eramango da ariketen, tailerren edo ad hoc proposatutako beste topaketa batzuen bidez.

Ibon Aranberri (artista), Asier Mendizabal (artista eta KKHko irakaslea, Stockholmeko Royal Institute of Art) eta Itziar Okariz (artista) izango dira institutu berriaren tutoreak, eta irakasle lanetan Katinka Bock, June Crespo, Diedrich Diederichsen, Jon Mikel Euba, Kobe Matthys-Agency, Lily Reynaud Dewar, Camila Sposati arituko dira. Horrez gain, Institutuak ikerketa batzorde bat izango du, Beatriz Herráez (Artiumeko zuzendaria), Oier Etxeberria (Donostiako CICC Tabakalerako Arte Garaikideko arduraduna) eta aipatutako hiru tutoreek osatua.

 

  • Data: Asteazkena, 2020ko uztailak 1 > Ostirala, 2020ko abuztuak 28
  • Lekua: Sortzaileen gunea
  • Sarrera: Izen ematea
:

Jarduerak