Kearen artxibogileak. Elkarrekin lan egiten duten emakumeak | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Kearen artxibogileak. Elkarrekin lan egiten duten emakumeak

Compártelo:
  • Urtea: 2016 > 2020

Kearen artxibogileak tabako fabrikako hainbat zigarrogilek eta egungo kultura zentroko zenbait langilek osatutako taldea da. Aldizkako bilerak egiten dituzte 2016ko irailaz geroztik, Tabacalerako eta Tabakalerako istorioei buruzko artxibo komunitario bat eraikitzeko helburuarekin, besteak beste. Artxibo horren lehen bertsio digitala Makusin, Tabakaleraren artxibo digitalean, dago kontsultagai.

Narrazioak eraikitzen diren moduei buruzko gogoeta egin nahi dute, eta ofizial deitutako artxiboetan agertzen ez diren hainbat material jaso. Argazkiak, agiriak, bideoak, audioak eta objektuak barne hartzen ditu. Horietako batzuk lan-prozesuan zehar sortutakoak dira baina gehienak Tabakalerako langile ohiek urte luzez etxean gordetakoak dira. Horrenbestez, etxeetako artxiboak irekiko ditugu; berez, ez ziren gorde jendaurrean erakusteko, baina urteak igaro ahala, garrantzitsu bihurtu dira eta gure iraganaren irakurketa kritikoa egiteko aukera ematen dute eta, beraz, baita gure orainaldiarena ere. Alderdi biografikoari, afektiboari edo gatazkatsuari lotutako gaietan jarri dute arreta, eta horien bitartez, orokorrean historiaren ideia eta zehazki fabrika honen historia zabaldu nahi duten kontakizunak aurkezten dituzte.

Taldeko parte-hartzaileen artean landu dute materialen aukeraketa, antolakuntza eta aurkezpena, baina artxibo hori egituratzeko milaka moduetako bat besterik ez da ikusten hemen; horregatik, bisitaria egituran sakontzera gonbidatzen dute, baina, aldi berean, baita materialak berrinterpretatzera, berrantolatzera, birsailkatzera, birkokatzera eta material berriak ekartzera ere. Iraganaren begirada nostalgiko eta laua aurkezteko ideiatik aldenduta, kontakizuna “estutzen” ahalegintzen dira, agiri bakoitza leku jakin batetik irakurtzeko eta begiratzeko angelu jakin bat iradokiz. Materialak gaika antolatu dira. Gai horiek, nolanahi ere, zabalak dira, eta bakoitzaren barruan a priori imajinatuko genituzkeen ideia aurreikusgarri batzuk zabaltzeko ahalegina egin da.

Horrenbestez, prozesu kolektibo hau artxiboa ez ezik komunitatea eraikitzeko gune gisa planteatzen da. Hiriko beste eragile batzuekin batera, fabrikako beste langile ohi batzuekin batera, auzoko beste bizilagun batzuekin batera eraikitzen jarraitzeko espazioa. 

Elkarrekin lan egiten jarrai dezagun!

Kearen artxibogileak dira, momentuz: Clara Álvarez, Mariasun Arratibel, Marivi Arratibel, Pili Jauregi, Lupe Luengo, Maria Jesús Nestar, Leire San Martin, Ana Revuelta eta Maite Sorozabal.

 

Memoriak berpiztu

2017-11-16 > 2017-11-17

Topaketa hauetan, "Archiveras" taldea garatzen ari den lan prozesua eta LaFundició-ren lan esperientzia ezagutuko ditugu.

+ Info

Jarduerak

Makinak, bokatak eta Salvatore Adamo. Tabakaleren istorioak

2017-04-27

Historia egiteko moduari eta memoriaren eraikuntzari buruz hausnartzeko helburuarekin antolatutako bi saio hauetan artxiboa adierazpen politiko bezala ulertzeko aukerak landuko ditugu.

+ Info

Jarduerak

Activities