Komanditario Berriak - Komanditario Berriak - Haizea Barcenilla, Artehazia | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Komanditario Berriak

Andrekalea hernani Komanditario berriak
Partekatu!

Tabakalerak eta Artehazia-k sustaturiko proiektu bat da, Fondation de France erakundearen Komanditario berriak programaren barruan. Komanditario berriak proiektuak gizarte-premia bati erantzungo dion proiektu artistiko batean parte hartzeko aukera luzatzen dio edozein pertsonari; horretarako artista baten eta bitartekari baten laguntza izango dutelarik.

Ideia artistek eta, oro har, arteak herritarrak kezkatzen dituzten arazoei erantzunak bilatzen lagun diezaieketela da. Halaxe azaldu zuen duela 20 urte François Hers artista belgikarrak; hark jarri zuen abian Komanditario berriak ekimena. Proiektu hau, hain zuzen ere, esparru horretan sartzen da eta hiru funtsezko pieza uztartzen ditu: artista, sustatzaileak (komanditarioak), eta bitartekaria, proiektuaren inguruan bildutako kide publiko eta pribatuez gain.

Helburua hiritarrak proiektu artistikoen garapenean inplikatzea da. Tabakalerak lehen deialdi bat zabaldu zuen duela hilabete batzuk artxiboa, historia eta memoria landu nahi dituzten balizko komanditarioei zuzendua, beti ere, komanditario edonor izan daitekeela kontuan izanik.

  •  LEHEN FASEA

Deialdira aurkeztutako proposamenen artean, Hernaniko Berdintasun Kontseiluarena izan zen irabazle gisa hautatua apirilean. 2014ko apirilean lehenengo bilera egin zen Tabakaleran bertan, Haizea Barcenilla bitartekaria eta Arantxa Mendiharatekin (Artehaziak) batera, proiektuaren helburuen eta ezaugarrien aurkezpena egiteko eta komanditarioen nahiez mintzatzeko.

Berdintasun Kontseilua adin eta dedikazio ezberdineko talde bat da, generoaren inguruko kezkak elkartzen dituen pertsonez osatua. Emakumearen presentzia publikoa da ardatza proiektu jakin honetan, eta baita hirien antolaketa urbanistikoaren inguruko hausnarketa ere, genero ikuspegi batetik abiatuta. Andrekale izan zen garai batean, baina egun ofizialki Kardaberaz izena duen kalearen inguruko kezka eta ikerketak izan dira aukeratutako proiektu honen abiapuntu eta motore.

Kontaktu honen ostean, hurrengo bilerak elkartearen bilgune den Plaza Feministan bertan izan dira, Hernanin. Haizea Barcenillaren dinamizaziopean hainbat urrats eman ditu taldeak, zer egin nahi den definitzeko. Lehendabiziko pausua, taldea bilduko zuen izen bat aukeratzea izan zen, izan ere, ez daude Berdintasun Kontseiluko kide guztiak bertan eta bertan dauden guztiak ere ez dira Berdintasun Kontseilukoak. Hala, beren proiektua martxan jarri zuen kalearen omenez, Kalandria izena hautatu zuten sortutako taldearentzat.

Jarraian hainbat galderari erantzunak bilatzen, eta hauen inguruan hausnartzen eta eztabaidatzen jardun zuen taldeak. Zer egin nahi den horretara heltzeko, zertarako egin nahi zuten, norentzat edota zergatik... bezalako itaunak landu dituzte. Haizea Barcenillak hainbat adibide eskaini zituen bide horretan laguntzeko, jada Nouveaux Commanditaires-en baitan egindako proiektuenak, zein bestelako lan artistiko batzuk.

Taldea hainbat ondorioetara iritsi da, proeiktuaren lehen faseari amaiera emanez: emakumearen bisibilitateaz eta presentzia publikoaz (bai iraganean eta baita orain ere) hausnartzera gonbidatu nahi dute jendea. Honetarako, kasu zehatz batetik abiatzen dira, baina maila unibertsal eta sinbolikoago batera heldu nahi dute, bertan arrastoa utziko duen herritarrei zuzenduriko lan bat sortuz. Hala ere, ideia hedagarria izan dadin nahi dute, bai espazioan eta baita denboran ere.

  • BIGARREN FASEA

2014ko irailean ekin zioten proiektuaren bigarren faseari: Haizea Barcenillak artista proposamena egin zien komanditarioei: Sra. Polaroiska. Azken hauek proposamena ontzat eman ostean, lanean izan dira, Kalandria taldearen nahi eta beharrei erantzungo dien obraren produkzioan elkarlanean.

Enkargua Andrekalerekin (Hernaniko alde zaharreko kale nagusietako bat) harremana daukan obra gauzatzea da, emakumeek espazio publikoan duten ikusgarritasuna aldarrikatzea. Komanditarioek interes berezia daukate artelan hori, kalea, ingurua aldatuko duen zerbait izan dadin. Era berean, beste zenbait lekutan erakutsi nahi lukete, egiten ari diren bideari oihartzun handiago eman ahal izateko.

Baldintza eta ekarpen guztiak kontuan hartuta, Kalandriako kideek jaso dute Sra. Polaroiskaren erantzun-proposamena, eta proiektuan gauzatutako film-instalazioa Tabakalera izango da ikusgai, estreinekoz, 2015eko abenduan.

 

Laguntzaileak:
 

logo_fdf-e1393314137162.png     logo_artehazia-e1393314214466.png

Enlaces web

Nouveaux Commanditaires