- Manifestu filmiko feministak - | Tabakalera - Donostia / San Sebastián

Manifestu filmiko feministak

Marta Nietok aurkeztutako saioa

Les résultats du feminisme, Alice Guy

Les résultats du feminisme, Alice Guy (1906, 7')

 

Ziklo honetan, feminismoek XX. mendearen bigarren erdian eta mende honen hasieran gidaturiko eztabaidei hainbat ikuspegitatik forma zinematografikoa eman dieten lanak ikusi ahal izango dira.

Askotariko lan hauen guztien bidez, hala feminismoen diskurtso kritikoen eta sorkuntza zinematografikoaren arteko eraginei nola ikus-entzunezko aktibismoak ideien interpretazioan eta zabalkundean izan duen eraginari buruzko bi noranzkoko ikuspegi berezi bat erakutsi nahi da. Konpromiso eta jarrera politikoa ikusiko dugu filmetako batzuetan, erakundeen ordezkaritza-sistemekin lotutako tentsio kritikoa beste batzuetan, eta erradikaltasunari eta ausardia formal eta ideologikoari bide eman diezaioketen sorkuntzak oro har.

Bartzelonako Mostra Internacional de Films de Dones erakundearen eta Centre de Cultura Contemporània zentroaren artean eginiko programa da.

Saio honetan, hainbat filmen bitartez aztergai izango dugu emakume zinemagileek nola bat egin zuten sufragismoaren osteko mugimendu feministekin. Nahita zerbait esateko egin diren eta era berean asmo performatiboa duten pieza hauek ekintza artistiko bilakatu dira; argi eta garbi feminismoarekin lotutako ardura politikoa hartzen dute eta eragiteko asmo esplizitua erakusten dute.

Joan den mendeko 60 eta 70eko hamarkadetan mota honetako lan ugari ekoitzi zen, eta garai hura ikusizko esperimentazioaren bidez aztertzen duten sorkuntzen genealogia baten lekukotza adierazgarriak utzi dizkigute. Lanok muga estilistikoan jartzen dituzte konbentzioak eta genero- eta sexu-gatazkak irudikatzeko moduak, feminismo politikoek agerian jarri zituztenak.

Programari ekiteko, zineman gai honi buruz egin ziren lehenengo dokumentuetako bat emango da (fikzioa), Alice Guy zinemagileak “berdintasunaren” arriskuei buruz 1906an filmaturikoa.

 

-Les résultats du feminisme, Alice Guy (1906, 7')

Film labur honetan, Alice Guyk irrigarri uzten ditu genero-rolak: gizonek feminitatearen estereotipoei erantzuten diete, eta emakumeek, berriz, maskulinitatearen kanonei jarraikiz jokatzen dute.

-Saute ma ville, Chantal Akerman (1968, 13')

Chantal Akerman zuzendariaren lehenengo lan zinematografikoa da. Gerora bere filmografian gehien azterturiko bideetako bat esploratzen du: ordenak zer-nolako zentzua duen eta desordena nola agertzen den nahien eraginpean dauden gorputz eta espazioetan.

-Réponse de femmes, Agnès Varda (1975, 10')

1975: olatuaren urtea. Frantziako telebista-kate batek 7 emakume zuzendariri eskatu zien 7 minututan erantzun ziezaiotela galdera honi: “Zer da emakumea?”. Honako hau Agnès Vardaren erantzun zinematografikoa da.

-SCUM, Carole Roussopoulos (1976, 28')

Liburua eskuan duela, Delphine Seyrig-ek Valerie Solanas-ek SCUM Manifesto agirian idatzitako hitzak irakurtzen dizkio Carole Roussopoulosi, zinemagileak makinara pasatzen dituen bitartean. Atzean, telebistan, eguneko albistegiko gerra-irudiak ikusten dira.

-Encuentro entre dos reinas, Cecilia Barriga (Espainia, 1991, 14')

Film honetan, Greta Garo eta Marlene Dietrich maitale birtual bilakatzen dira Cecilia Barrigaren muntaketari esker: emakume aktoreek antzezturiko pelikuletako batzuen zatiak konbinatuz (The Girl King, Anna Karenina, Blonde Venus, etab.), desirari eta patuari buruzko narrazio berezi bat eraikitzen du.

-White trash girl: the devil inside (part 1), Jennifer Reeder (1995, 8')

Reederrek asmaturiko White Trash Girl pertsonaiari buruzko trilogiaren lehen atala. The devil inside-k agerian jartzen du emakumezko superheroi honen istorio pertsonala.

 

 

 

 

  • Data: Ostirala, 2018ko Urtarrilak 12
  • Ordutegia: 19:00
  • Lekua: Zinema - 1 Aretoa
  • Sarrera: Sarrerarekin
  • Prezioa: 3.5
Sarrerak