- La Vallée close - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián
Error fetching XML

La Vallée close

Manuel Asín eta Jean-Claude Rousseauk aurkeztuta

La vallée close, Jean-Claude Rousseau

 

La Vallée close, Jean-Claude Rousseau, Frantzia, 1995, 144' 16mm, JB FR, Azp. ES

 

JEAN-CLAUDE ROUSSEAU. IL MIGLIOR FABBRO

Jean-Claude Rousseau Parisen jaio zen. New Yorken bizi izan zen 70eko hamarkadan, eta bertan ezagutu zituen bai Ozuren filmak, bai abangoardiako zinema. Super 8 formatua erabilita hainbat film labur egin eta gero, formatu bera erabili zuen bere lehen film luzea, Les Antiquités de Rome (1989), eta jarraian bere maisulan handitzat jotzen den La Vallée close (1995) filmak egiteko. Konfidentzialtasunez zabaldu ziren film biak laurogeita hamarreko hamarkadan 16 mm-ko formatura egokitu ahal izan ziren arte. Zehazki, La Vallée Close Jean-Marie Straub eta Danièle Huillet-i esker egokitu ziren formatu horretara; izan ere, beren Othon (1970) filmarekin batera Cinématheque Française zinematekan proiektatzeko eskatu zuten. Jarraian Locarnon eman zuten pelikula, eta Belforteko zinema-jaialdiko dokumental onenaren saria lortu zuen.

Rousseauren zinema hori zinemagintza garaikideko zinema eliptikoen eta biluzienen artean dago. Bakar-bakarrik egin zituen bere filmak. Sarritan bere figura baino ez zuen eskuragarri, eta beti erabiltzen zuen ekipamendu ez-profesionala (lehenengo Super 8a eta gero bideo digitala). Bere filmen forma asko baldintzatu zuten lan egiteko erabiltzen zituen materialek. Super 8aren bobinak osorik proiektatzen dira, grabatu ziren bezalaxe, eta, horrenbestez, filmaren kontakizuna eta egitura gehiago dira bobina horiek onartzen duten ordenaren ondorio, planoen arteko harremanaren ondorio baino. Film hau zinemaren historian muntaiarekin egindako esperientzia espekulatiboenetako bat da, eta, beste modu batera bada ere, Vertov-ekin hasi eta Pelechian arteko sobietar maisu guztien mailan dago.

Materialak apalak izan arren, filmen handinahia izugarria da aldi berean. La Vallée close filmaren egiturak seikoa izan zuen inspirazio-iturri, Erdi Aro Berantiarreko eta Errenazimentuko poetentzat ahapaldirik zailena zen hura. Gainera, irudi- eta soinu-blokeen inguruan bueltaka dabilen kontakizuna Laura eta Petrarcaren amodio-istorioa bezalako istorio handiekin pareka liteke.

Manuel Asín