- Leiho digitala - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Leiho digitala

Lehio digitala

Leiho digitala. Hurbilketa berriak museoetako bildumetara
Teknologia berriek sustatutako eraldaketa digitalak gure gizarteko jarduera-arlo guztietan eragiten du eta, oraingoan, ondare artistiko eta kulturalarekin erlazionatzeko gure modua ere aldatzen ari da. Ondare hori kudeatzen duten museo eta erakundeek, eta gizarteak oro har, askotariko erronka berriak dituzte aurretik, eraldaketa-prozesu horren ondoriozkoak.

Nola erabil ditzakete museoek bitarteko digitalak beren bildumei buruzko istorioak kontatzeko eta, horren bidez, publikoaren emozioetan eragiteko? Bitarteko horiek erabil daitezke bildumak museoko hormen esparrutik atera eta publiko global batera iritsarazteko? Eskaintza kultural aberatsa eta nabaria sor daiteke bitarteko eta formatu horietan oinarrituta?

Erakusketa honen bidez gai horiek aztertu nahi dira eta, aldi berean, bisitari guztientzako esperientzia erakargarri eta nabaria eskaini, artelanen bereizmen super altuko irudiak -begi hutsez hautemanezinak diren xehetasunak deskubritzea ahalbidetzen dutenak- eta horiek interpretatu eta gozatzen laguntzeko multimedia narratibak uztartzen dituena.

Artelanaren irudian oinarritutako esperientzia
Irudiak rol erabakigarria jokatzen du errealitatea irudikatu eta interpretatzeko moduan, bai artistentzat bai artelanen ikusleentzat. Margolana bere euskarrian, giza begia bezala, leku batean egon daiteke soilik aldi berean. Hala ere, kamera baten bidez lortutako irudiak hori erreproduzitu egiten du, edozein tamainatan, edozein lekutan eta edozein xedetarako erabilgarri bihurtuz: arte liburu bat, postal bat, poltsa bat, webgune bat eta, zirkulua itxiz, museo-formatu nagusia; hau da, erakusketa.

Zergatik dira garrantzitsuak narratibak?
Nola eman diezaiokegu publikoari obra (edo horren irudia) interpretatzen lagundu eta, aldi berean, modu sakonagoan harengan eragingo duen informazio erakargarria? Istorioak, gizateriak horiek kontatzen erabilitako askotariko bitartekoen bidez, ezagutzak transmititzeko ezinbesteko alderdi bat izan dira beti, eta oraindik ere badira. Gure garuna istorioak jasotzeko diseinatuta dago: erreakzio fisikoa izaten du horien aurrean, enpatia sorraraziz, gainerakoekin konektatuz eta emozioak piztuz. Horrenbestez, istorioak kontatzea elkarrekin konektatzeko, eta esperientziak eta emozioak sortzeko dugun modu onenetako bat da; eta, horren bidez, eragina handiagoa da.

Paris Musées-eko maisulanak
“Leiho digitala. Hurbilketa berriak museoetako bildumetara” erakusketak Paris Musées erakundeko maisulanen multzo bat aurkezten du. Erakundea Parisko 14 udal-museo hauek osatzen dute: Catacombes de Paris, Crypte archéologique de l'île de la Cité, Maison de Balzac, Maison de Victor Hugo - Hauteville House, Musée Bourdelle, Musée Carnavalet, Histoire de Paris, Musée Cernuschi, Musée des Arts de l’Asie de la Ville de Paris, Musée Cognacq-Jay, le goût du XVIIIe, Musée de la Libération de Paris - Musée du général Leclerc - Musée Jean Moulin, Musée de la Vie romantique, Musée d’Art moderne de la Ville de Paris, Musée Zadkine, Palais Galliera, Musée de la Mode de la Ville de Paris, Petit Palais eta Musée des Beaux-arts de la Ville de Paris.

Paris Musées erakundeak erakusketa honetan kolaboratzen du scModules proiektuan parte hartzearen ondorioz. Horri esker bere museoetako artelan asko digitalizatu, eta Paris Musées Second Canvas app-aren bidez jendearentzat eskuragarri jarri ahal izan ditu. App-a doan eskuratu daiteke aplikazioen denda nagusietan (AppStore eta Google Play), eta haren bidez garai eta kontinente guztietako margolanak, arropak, marrazkiak, akuarelak edo argazkiak hurbiletik deskubri daitezke. Haien artean, erakusketa honek barne hartzen dituen 7 lanak.

Paris Musées erakundeak, erakusketa honetan parte hartzearen bidez, teknologia berriak urruneko publikoen artean erakundea eta bere bildumak ezagutzera emateko tresna gisa nola funtziona dezaketen aztertu nahi du, baita zer-nolako eskaintza kulturala sor daitekeen ere formatu digitaletan oinarrituta.

scModules
Erakusketa scModules proiektuaren itxiera da. EBk batera finantzatu du proiektu hori, H2020 programaren bidez, eta Madpixelen (mundu mailako liderra artelanen bereizmen super altuko digitalizazioen esparruan) sustapenarekin. Proiektuaren helburua honako hau da: museoetako bildumen bereizmen super altuko digitalizazioetatik abiatuta gara daitezkeen aukera berriak identifikatu eta aztertzea. Proiektua Second Canvas plataforman oinarritzen da; horren bidez, erakundeek bereizmen super altuko irudiak eta narratiba interaktiboak konbinatzen dituzten multimedia esperientziak sortu eta eskain ditzakete.

ScModules proiektuan 75 museo baino gehiago bildu dira, Europa mailakoak nahiz Estatu Batuetakoak edo Mexikokoak, eta bi urteetan zehar, adierazitako teknologietan oinarritutako aukerak aztertu dituzte: aretoko interpretazioko soluzioak, webgune eta app-en argitalpenak, erakusketak, heziketa-jarduerak, etab. Proiektu horietako asko eskuragarri daude app formatuan, Second Canvasen, eta doan deskargatu daitezke AppStore eta Google Play-ren bidez.

Documentación

Videos

Leiho digitala. Promoa

Leiho digitala. Promoa

Interesa dakizuke

Lantegiak
2019-06-17 > 2019-06-20 - 18:00-20:00

Lantegi honetako parte-hartzaileek zuzenean...

Lekua:

+ Info

Aurkezpenak
2019-06-14 - 19:00

"Leiho digitala" erakusketaren aurkezpena.

Lekua:

+ Info