Julia Eckhardt

Julia Eckhardt musika konposizio eta inprobisazio garaikidearen alorrean aritzen den viola jolea da. Ikasketak osatu ondotik, ganbara musikari eskainitako hainbat talderekin jo izan du, nagusiki garaikideak, baina baita Belgikako Orkestra Nazionalarekin ere.

1995ean soinu arteari eta musika esperimentalei eskainitako Q-02 espazioa ireki zuen Bruselan eta oraindik bertako arduradun artistiko gisara egiten du lan. Besteak beste, Phill Niblock, Pauline Oliveros, Stevie Wishart, Jennifer Walshe, Wandelweiser kolektiboa, Christian Wolff edo Antony Coleman bezalako konposatzaileekin lan egin izan du, eta György Kurtag, John Cage, Chiyoko Szlavnics, Anne Wellmer edo Radu Malfattik idatzitako bakarkako lanak interpretatu izan ditu. Horrez gain, azken 15 urteotan nazioarteko inprobisazio askearen eszenan aktiboki parte hartu du eta Manfred Werder, Normisa Pereira da Silva, Angharad Davies eta Stefan Thut-ekin batera musika kontzeptualari eskainitako Incidental Music taldeko kide da. Berlinen hazi ondotik, egun Bruselan bizi da.