Fokuak (FK) - Les tombeaux sans noms - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Les tombeaux sans noms

les tombeaux sans noms

Les tombeaux sans noms, Rithy Panh, Camboya, 2018, 115'

Rithy Panh zuzendari kanbodiarra aurrera doa bere herrialdeko memoriaren esplorazio dokumentalarekin. Zuzendariak Jemere Gorrien genozidioaren zorigaitza lehen pertsonan bizi izan zutenen ahotsak, gorputzak eta historiak berreskuratzeko proiektu pertsonal, espiritual eta zinematografikoa du, eta, film berri honi esker, beste pauso bat eman du aurrera. Kasu honetan, hildakoen espirituekin topaketa bat izatea planteatzen du, bakeranzko bidea marrazteko modu gisa.

ZUZENDARIAREN OHARRAK:

“Bidaia hau hildakoekin esertzeko egin nuen. Haiekin pagodetan, bide ertzean, ibaietan hitz egiteko.

Oraindik gaur, lurrean aztarrika eginda, gorpuzkiak aurki daitezke, baita koloretako oihal-pusketak ere. Char, Trum, Wat Pô... Umeek dena gogoratzen dute: lan behartua, gosea, banaketak… Eta azkenean, heriotza. Nahiko maiz itzuli naiz toki horietara. Hala eta guztiz ere, ez ditut inoiz aurkitu nire aitaren hilobiaren aztarnak; ezta nire lobenak ere, ezta nire ama eta nire arreba hilobiratuta dauden hilobi komunalenak ere.

Norbera iritsi behar da beste mundura. Hildakoak gure bila dabiltza, eta itxaron egiten gaituzte. Normala denez, bidaia batzuek beldurra ematen digute, eta, horregatik, uko egin nahi diogu bidaia horiek egiteari, bizitzaren itxaronaldian edo presa artean harrapatuta. Hildakoekin aurkitzea oso serioa da. Arimak bilatzea arima horiei bueltatzeko gonbita egitea da, beldurrik gabe. Hildako asko dago azkenik atseden hartzeko toki baten bila. Beste batzuek keinu, begirada edo pentsamendu bat baino ez dute behar. Honako hau bidaia horretarako gonbita da. Nirekin etortzeko gonbita egiten dizut”.

“Phnom Penh (Kanbodiako kapitala) menperatu egin zuten. Jemere Gorrien indar iraultzaileak hirian sartu ziren guda irabazi eta gero. Hurrengo orduetan bi milioi herritarren ebakuazioa bortxatu zen. Besteak beste, eskolak eta ospitaleak itxi ziren, dirua abolitu zen, erlijioa debekatu zen, zentsura ezarri zen eta kultura guztiz baztertu zen.

Oinez, errepideetan barna, trenean, eta gero, berriz ere oinez… Herri batetik bestera: Saang, Koh Tauch, Char, Sré Ô... Arroz-zelai batetik bestera, hondakin batzuetatik besteetara; arrokak hautsi genituen, lurrean aztarrika egin genuen, sustraiak atera genituen. Gure sustraiak galdu genituen arte.

Gero, komandoa iritsi zen. Angkar-eko kideek (Kanpucheako alderdi komunista) Trum-era bidali gintuzten, ezerezaren erdian dagoen toki batera. Lur baxuak, zabalak, idorrak, zuhaitzik gabeak… Urte-sasoi lehorrean, pitzatutako lurrak gure oinazpiak moztu eta erre egin zituen. Hara deportatu gintuzten Jemere Gorriek 1976 hasieran.

Hamaika ginen Phnom Penhetik atera ginenean. Bi baino ez ginen bizirik atera”.

Más actividades de Galdera batzuk:

Buletinera harpidetu!
Tabakalerari lotutako albiste eta berri guztiak jasoko dituzu zure helbide elektronikoan.